2020/01/31ko prentsa-oharra
IRAKASKUNTZA PRIBATUAREN GASTU ETA FINANTZAKETAREN ESTATISTIKA. 2018
Ikastetxe pribatuetako guztizko gastua % 11,7 gehitu zen 2015-2018 aldian Euskal AEn
Administrazio Publikoak ikastetxe pribatuen diru-sarrera arrunten % 62 lagundu zituen
Euskal AEko irakaskuntza pribatuko sarea 220.000 ikasleri baino gehiagori zerbitzuak eskaintzen dizkieten 472 ikastetxek osatzen dute, eta 2018. urtean 1.175 milioi euroko gastua izan zuen, hau da, BPGren % 1,5 eta 2015aren aldean % 11,7ko igoera, Eustatek landutako datuen arabera. Hazkunde hori % 3,7koa da urteko tasa metatuan.
2018ko ekitaldian, gastu arrunta 1.086 milioi eurokoa izan zen (% 7ko igoera 2015 eta 2018 artean), eta urteko batez besteko tasa metagarria % 2,3koa izan zen. Gastu hori guztizkoaren % 92,4 izan zen, eta langileentzako erabili zen gehienbat (% 73). Bestalde, inbertsioa, 89 milioi eurokoa izan zena, nabarmen handitu zen (% 24), aurreko aldian gertatu zen beheranzko joera aldatuz.
Funtzioen araberako gastu arruntaren barruan, azpimarratzekoa da irakaskuntza-funtzioa, 972 milioi euroko gastuarekin % 8 handitu baitzen azken hirurtekoan (% 2,6 urtean); aldiz, zerbitzu osagarrien gastua, 94 milioirekin, pixka bat murriztu zen (-% 0,05).
Zentro-motari erreparatuz gero, unibertsitatearen aurreko mailetako zentroak izan ziren sektoreko gastu osoaren zatirik handiena bildu zutenak (% 86); unibertsitate-mailako ikastetxeak, berriz, gastuaren % 12 izan ziren, eta arte-irakaskuntzakoak, berriz, % 2.
2017-2018 ikasturtean, unitate bakoitzeko irakaskuntza-gastua gehiago handitu da ikasle bakoitzeko gastua baino
2015 eta 2018 artean, ikasle bakoitzeko irakaskuntza-gastua % 3 hazi zen berriro, 2009 eta 2015 artean ikusitako beheranzko joera hautsiz. Bestalde, unitate bakoitzeko gastua ere hazi egin zen aztertutako aldian, % 5,8 guztira. Urtero, ikasle bakoitzeko gastua ia % 1 hazi zen urteko batez besteko tasa metatuan, eta % 1,9 unitate bakoitzeko gastua.
Bestalde, eskola-unitateko edo taldeko irakaskuntza-kostuak (1), irakaskuntza-mailaren arabera, 74.108 € eta 90.019 € izan ziren, hurrenez hurren, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako mailetan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) 115.898 € izan ziren, Lanbide Heziketan (LH) 98.281 € eta Batxilergoan 137.609 €. Helduen Irakaskuntzan (HI) unitateko gastua 29.673 € izan ziren.
Ikasle bakoitzeko irakaskuntza-kostuak 4.034 € izan ziren Haur Hezkuntzan, 4.124 € Lehen Hezkuntzan, 5.268 € Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 5.163 € Batxilergoan, 5.013 € Lanbide Heziketan eta 1.286 € Helduen Irakaskuntzan (HI). Gainera, Unibertsitatean, ikasle bakoitzeko gastua 5.429 €-koa izan zen, eta Arte Irakaskuntzetan, 1.506 €-koa.
Diru-sarrerei dagokienez, zentro pribatuen diru-sarrera osoa 1.149 milioi eurokoa izan zen, zeinetatik % 99,6 diru-sarrera arruntak izan baitziren, eta gainerako % 0,4a kapital-sarrerak. Diru-laguntza publikoak dira (% 62) diru-sarrera arruntaren iturri nagusia, aurreko ikasturteetako proportzioari eutsiz; ondoren, kuotak daude (diru-sarreren % 34), eta horien barruan irakaskuntzakoak (% 22) eta zerbitzu osagarrietakoak (% 9,3).
Guztira, kuotengatiko diru-sarrerak 389 milioi eurokoak izan ziren, zeinetatik irakaskuntzako kuotak guztizkoaren % 65,6 baitira, jantokikoak % 19, garraiokoak % 5,6, eta jarduera osagarriei dagozkienak familien ordainketaren % 7; gainerakoa beste zerbitzu batzuengatiko kuotei dagokie.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62