2019/12/27ko prentsa-oharra
GIZA GARAPENAREN INDIZEA. 2018
Euskal AEk bi postu gora egin du GGIko herrialdeen sailkapenean 2018an
GGIaren arabera antolatutako 189 herrialdeetako 11. eta 12. herrialdeen artean dago
Euskal Autonomia Erkidegoa 2018an GGI Giza Garapenaren Indizean 0,92ko indizea zuten herrialdeen sailkapeneko 11. eta 12. postuen artean dago, Eustatek landutako datuen arabera. Eustatek Euskal Autonomia Erkidegoko GGIa 2010-2018 aldirako kalkulatu du, Nazio Batuen Garapenerako Programaren (NBGP) metodologia aplikatuta. Aurreko urtearekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoak indizearen posizioa (2 postu) eta balioa hobetu ditu, NBGPek eta Eustatek 2010-2018 aldirako egindako kalkulu berrian oinarrituta
NBGPk argitaratutako azken txostenak, 2018ko datuekin, 189 herrialdetako mundu-sailkapena ezartzen du, bizi-baldintzen arabera ordenatuta. Azterlanak GGI bat esleitzen dio bakoitzari (0tik 1era bitarteko eskalan), honako datu hauen arabera: jaiotzako bizi-itxaropena, eskola-adinean dauden haurrek espero dituzten eskolatze-urteak, 25 urte edo gehiagoko helduen batez besteko eskolatze-urteak eta per capita errenta nazional gordina.
Euskal gizartea planetako garatuenen artean kokatzen du GGIk, Norvegia, Suitza, Irlanda, Alemania, Hong Kong, Australia, Islandia, Suedia, Singapur, Herbehereak eta Danimarkaren atzetik. Espainia 25. postuan dago NBGParen txostenean, 0,893ko GGIarekin. Sailkapena Nigerrek ixten du, 0,377rekin.
2010-2018 aldian, Euskal Autonomia Erkidegoko GGIaren osagai guztiek hobera egin dute. Bizi-itxaropena 82,4 urtetik 83,6 urtera igaro da eta laugarren postuan dago, Hong Kongen (84,7) eta Japoniaren (84,5) atzetik eta Suitzaren (83,6) pare.
Gauza bera gertatzen da espero diren eskolatze-urteen adierazleari dagokionez: 18,1 urtetik 18,7 urtera igaro da, eta Autonomia Erkidegoa ere lehen postuetan jarri du (zehazki, bederatzigarrenean), Australiaren (22,1), Belgikaren (19,7), Finlandiaren (19,3), Islandiaren (19,2), Danimarkaren (19,1) eta Zeelanda Berriaren, Suediaren eta Irlandaren (18,8) atzetik.
Eskolatzearen batez besteko urteei dagokienez, adierazitako aldian gora egin arren (10,2 urtetik 11,1era), Euskal Autonomia Erkidegoa 50 herrialdek gainditzen dute, Alemania (14,1 urte, batez beste), Estatu Batuak eta Suitza (13,4) eta Kanada (13,3) buru direla.
Euskal Autonomia Erkidegoko per capita errenta nazional gordinak gora egin du 2010 eta 2018 artean, 43.207tik 47.633 dolar estatubatuarrera, erosteko ahalmenaren parekotasunari dagokionez neurtuta, Norvegiako 68.059 dolarretik eta Qatarko 110.489 dolarretik urrun (munduko pertsona bakoitzeko diru-sarrera handienak dituen herrialdea), baina Islandiaren (47.566) edo Alemaniaren (46.946) aurretik.
Konparazioa aurreko urtearekin (2017) egiten bada, GGIaren lau osagaietatik hiruk hobera egiten dute: bizi-itxaropena (hamarren bat, 83,5etik 83,6ra), eskolatzearen batez besteko urteak (hamarren bat, 11,0tik 11,1era) eta errenta nazional gordina (46.248tik 47.633ra). Aitzitik, espero diren eskolatze-urteak 18,8tik 18,7ra igaro dira, aldea 5 ehuneneko baino ez bada ere.
Giza garapenaren indizea. Egiturako adierazleak
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62