2020/02/27ko prentsa-oharra
OSPITALEKO ERIKORTASUNAREN ESTATISTIKA. OSPITALEAK GUZTIRA. 2018
248.580 ospitalizazio erregistratu ziren 2018an Euskal AEn, % 1,3 gehiago
Ospitalizazioen % 50 65 urte edo gehiagoko pertsonei dagozkie
Euskal AEko ospitaleetan 248.580 ospitalizazio erregistratu ziren 2018an, asistentzia-helburua edozein zela ere (aurreko urtean baino % 1,3 gehiago), Eustatek landutako datuen arabera; hau da, Estatu osoaren % 5,1. Akutuen ospitaleak, egonaldi luze eta ertainekoak eta psikiatrikoak jasotzen dira zifra horretan. Bestalde, ospitalearen titulartasunari dagokionez, nabarmentzekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan ospitalizazioen proportzio handiagoa dagoela ospitale publikoetan (% 83) Espainian baino (% 73).
Ospitalizazioen asistentzia-helburuaren arabera, ospitalizazioen % 94,8 akutuen ospitaleetan egin ziren (235.634 ospitalizazio), % 4,1 egonaldi ertain eta luzeko ospitaleetan (10.184 ospitalizazio) eta % 1,1 psikiatrikoetan (2.762).
Ospitalizatutako gizonen proportzioa (% 50,5) emakumezkoenaren (% 49,5) antzekoa izan zen. Estatuan, berriz, emakumeak nagusitu ziren (% 52,1). 65 urteko edo gehiagoko pertsonek gehiago erabili zituzten ospitaleak: ospitalizazioen erdiak (% 50,4); Estatuan, berriz, % 45,9.
Ospitalizatzeko arrazoi nagusiak, Estatu osoan bezala, arnasketako, zirkulazioko eta digestioko gaixotasunak izan ziren. Gaixotasun horiek ospitalizazioen % 38,8 hartu zuten (% 37,9 Espainian). Hala ere, 2017an ez bezala, arnasketako gaixotasunak zirkulaziokoen eta digestiokoen aurretik jarri ziren, eta, ondorioz, ospitalizatzeko arrazoi nagusia izan ziren Euskal AEn eta Espainian (% 13,2 eta % 13, hurrenez hurren). Bestalde, haurdunaldiaren, erditzearen eta erdiberriaroaren taldea zazpigarrena zen Euskal AEn (ospitalizazioen % 7), eta Espainian seigarrena izan zen (% 8,7), aparatu muskuloeskeletikoari eragiten dioten gaixotasunen aurretik.
Aipatutako hiru gaixotasun taldeak emakumeen ospitalizazioen % 33,8 eta gizonenen % 43,7 izan ziren; Estatuan, berriz, % 32,2 eta % 44,1, hurrenez hurren.
Asistentzia-helburua kontuan hartuta, egonaldi ertain eta luzeko ospitaleek eta psikiatrikoek (ospitalizazioen % 5,2) eredu desberdina dute akutuen ospitaleekin alderatuta, bai tratatutako patologiengatik, bai ospitaleko egonaldiaren iraupenagatik.
Egonaldi ertain eta luzeko ospitaleetan, ospitalizazioen % 45,5 arnas aparatuko gaixotasunei (% 27,5) edo zirkulazio-aparatuko gaixotasunei (% 18) zegozkien, eta batez besteko egonaldia 20 egunekoa izan zen. Ospitale psikiatrikoen kasuan, artapenen % 93 nahasmendu mentalei eta portaera-nahasmenduei zegozkien. Horien artean, eskizofrenia izan zen ospitalizatzeko arrazoi nagusia.
Ohar metodologikoa
Eragiketa estatistiko hau Estatistikako Institutu Nazionalarekin (INE) elkarlanean egin da.
Nazioarteko estatistikekin alderatu ahal izateko, ospitalizazio modalitatean 1 eguneko edo gehiagoko egonaldia duten gertakariak soilik hartzen dira kontuan; hau da, ez dira zenbatzen 0 eguneko egonaldia dutenak. Egonaldiaren iraupena honela kalkulatzen da: ospitalizazio-dataren eta alta-dataren artean igarotako egunen kopurua, ospitalizazio- edo alta-orduak kontuan hartu gabe.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62