2020/04/17ko prentsa-oharra
Biztanleen udal estatistika. 2019/01/01
263.000 pertsona bakarrik bizi dira Euskal AEn, eta % 43k 64 urte baino gehiago dituzte
Ia 28.000 pertsona bakarrik bizi dira 85 urte eta gehiagorekin, eta gehienak (% 81,2) emakumeak dira
Euskal AEn bakarrik bizi diren pertsonak 263.001 dira 2019ko urtarrilaren 1ean, biztanleriaren % 12, eta, neurri handi batean, adinekoak dira, Eustaten datuen arabera. Adinak ezaugarritzen ditu, neurri handi batean, Euskal AEn bakarrik bizi diren biztanleak: % 42,8 65 urte eta gehiagoko pertsonak dira, 112.531 pertsona. Biztanleria osoari dagokionez, adin-talde hori guztizkoaren % 22,2 da. 85 urte eta gehiagoko biztanleak kontuan hartzen baditugu, ikusten da 27.956 pertsona bizi direla egoera horretan, bakardadean bizi diren pertsona guztien % 10,6.
Fenomeno horrek azken 18 urteetan izan duen bilakaerak hazkunde handia islatzen du. 2001ean, bakarrik bizi ziren pertsonak 144.143 ziren, biztanleria osoaren % 7, gaur egun baino portzentajezko 5 puntu gutxiago. Aldi horretan, bakarrik bizi diren pertsonen kopuruaren hazkunde-erritmoa urteko % 3,4koa izan da (metatutako batez besteko tasa). 65 urte eta gehiagoko pertsonen kasuan, 2001ean bakarrik bizi ziren adinekoen proportzioa zertxobait handiagoa zen arren (% 44,3), guztizkoa 2019koa baino % 76 txikiagoa zen, ia 50.000 pertsona gutxiago. Gainera, 85 urte eta gehiagoko biztanleria hiru aldiz handitu da: 2001ean 9.351 pertsona bizi ziren bakarrik, eta 2019an 27.956.
Bakarrik bizi diren adineko pertsonen ia lautik hiru emakumeak dira, zehazki % 73,5; adin-talde horretako biztanleria osoaren artean, berriz, emakumeak % 57,6 dira. 84 urtetik gorako adin-taldean iristen da nagusitasun hori maila gorenera, eta adin horietan bakarrik bizi diren pertsona guztien % 81,2 dira emakumeak, ia 23.000 emakume.
Zenbaki absolutuetan, bakarrik bizi diren 64 urte eta gehiagoko biztanleen % 40 Euskal AEko hiru hiriburuetan bizi dira, eta ehuneko hori % 41,6koa da 85 urte eta gehiagoko pertsonen kasuan.
Lurraldeka, oro har, bilakaera antzekoa izan da, intentsitatea desberdina izan den arren.
Araban bikoiztu egin da 2001etik bakarrik bizi den biztanleria, eta, beste bi lurraldeekin alderatuta, gazteagoa da
Araban bikoiztu baino gehiago egin da 18 urte hauetan bakarrik bizi den populazioa, zehazki % 106tan hazi da, eta 42.908 pertsona izatera iritsi da, biztanleria gazteagoa izateaz gain Euskal AE osoarekin alderatuta: % 38 64 urtetik gorakoak dira, 16.297, eta % 8,9 85 urte eta gehiagokoak, 3.812 pertsona, bi kasuotan Erkidegoko batezbestekoaren azpitik. Bakarrik bizi diren biztanle gazteago horiez gain, Araban emakumeen ehunekoa Erkidegoko batezbestekoa baino txikiagoa da (% 69,7); izan ere, adinean aurrera egin ahala, emakumeen proportzioa handiagoa da.
Arabako bi udalerri nabarmentzen dira, hala ere, bakarrik bizi diren biztanleak Euskal AE osoko zaharrenak direlako, termino erlatibotan: Iekora, non bakarrik bizi diren pertsonen % 62,1ek 65 urte eta gehiago baitituzte eta % 24,1ek 84 urte baino gehiago, eta Moreda Araba, % 59,3rekin eta % 22,2rekin, hurrenez hurren. Beste muturrean, Zalduondon bakarrik bizi diren pertsonen % 22,2k soilik dituzte 64 urte baino gehiago, eta Iruña Okan % 22,9k.
Zenbaki absolutuetan, bakarrik bizi diren 64 urtetik gorako pertsonen % 77,6 Arabako hiriburuan bizi dira, eta 84 urtetik gorakoak puntu erdi gehiago dira (% 78,4). Portzentaje horiek hiriburuan biltzen den Arabako biztanleriaren ehunekoa baino zertxobait handiagoak dira (hiru puntu eta hiru puntu eta erdi). Bakarrik bizi diren gasteiztar guztien artean, adinekoak % 37,9 dira.
Bakarrik bizi diren biztanle zaharrenak dituzten Bizkaiko udalerrien artean, Getxo, Portugalete, Basauri eta Sestao nabarmentzen dira
Bizkaian, bakarrik bizi den biztanleria % 70 hazi da 2001 eta 2019 artean, eta 131.456 pertsona izatera iritsi da, hau da, Euskal AEko biztanle guztien % 51,1. Pertsona horien % 43,8k 64 urte baino gehiago dituzte (58.934), Autonomia Erkidego osoan direna baino puntu bat gehiago, eta % 11,3k 84 urte baino gehiago dituzte, 15.133. Osaera horren ondorioz, Bizkaian emakumeen proportzioa beste bi lurraldeetan baino handiagoa da: bakarrik bizi diren 64 urtetik gorako pertsonen % 75 emakumeak dira, eta % 81,4 85 urte eta gehiago dituztenen kasuan.
Araban eta Gipuzkoan ez bezala, tamaina handitakoak dira lurralde horretako udalerriak zeinak nabarmentzen baitira bakarrik bizi diren biztanle zaharrenak edukitzeagatik: Portugalete eta Getxo, 64 urte eta gehiagoko pertsonen % 50,8 eta % 50,7rekin bakarrik bizi direnen guztizkoaren gainean, ehuneko zazpi puntu lurraldeko batezbestekoaren gainetik. 84 urtetik gorakoetan, ordea, lurraldeko batezbestekotik gertu daude (% 11,3): % 14,4 Portugaleten eta are pixka bat beherago Getxon, % 11,0. Aitzitik, Ereño eta Murueta dira udalerriak non bakarrik bizi diren biztanleak diren lurraldeko gazteenak, 64 urtetik gorakoen % 21 baino ez biotan.
Zenbaki absolutuetan, Bilbon bizi dira Bizkaian bakarrik bizi diren 64 urtetik gorako pertsonen % 35,9 eta 85 urte eta gehiagokoen % 38,5. Bilbon bakarrik bizi direnen artean, 65 urtetik gorakoak % 45,2 dira.
Lurraldean bakarrik bizi den 64 urtetik gorako biztanleriaren % 30 baino ez dago Donostian, beste bi hiriburuen azpitik
Gipuzkoan Bizkaian baino gehiago hazi da bakarrik bizi den biztanleria, baina Arabaren azpitik 2001 eta 2019 artean, %82, 85.637 pertsonara iritsi arte. Horietatik, % 43,6k (37.300) 64 urte eta gehiago dituzte, Autonomia Erkidegoko batezbestekoa baino zortzi hamarren gehiago. Gipuzkoan bakarrik bizi direnen % 10,5ek, 9.011 pertsonak, 84 urte baino gehiago dituzte, Euskal AEko batezbestekoaren antzeko ehunekoa. Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako emakumeen proportzioa % 72,9koa da adin horretan, eta % 82koa 84 urtetik gorakoen kasuan.
Gipuzkoan, udalerri mailan, Arabako patroia errepikatzen da bakarrik bizi diren biztanle zaharrenak dituzten udalerrien tamainari dagokionez. Rankingean Ikaztegieta (% 56,5) eta Baliarrain (% 53,8) daude, non biotan % 50 baino gehiago baitira bakarrik bizi diren 64 urte eta gehiagokoak, baina batezbestekoaren azpitik daude 84 urtetik gorakoen kasuan (% 8,7 eta % 7,7, hurrenez hurren). Altzo da udalerria, % 20,8rekin, bai lurraldean bai Euskal AE osoan, zeinek duen 64 urte eta gehiagoko biztanleriaren ratio baxuena.
Gipuzkoan bakarrik bizi diren 64 urtetik gorako pertsonen % 30,5 eta 84 urtetik gorakoen % 31,3 baino ez dira biltzen Donostian. Termino erlatiboetan, 65 urte eta gehiagoko pertsonak bakarrik bizi diren donostiarren % 46,2 dira.
Datu gehiago hurrengo tauletan:
Bakarrik bizi diren adineko pertsonak, Euskal AEn bakarrik bizi diren pertsona guztiekiko, udalerrien arabera (%). 2019/01/01
Bakarrik bizi diren Euskal AEko biztanleak, adinaren eta sexuaren arabera. 2019/01/01
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62