2019/11/22ko prentsa-oharra
IKERKETA ZIENTIFIKOKO ETA GARAPEN TEKNOLOGIKOKO JARDUEREI BURUZKO ESTATISTIKA-I+G. 2018
Euskal AEko I+Gko gastua maximo historikora iritsi da 2018an, 1.423,4 milioi euro
I+Gn dedikazio osoa duten ia 20.000 pertsona zenbatu ziren 2018an, aurreko urtean baino %3,8 gehiago
2018. urtean 1.423,4 milioi euro erabili ziren Euskal AEko Ikerketa Zientifikoko eta Garapen Teknologikoko (barneko I+G) jardueretan, aurreko urtean baino %4,4 gehiago, eta erregistratutako serie historikoaren kopururik handiena, Eustatek egindako datuen arabera. 2016an hasitako hazkundeen finkapenaren hirugarren urtea da hau.
Enplegatuak 19.274 izan ziren Dedikazio Osoko Baliokidetzan (DOB), aurreko urtean baino %3,8 gehiago; ikertzaileak, berriz, 13.165 pertsona Dedikazio Osoko Baliokidetzan (DOB), %4,4 gehiago. Gastuarekin gertatzen den bezala, I+Gko langile enplegatuek eta ikertzaileek maximo historikoak lortzen dituzte.
BPGri dagokionez, Euskal AEko barneko I+Gko gastua %1,85era iritsi da 2018an, aurreko urteko ehuneko bera. 28ko Europar Batasunaren (EB-28) testuinguruan, eta eskuragarri dauden azken datuak kontuan hartuta (2017), Euskal AE bederatzigarren postuan dago, Herbehereak (%1,99) edo Eslovenia (%1,86) bezalako herrialdeetatik hurbil, nahiz eta Suediatik (%3,4) edo Austriatik (%3,16) urrun egon. Espainian adierazle hori %1,21ekoa izan zen, eta %2,06koa EB-28 osoan, 2017. urteari dagokionez hori dena.
Lurraldeen xehetasunetara jaitsiz, ikusten da ezen Euskal AEn barneko I+Gko gastu osoaren %45,8 Bizkaian egiten dela, %42,5 Gipuzkoan eta %11,7 Araban. Hala ere, adierazi behar da ezen gastu hori Gipuzkoako BPGren %2,37 dela, %1,68 Bizkaian eta %1,35 Araban.
Euskal AEn eginiko barneko I+Gko gastuaren %75,9 enpresetan egikaritu zen
Barneko I+Gko gastua gauzatzeko sektoreari dagokionez, gehiena, %75,9 (1.079,8 milioi euro), Enpresek egin zuten; %17,4 (247,1 milioi), berriz, Goi-mailako Irakaskuntzak egin zuen; eta gainerako %6,8a (96,5 milioi), Administrazioaren menpeko hainbat Erakundek. Barneko I+Gko gastua gauzatzeko banaketa sektorial hori nahiko egonkor mantendu da azken urteotan.
Aurreko urtearekin alderatuta, hiru sektoreetako bik (Enpresak eta Goi-mailako Irakaskuntza) barneko I+Gko gastua %5,5 eta %4,2 handitu dute, hurrenez hurren. Hala ere, Administrazio Publikoaren kasuan %6,2 jaitsi da, neurri handi batean kapital-gastuak murriztu egin direlako; izan ere, 2017an 19,5 milioi euro izatetik iaz 7,1 milioi izatera iragan dira.
Barneko I+Gko gastuaren finantzaketaren ikuspegitik, aurreko urteetako ehunekoak mantendu dira neurri handi batean. Enpresek egindako finantzaketak 772 milioi euro bideratu zituen ikerkuntzara, 2017an baino %3,5 gehiago, eta finantzaketa osoaren %54,2 da, lehen iturri gisa mantenduz.
Finantzaketa publikoa, 471 milioirekin eta %3,7ko gehikuntzarekin, I+Gko gastu osoaren %33,1 izan zen. Administrazio autonomoaren ekarpena da nagusi (377,2 milioi), aurreko urtean baino %4,3 gehiago, eta 2018an administrazio publikoak finantzatutako guztizkoaren %80,1 da (2010ean %62,9 izan zen). Bestalde, administrazio zentralak (69,3 milioi) bere finantzaketa %7,2 murriztu du aurten, eta finantzatutako guztizkoaren %14,2ra mugatu du bere partaidetza; aldundiek eta tokiko administrazioek (24,5 milioi), berriz, %5,2ko partaidetza izan dute, baina %36,9 igo da aurreko urtearekin alderatuta.
Dedikazio osoko enplegatuak 19.274 izan ziren, eta egikaritze-sektoreka honako hauek izan ziren: Enpresetan, 13.678 pertsona (guztien %71); Goi-mailako Irakaskuntzan, 4.288 (%22,2); eta Administrazio Publikoan, 1.309 (%6,8). Nabarmentzekoa da ikertzaileen gorakada, %4,4; langile guztiak kontuan hartuta, %3,8koa da hazkundea.
I+Gko langileen %35,9 emakumeak ziren 2018an, 2010ean baino ehuneko 2,5 puntu gehiago
Dedikazio osoko I+Gko langileen %35,9 emakumeak ziren; aurreko urtearekiko aldakuntza ia ez da esanguratsua, hamarren bat gehiago langile guztiekiko pisuan, baina 2010. urtearekin alderatuta igoera ehuneko 2,5 puntukoa da, eta 2005. urtearekin alderatuta 4,1 puntukoa.
I+G gauzatzeko sektorea kontuan hartuz, Enpresen eta Goi-mailako Irakaskuntzaren sektoreetan dago emakumeen presentzia kuantitatiboki nabarmenena, 4.108 eta 2.110 emakume, hurrenez hurren; hala ere, termino erlatiboetan, Administrazio Publikoak %53,9 biltzen ditu (706 emakume) eta, aldiz, Goi-mailako Irakaskuntzak %49,2 eta Enpresek %30.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62