2020/03/12ko prentsa-oharra
UDAL BPG. 2017
Euskal AEn biztanle bakoitzeko BPG handiena duten hamar udalerrietatik zortzitan industria-jarduerak dira nagusi
Euskal AEko hiru hiriburuetan, ordea, zerbitzuak dira aberastasun gehien sortzen dutenak
Euskal AEn biztanle bakoitzeko BPG handiena duten 10 udalerrien artean, zortzi udalerritan industria-sektorea da nagusi, Eustatek argitaratutako datuen arabera, eta bereziki garrantzitsua da Olaberria, Ajangiz, Etxeberria, Izurtza edo Arama bezalako udalerrietan, horietan guztietan jarduera globalaren % 79,0 gainditzen baitu.
Zamudio, Olaberria eta Ajangiz dira biztanleko BPG handiena duten Euskal AEko udalerriak
Zamudioko udalerriko enpresek, Bizkaian, Euskal AEko biztanle bakoitzeko Barne Produktu Gordin handiena sortzen dute aurten ere. Bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, Olaberria (Gipuzkoa) eta Ajangiz (Bizkaia) daude. Araban Berantevilla da BPG handiena duen udalerria biztanleko, Euskal AEn seigarren.
Olaberriaren kasuan, udalerrian pisu gehien duten jarduera industrialeko sektoreak Siderurgia eta Erabilera orokorreko makineria dira. Ajangizen, aldiz, Plastikozko Produktuak dira nagusi. Zierbenan, biztanleko BPGri doakionez bosgarren postuan dagoena, jarduera-sektore nagusia Energia Elektrikoa da.
Zamudio eta Aduna udalerriek, ordea, banaketa orekatuagoa erakusten dute industria-sektorearen eta zerbitzuen sektorearen artean. Zamudion hori gertatzen da, funtsean, batetik Ingeniaritza Zerbitzuen enpresengatik eta, industriaren partetik, aeronautikari loturikoarengatik, Parke Teknologikoan. Adunan, bestalde, zerbitzuen sektorearen barruan, Handizkako Merkataritza nabarmentzen da, eta industriari dagokionez, berriz, Industria ez-metalikoa.
Loiun, aldiz, zerbitzuek dute pisurik handiena, aireportu-jarduerari itsatsitako zerbitzuei esker.
Euskal AEko hiru hiriburuetan zerbitzu-jarduerak dira nagusi, oro har hiru Lurralde Historikoetan bezala
Hiriburuei dagokienez, Donostiak erakusten du 2017an Euskal AEko biztanleko BPGrekiko posizio erlatibo altuena, 121eko indizearekin; hau da, biztanleko bere BPG Euskal AEko batezbestekoa baino % 21,0 handiagoa da. Gasteizek 104ko indizea du, eta Bilbo Euskal AEko batezbestekoaren gainetik da apur batez, 102ko indizearekin.
Bai Bilbon bai Donostian, BPGren % 90,0 inguru zerbitzuen sektorean sortzen da, besteak beste, Higiezin Jardueren eta Ostalaritzaren sektorean. Ezberdina da hori Gasteizekin alderatuta, non ehuneko hori % 67,5ekoa baita, industria-sektorearen ekarpen nabarmenaren ondorioz (% 27,3), batez ere Automobilgintzan eta Kautxuzko Produktuetan oinarrituta. Industriaren sektoreak, nolanahi den, pisu oso txikia du bai Donostian (% 4,8), bai Bilbon (% 4,9).
Balio Erantsi Gordinaren (BEG) guztizko bilakaerari dagokionez, 2017an hiru hiriburuek aldakuntza positiboa izan dute aurreko urtearekin alderatuta, eta Bilbo izan da urte arteko hazkunde-tasa handiena izan duena (% 4,5); ondoren, Donostia (% 4,3) eta Gasteiz (% 3,0). Sektoreka, Zerbitzuek ekartzen diote gehien hazkundeari hiru hiriburuetan. Gorakada, batez ere, Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioko jardueren hazkundean oinarritzen da.
Biztanle bakoitzeko BPGren balio handienak dituzten hiru eskualdeak Araban daude
Eskualdeka, Arabako lurraldean daude biztanle bakoitzeko BPGren balio handienak ematen dituzten hiru eskualdeak, eta Arabako Errioxa da indize handiena duena (194) Euskal AEko batezbestekoarekin alderatuta (100). Eskualde horren barruan, Laguardia (386), Villabuena de Álava/Eskuernaga (326) eta Samaniego (233) udalerriak dira indize handienak dituztenak, eta, horietan guztietan, indizearen balio handia ardogintzaren sektoreari lotutako industria-jardueratik dator.
Arabako Ibarrekin (156) eta Gorbeialdearekin (137) osatzen dira lehen hiru tokiok. Laugarren, bosgarren eta seigarren daude, hurrenez hurren, Bizkaiko Durangaldea (118), Gipuzkoako Debagoiena (112) eta Arabako Mendialdea (109).
Arabako Errioxan bezala, Arabako Ibarrak, Gorbeialdea eta Goierri eskualdeetan BEGren % 53 baino gehiago industria-jardueretan oinarritzen da.
Gainerako eskualdeetan, ordea, zerbitzu-jarduerak dira nagusi, batez ere Bilboaldea (% 78,9), Donostialdea (% 78,0), Bidasoa (% 75,8) eta Enkartazioak (% 71,9) bezalako eskualdeetan, guztiak ere Euskal AEko batezbestekoaren gainetik (% 69,1).
Ohar metodologikoa:
Datuak hobeki interpretatzeko, Udal BPG eta Udal-errenta bereizi behar dira; BPG ekoizpenari, aberastasunaren sorrerari lotuta doa, eta ekoizpen-establezimendu garrantzitsuak dituzten udalerrietan kontzentratzen da. Errenta, aldiz, pertsonei eta haien bizilekuari lotuta dago.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62