2019/12/10eko prentsa-oharra
BIZTANLEEN UDAL ESTATISTIKA. 2019
Atzerriko nazionalitatea duten pertsonak Euskal AEko biztanleria osoaren %7,6 ziren 2019ko urtarrilaren 1ean
Atzerrian jaiotako 60.000 egoiliar inguruk Espainiako nazionalitatea eskuratu dute edo jatorriz bazuten familia-zioengatik edo beste arrazoi batzuengatik
Euskal AEn bizi diren atzerritarrak 166.695 dira, hau da, biztanleria osoaren %7,6 2019ko urtarrilaren 1ean, Eustatek egindako datuen arabera. Ehuneko hori 6 hamarren handiagoa da 2018ko urtarrilaren 1ekoa baino. Ehunekoa pixka bat aldatzen da lurralde batetik bestera: Arabak du proportziorik handiena, %9,3 (2018an baino 6 hamarren gehiago); ondoren, Gipuzkoak, %7,8 (3 hamarren gehiago), eta, azkenik, Bizkaiak, %7,0 (6 hamarren gehiago).
Nazionalitateko kontinentea kontuan hartuz gero, Amerikako herrialdeetakoak atzerriko nazionalitatea duten pertsonen %37,5 dira; Espainian, berriz, %25 baino zertxobait gehiago. Talde horretan, Nikaragua, Kolonbia, Bolivia eta Paraguai dira ekarpen gehien egiten duten herrialdeak, atzerriko nazionalitatea duten pertsona guztien %19,7 eta amerikar nazionalitatea dutenen %52,5. Sexuaren arabera bereiziz gero, nazionalitate amerikarreko egoiliarren %62 emakumeak dira.
/
Aitzitik, Euskal AEn bizi diren Europako nazionalitateko pertsonak %25,5 dira, eta Espainian, berriz, %46,3. Talde horretan Errumania nabarmentzen da, atzerritarren guztizkoaren %11,5 baita, eta Europakoen %44,9, Espainian baino ehuneko 15 puntu gehiago. Bigarrenik, nahiz eta nahiko urrun egon, Portugal dago, Europako nazionalitatea duten pertsonen %15,1ekin Euskal AEn. Kolektibo horretan, bi sexuek antzeko pisua dute, baina gizonen ehunekoa zertxobait handiagoa da.
Afrikako herrialdeak %28,1 dira Euskal AEn, eta Espainian, berriz, %20. Horien erdiak Marokokoak dira (%51,4). Ondoren, Aljeria, Nigeria eta Senegal daude, %13rekin lehenengoa eta %10ekin azken biak. Lau nazionalitate horietarikoak dira afrikarren %84,5. Sexuaren araberako banaketa aztertuz gero, gizonak dira nagusi, guztizkoaren %60 baino gehiagorekin.
Azken tokian daude Asiako eta Ozeaniako nazionalitateren bat duten pertsonak, atzerriko egoiliarren %8,8. Aipatzekoa da bertan dauden ia herrialde bakarrak Txina eta Pakistan direla, taldearen %75,8.
Araban afrikarrak nabarmentzen dira, batez ere marokoarrak; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, amerikarrak dira nagusi
Araban, afrikar nazionalitatea duten pertsonek osatzen dute kolektibo handiena (%42), eta nazionalitate amerikarra duten egoiliarrak ez dira %28ra iristen, eta horien laurdenak kolonbiarrak dira. Errumaniar nazionalitatea duten pertsonak europarren ia %28 dira, eta Marokokoak, berriz, afrikarren ia erdiak (%48,1), eta horien atzetik Aljeriakoak eta Nigeriakoak daude. Pakistango nazionalitatea duten pertsonak Asiako egoiliarren %55,7ra iristen dira.
Bizkaian, nazionalitate amerikarra duten pertsonak dira talde handiena (%41,8), eta horien artean nabarmentzekoak dira Bolivia, Kolonbia, Nikaragua eta Paraguai, guztien artean %60 inguru. Errumaniar nazionalitatea duten pertsonen proportzioa, europarren artean, erdia baino handiagoa da (%58), afrikarren artean marokoarrekin (%48,4) eta Asiakoen artean txinatarrekin (%53,9) eta pakistandarrekin (%20,5) gertatzen den bezala.
Gipuzkoan ere, nazionalitate amerikarra duten pertsonak dira kolektibo nagusia, eta batez ere Hondurasko nazionalitatea dutenak nabarmentzen dira, Euskal AE osoan nazionalitate horretako egoiliarren %68 inguru baitira. Portugalgo nazionalitatea duten pertsonek beste Lurralde batzuen aldean presentzia handiagoa dute. Afrikako pertsonen proportzioa Euskal AEko txikiena da, marokoarrak gehienak (%59,2), eta horien atzetik daude Aljeriako eta Senegalgo nazionalitatea dutenak. Asiako pertsonen artean, Pakistango nazionalitatea dutenen presentzia erlatiboa Euskal AEko batez bestekoa baino handiagoa da.
Atzerrian jaiotako pertsonak 220.000 baino gehiago dira
2019ko urtarrilaren 1ean Euskal AEn atzerrian jaiotakoak 223.033 ziren, biztanle guztien %10,2. Horrek nahi du esan ezen gizatalde horretako 60.000 pertsona inguruk eskuratu dutela nazionalitate espainiarra edo jatorriz bazutela zio familiarrengatik edo bestelakoengatik.
Espainian zen proportzioa %13,9koa zen; beraz, puntu horretan, Euskal AE Gaztela-Mantxarekin eta Andaluziarekin lerrokatzen da, zeinetan atzerriko jatorriko biztanleak %10 inguru baitira.
57 udalerritan atzerrian jaiotakoen proportzioa handiagoa da Euskal AE osoan baino; 19 Arabakoak dira, eta horietatik 7k %13 gainditzen dute, eta erdiak Arabako Errioxan daude. Hori hala bada ere, ehuneko handienak dituzten bost udalerriak barreiatuak daude Euskal AEn: Mañueta (%19tik gora), Navaridas (%17,5), Ordizia (%17,4), Lantziego (%17,3) eta Berriatua (%17,3).
Beste muturrean, bost udalerritan ia ez dago atzerritarrik; denak Gipuzkoan daude: Orexa, Aduna, Mutiloa, Abaltzisketa eta Albiztur. Biztanle gutxiko udalerriak dira, zeren handienak, Adunak, 480 biztanle baititu soilik, eta atzerrian jaiotakoen proportzioa %2ren azpitik da.
Hiru hiriburuetan atzerrian jaiotako biztanleen ehunekoa handiagoa da Euskal AE osoan baino. Gasteizek du proportzio handiena, %13,5; Bilbok, %12,2, eta Donostiak, %11,3.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62