2019/12/18ko prentsa-oharra
EUSKAL ENPRESEN EGITURA ETA DEMOGRAFIA 2019/01/01
2019an Euskal AEko enpresen eta bertako langile okupatuen kopuruak gora egin du
Euskal AEn diharduten enpresen % 32k bost urte edo gutxiago ditu
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2019. urtearen hasieran, hainbat jarduera-sektoretako 157.358 enpresa zeuden; aurreko urtean baino 830 gehiago (% 0,5), Eustaten arabera. Enpresa horiek 174.771 establezimendutan (fabrikak, dendak, bulegoak…) burutzen zituzten euren jarduerak. Establezimendu horiek antzeko proportzioan hazi ziren (% 0,5). Establezimendu horiek honela banatuta daude: % 13,7 Araban, % 50,5 Bizkaian eta % 33,2 Gipuzkoan.
Laugarren urtez jarraian, establezimendu horietan enplegatutako langileen kopuruak gora egin zuen; % 2,4 azken urtean. Jarduera-sektoreen arabera, langileen kopuruak, besteak beste, sektore hauetan egin zuen gora: Informazioaren eta komunikazioen sektorean (% 5,8), Jarduera artistikoen eta beste zerbitzu batzuen sektorean (% 4,6) eta Higiezinen jardueren sektorean (% 4,5). Aldiz, enplegatutako pertsonen kopuruak honako sektore hauetan bakarrik egin zuen behera: Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza sektorean (% -1,7), eta Finantzen eta aseguruen jardueren sektorean (% -0,7).
Kopuruari dagokionez, establezimendurik gehien, Merkataritza, garraio eta ostalaritza sektoreak izan zituen, % 36,5; ondoren, Jarduera profesional eta lagungarriak (% 16,4) eta Eraikuntza (% 11,8) sektoreak azaltzen dira.
Establezimenduen tamainaren araberako banaketa, aurreko urtean bezalatsu izan zen. 2.470 establezimenduk —guztien % 1,4— baino ez dituzte batez beste 50 langile edo gehiago enplegatzen. Hala ere, oro har, enplegatutako pertsona guztien % 41i ematen zioten lana. Aldiz, 128.070 establezimendu —guztien ia hiru laurdenak— tamaina txikikoak (3 langile baino gutxiago) dira, eta bertan, enplegatutako pertsona guztien % 17,2k lan egiten du.
Establezimenduen jarduera-adar nagusien araberako batez besteko tamainaz, enplegu-kontzentraziorik handiena Industria, energia eta saneamenduaren sektorean erregistratu zen. Euskal Autonomia Erkidegoan, oro har, establezimenduko batez besteko tamaina 16 langilekoa da. Lurraldeen artean Araba nabarmentzen da (20,4 langile). Bizkaiak 14,1 eta Gipuzkoak 16 langile dituzte establezimendu bakoitzeko.
Sexuaren arabera, 2018an Euskal Autonomia Erkidegoan pertsona enplegatuen % 43,8 emakumeak ziren, aurreko urteko proportzioa baino pixka bat beherago (% 44,1). Sektore feminizatuenak hauek izan ziren: Jarduera sanitarioak eta Gizarte-zerbitzuak (% 76,9 emakumeak), Hezkuntza (% 67,7), Beste zerbitzu batzuk (% 62,5) eta Ostalaritza (% 54,9). Aldiz, ondorengo sektoreetan gizonak gehiago dira: Lehen sektorean (% 77,2 gizonak), Industrian (% 79,8) eta Eraikuntzan (% 89,6).
ENPRESAK
Enpresen (establezimenduen jardueraren euskarri diren unitate juridikoak) % 97,4k Euskal Autonomia Erkidegoan zuen egoitza; eta 4.091ek Estatuko beste leku batean. 79.454 enpresek, erdiak, Bizkaian zuten egoitza; 52.217k (% 33,1ek) Gipuzkoan; eta 21.596k (% 13,7k) Araban.
Enpresen batez besteko tamainak lehengoan dirau: 5,8 okupatu enpresako, 5,2 establezimendu bakoitzeko. Nortasun juridikoaren analisian, alabaina, badira alde nabarmenak. Nortasun juridikoaren titularra pertsona fisikoa denean, 1,4 enplegutara heldu ziren, bai enpresako, bai establezimenduko; gainerako forma juridikoetarako batez besteko horiek 12 eta 9,7 pertsonakoak dira, enpresa eta establezimendu bakoitzeko, hurrenez hurren.
ENPRESA DEMOGRAFIA
Enpresen antzinatasunari dagokienez, euskal enpresen artean enpresa berri samarrak aurkitzen ditugula azpimarratu behar dugu. Euskal Autonomia Erkidegoan ari ziren enpresen % 32k bost urte edo gutxiago zituen; eta bi urte edo gutxiagokoak % 15 ziren.
Txandakatzeari dagokionez, establezimenduen altak eta bajak kontuan hartuz, 2018an zehar 16.472 establezimenduk hasi eta 15.550ek eten egin zuten euren jarduera. Beraz, guztizko saldoa 922 establezimendu gehiagokoa izan zen. Irekitako establezimenduen tasa (sortutako establezimenduen eta stock-ean daudenen arteko zatidura) % 9,4koa izan zen eta itxitakoen tasa % 8,9koa. Ondorioz, hazkunde garbiko tasa positiboa izan zen (% 0,5), lehen aldiz azken 11 urteetan.
Txandakatze handiena Merkataritza, garraioa eta ostalaritza arloetan eman da (alta guztien % 25,7 eta baja guztien % 32,7); Jarduera profesional eta osagarrien arloan alten % 17,5 eta bajen % 17 eman da; eta Eraikuntza arloan alten % 17,2 eta bajen % 16,9.
Nortasun juridikoaren araberako demografia aztertzean, pertsona fisikoaren formularen bidez sortutako establezimenduetan gertatzen dena azpimarratu behar. Establezimendu horiek alten % 68,6 eta bajen % 71,8 eragin zuten.
Pertsona enplegatuei dagokienez, pertsona fisikoko forma juridikoa duten establezimenduek establezimendu berritan enplegatutako pertsonen % 43,1 hartu zuten eta desagertutako establezimendutan enplegatutako pertsonen % 47,9. Sozietate mugatuak ere nabarmentzen dira, alta emandako establezimendutan enplegatutako pertsonen % 31,7rekin eta baja emandako establezimenduen % 30,4rekin.
Establezimenduen tamainaren arabera, geruzarik dinamikoena 2 enplegu edo gutxiagokoa da, ohi bezala. Berak bakarrik alta guztien % 91,7 eta baja guztien % 91,6 erregistratzen ditu.
Beste aldean, establezimendu handien (50 langile edo gehiago dituztenak) geruzan establezimendu guztien alten zein bajen % 0,1 dira, besterik ez. Aldiz, establezimenduetako pertsona enplegatuen alta guztien % 8,4 eta baja guztien % 7,8 suposatzen dute.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62