2019/11/20ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN INKESTA. ENPRESAK. 2019
Gora egin du merkataritza elektronikoa egiten duten 10 langile edo gehiagoko enpresen kopuruak Euskal AEko hiru hiriburuetan 2018an
Enpresen erdiek baino gehixeagok kode irekiko programak erabiltzen dituzte, nahiz eta erabilera hori etengabe jaisten ari den 2015etik
2018an merkataritza elektronikoa egin zuten 10 langile edo gehiagoko enpresen kopurua guztizkoaren %29,5 izan zen Gasteizen, %33,5 Bilbon eta %35,2 Donostian 2018an, Eustatek egindako datuen arabera. 2015eko datuekin alderatuta, ehuneko horiek 0,4 puntu igo dira Bilbon, puntu bat Donostian eta 4 puntu Gasteizen.
Eskualdeka, 10 langile edo gehiago dituzten Euskal AEko enpresen %31,6k egin zuten erosketa edo salmentarik merkataritza elektronikoaren bidez. Portzentajerik handiena, Gorbeia Inguruak, %40,6; txikiena, Arratia-Nerbioi, %12,6. Arabako Gorbeia Inguruak eskualdeaz gain, zeina merkataritza elektronikoari dagokionez posizio nabarmenetan egon ohi den, Gipuzkoako Donostialdea (%37,1) eta Tolosaldea (%35,4) eta Bizkaiko Gernika-Bermeo (%34,8) eskualdeetako ehunekoak ere esanguratsuak dira.
IKT ekipamenduetan –Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak– 10 langile edo gehiago dituzten Euskal AEko enpresek ezarpen-maila handiak dituzte. Interneteko konexioaren kasua da, eskualde gehienetan %100etik oso hurbil dauden maiztasunekin, eta %99,2ko batezbestekoarekin denera (2015ean baino 1,4 puntu gehiago). Arabako Mendialdean izan ezik (%89,3), gainerako hemeretzi eskualdeetan eta hiru hiriburuetan Interneteko konexioa duten enpresak guztizkoaren %98 baino gehiago dira.
Era berean, %92,3k Web-orria dute, eta igoera nabarmena izan du horrek 2015eko datuekin alderatuta: ehuneko 5,8 puntu gehiago. Horien artean, nabarmentzekoak dira Arabako Ibarrak Araban (%96,8), Bilbo Handia Bizkaian (%95,0), Bilbo hiriburua (%94,9) eta Deba Beherea Gipuzkoan (%94,4).
10 langile edo gehiagoko enpresetan eta lurralde osoan presentzia handia duen beste ekipamendu bat sare informatikoak dira. Batez beste, %92,1ek dituzte, baina portzentajezko 2,3 puntu jaitsi da hori 2015etik. Kasu horretan, aipatu behar dira Bizkaiko Enkartazioak (%96,9) eta Arabako Ibarrak eta Arabako ere Gorbeia Inguruak (%96,3 eta %96, hurrenez hurren). Gipuzkoako eskualdeek ezarpen txikiagoa dute; batez beste, %91koa da lurralde osoan; Debagoiena da eskualde aipagarriena, %92,6rekin.
10 langile edo gehiagoko Euskal AEko enpresen %53,1ek kode irekiko programak darabiltzate. Bost eskualdek soilik gainditzen dute %60: bik Bizkaian, Gernika-Bermeok eta Enkartazioek (%70,5 eta %66,6, hurrenez hurren), eta hiruk Araban, Gorbeia Inguruek, Kantauri Arabarrak eta Arabako Ibarrek (%65,9 lehenengoan, %62,6 bigarrenean eta %60,9 hirugarrenean). Aipatu behar da adierazle horrek etengabe egin duela behera 2015etik aurrera, noiz eskuragarri dagoen seriearen maximoa markatu baitzuen, enpresen %81,7rekin, azken urtean baino ia ehuneko 30 puntu gehiago.
Interneterako sarbidea duten 10 langile edo gehiagoko enpresetan bilakaera positiboa eta ezarpen zabala duen azken adierazle bat da administrazio publikoekin izapideak elektronikoki egitea. Izan ere, 2019an mota horretako enpresen %96,3k egin zuten horrelakorik, 2015ean baino 3,2 puntu gehiago. Proportzio handiagoan daude honako eskualde hauetan: Markina-Ondarroan (%99,4) Bizkaian eta Debagoienean (%98,9) eta Bidasoa Beherean (%98,1) Gipuzkoan. Araban, berriz, hiru eskualdek dute %90 gainditzen: Arabako Lautadak, Gorbeia Inguruek eta Kantauri Arabarrak.
Enpresen erdiek euskara erabiltzen dute beren webgunean
Gure erkidegoan, Web-orria euskaraz dagoela egiaztatu da halakoa duten enpresen erdietan (%50,5). Euskarazko webgunea ohikoagoa da Gipuzkoako eskualdeetako enpresen artean, lurralde bat zeinetan zazpi eskualdeetatik seik %50 gainditzen baitute; eskualdeen ehunekoak %45,6 dira Bidasoa Beherean –txikiena– eta %74 Debagoienean –handiena–. Jarraian, Bizkaikoak daude (batez beste, %45,8), non lau eskualdek gainditzen baitute erkidegoaren maila: Gernika-Bermeok (%78,5), Markina-Ondarroak (%73,2), Enkartazioek (%66,1) eta Plentzia-Mungiak (%61,6). Araban (%44,6 batez beste), Arabako Mendialdea (%67,3) eta Kantauri Arabarra (%55,2) dira nabarmentzen.
Euskal AEko hiriburuen artean, IKT ekipamenduen ehunekoak oso antzekoak dira 10 langile edo gehiagoko enpresetan, baina Bilbo nabarmentzen da administrazioarekin izapide elektronikoak egitean eta Webgunea eta sare informatikoak edukitzean; Donostia, euskarazko Webgunearen eta merkataritza elektronikoaren adierazleetan; eta Gasteiz, hamar langile eta gehiagoko enpresetan Interneterako konexioarekin eta kode irekiko programak erabiltzean.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62