2020/01/24ko prentsa-oharra
HIRUHILEROKO KONTU EKONOMIKOAK. AURRERAPENA. IV/2019
Euskal AEko BPG % 2,2ko urteko batez besteko tasan igo zen 2019an
Enpleguaren hazkundea % 1,6koa izan da 2019an
2019ko BPGren balantzea % 2,2ko batez besteko hazkundearekin itxi da, 2018koarekin alderatuta, Eustatek Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenean egindako kalkuluen arabera. 2019ko enplegua, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan, % 1,6 hazi zen aurreko urtearekin alderatuta, eta urtean zehar 15 mila lanpostu baino gehiago sortu dira.
2019ko laugarren hiruhilekoan, BPG % 2,2 hazi da urte arteko kopuruetan (2018ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta), urtaroen eta egutegiaren eraginak kendu ondoren. Hazkunde hori 2019ko hirugarren hiruhilekokoa baino hamarren bat handiagoa da.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, BPG zuzenduaren eta desestazionalizatuaren aldakuntza-tasa urteko laugarren hiruhilekoan % 0,4koa izan da, aurreko hiruhilekoan zenbatetsitako hazkundea baino hamarren bat txikiagoa.
Eskaintzaren aldetik, 2019ko azken hiruhilekoko urte arteko eta hiruhileko arteko hazkundea industrian ikusitako hobekuntzaren eta zerbitzuen sektore osoaren portaera onaren ondorio da batez ere.
Enplegua, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostu gisa neurtuta, % 1,3 igo da aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, aurreko hiruhilekoan izandako hazkundea baino hiru hamarren gutxiago. Hiruhileko arteko hazkunde zuzendua eta desestazionalizatua % 0,1ekoa dela zenbatetsi da, aurreko hiruhilekorako kalkulatutakoa baino hiru hamarren txikiagoa ere bai.
Datorren martxoaren 6an, Eustatek argitaratuko ditu 2019ko laugarren hiruhilekoko Hiruhileroko Kontuetan BPGren eta Enpleguaren zenbatespen bereiziak, Aurrerapena egiteko unean eskuragarri ez zegoen informazio koiunturala sartu ondoren.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62