2020/03/02ko prentsa-oharra
Ezkontzak % 9,3 gutxitu dira 2019ko hirugarren hiruhilekoan
Bost ezkontzetatik 4 baino gehiago ezkontza zibilak izan ziren
Euskal AEn 2.470 ezkontza izan ziren 2019ko uztailean, abuztuan eta irailean, eta aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta % 9,3 gutxitu ziren, Eustaten behin-behineko datuen arabera. Ezkontza guztietatik 63 sexu berekoen arteko ezkontzak izan ziren –27 gizonen artean eta 36 emakumeen artean–, eta gainerako 2.407 ezkontzak heterosexualak izan ziren.
2019ko hirugarren hiruhilekoan ezkontza zibilak % 80,6ra iritsi ziren. Ehuneko hori 2018ko bigarren hiruhilekoan baino 3,3 puntu handiagoa da, baina 2019ko bigarren hiruhilekokoa baino txikiagoa, kasu hartan % 85,5era iritsi baitziren. Ehuneko hori ezkontza heterosexualei bakarrik dagokie, eta 2,6 puntu gehitu beharko genituzke, ezkontza homosexual guztiak zibilak direnez.
2019ko hirugarren hiruhilekoko 2.470 ezkontzetan, bizilekua Euskal AEn duten 2.324 gizon eta 2.357 emakume ezkondu ziren. 1.991 senarrentzat (% 85,7) horixe izan zen lehen ezkontza; 16 alargun eta 317 dibortziatu berriro ezkondu ziren. Emakumeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonena baino handiagoa izan zen: ezkongabeak 2.062 (% 87,5) izan ziren, eta alargunak 11 eta dibortziatuak 284.
Senarren % 89k eta emazteen % 79k 30 urte edo gehiago zituzten
Ezkontideen adinari dagokionez, senarren % 89,4k eta emazteen % 78,9k 30 urte edo gehiago zituzten. Aurreko urteko aldi berean, ehuneko hori txikiagoa izan zen gizonen kasuan (% 88,2) eta handiagoa emakumeenean (% 79,2).
2019ko udako hilabeteetan izandako ezkontzetako ezkontideen nazionalitateari dagokionez, gizonen % 8,5 eta emakumeen % 12,6 atzerritarrak ziren. 2018ko aldi berean ehuneko horiek % 6,9koa eta % 9,9koa izan ziren, hurrenez hurren.
Ezkontza gehien uztailean izan ziren (1.000), eta atzetik irailak jarraitzen dio (997). Abuztua izan zen berriz ere ezkontza gutxien izan zituen udako hilabetea (473).
Lurralde historikoa kontuan hartuta, 368 bikotek Araban ezarri zuten bizilekua, 843k Gipuzkoan eta 1.142 bikotek Bizkaian. Bizilekua Euskal AEtik kanpora ezarri zuten bikoteak 117 izan ziren.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62