2020/03/13ko prentsa-oharra
Gertakari demografikoak aztertzeko adierazleak. 2018
Euskal AEko gizonen eta emakumeen bizi-itxaropenak gora egiten jarraitzen du 2018an
Euskal AEko emakumeek amatasunerako batez besteko adin handia dute, 33 urtekoa, Europar Batasunekoa baino ia 3 urte handiagoa
Eustatek fenomeno demografikoak aztertzeko egindako Adierazleen emaitzek aukera ematen dute aurreikusteko gure Erkidegoko jaioberri bat, gizonezkoa bada, 80 urtetik gora biziko dela eta ezkontzeko probabilitatea % 47koa izango duela. Emakumezkoa izanez gero, bizi-itxaropena 86,4 urtekoa izanen da; ezkontzeko probabilitatea, % 52 pasatxo, eta haur bakarra izango du. Bi-biok bizitzan zehar ia 10 etxetan biziko dira.
Euskal AEko gizon zein emakumeek bizi-itxaropenaren etengabeko hazkundea izan dute. Duela 42 urte ikusitako adierazleei erreparatuta (69,6 eta 76,9 urteko bizi-itxaropena 1976an gizonentzat eta emakumeentzat, hurrenez hurren), emakumeen bizi-itxaropena 9,5 urte igo da, eta gizonena 11 urte. Gizonek 3,1 hilabete gehiago irabazi dituzte urtero, 80,6 urteetara iritsi arte; emakumeek, berriz, 2,7 hilabete gehiago irabazi dituzte urtero, eta 86,4 urteetara iritsi dira. Bi sexuen arteko aldea orain 27 urteko 8,7ko maximotik 5,8 urteetara laburtu da. Halaz ere, lurralde garatu gutxik dute horrelako bizi-itxaropen alturik, batez ere emakumeentzat.
Tumoreak dira mehatxurik handiena bizi-itxaropenerako. Erabat desagerraraztea lortuko balitz, gizonezkoek 4,2 urte luzatuko lukete bizitza, eta emakumezkoek ia 3 urte. Arinagoak dira, ordea, heriotzaren kanpo-arrazoiek eragindako kalteak, bizitzeko 6 hilabete kentzen baitizkiete gizonei eta 3 hilabete emakumeei. Zirkulazio-istripuen kasuan, zifra horiek murriztu egiten dira, eta hilabete batera murrizten dira gizonen kasuan, eta ezer ez emakumeenean.
Hirugarren edo ondorengo jaiotzak ia desagertu egiten dira
Euskal AEko batez besteko ugalkortasuna, 2018an, 1,3 jaiotza emakumeko da, 1975ean lortutako batez besteko 2,7 jaiotzetatik eta belaunaldi-ordezkapenerako beharrezkoak diren 2,1etik oso urrun. Zifra baxuetan dago, adibidez, Suedian (1,8 jaiotza emakume bakoitzeko) eta Frantzian (1,9 jaiotza emakume bakoitzeko) gertatzen denarekin alderatuz gero. Indize baxuena Bizkaian da, 1,2 jaiotza izan baitira emakume bakoitzeko; Araban eta Gipuzkoan, berriz, 1,4 jaiotza izan dira.
Datu horietan oinarrituta, pentsatzekoa da batez besteko emakume batek 0,7 jaiotza izango dituela, eta horrek esan nahi du emakumeen ia herenek ez dutela ondorengorik izanen; 0,5 bigarren jaiotzak izango dira, eta hamarretik batek hirugarren edo ondorengo bat izango du. Ildo horretan, hirugarren eta ondorengo seme-alabak % 90 gutxiago dira 1975etik.
Euskal AEko emakumeen ugalkortasunaren beste ezaugarrietako bat amatasunerako batez besteko adin handia da, 33 urtekoa, Europar Batasunekoa baino ia 3 urte handiagoa. 1975ean baino 4,4 urte gehiago ere badira. Arabak batez besteko adin txikiagoa du, 32,7 urte, beste bi lurraldeek baino; izan ere, Bizkaia 33,1 urteetara iristen da, eta Gipuzkoa Euskal AEko batez bestekoan dago.
Ezkontzeko batez besteko adina 35 urtetik gorakoa da bi sexuetan
2018ko tasen arabera egingo liratekeen lehen ezkontzen ehunekoa % 47,2koa izango da gizonen artean eta % 52,2koa emakumeen artean. Horrek esan nahi du jaitsiera handia izango litzatekeela 2001eko indizeekiko, % 56,1ekoa eta % 59,5ekoa, hurrenez hurren. Beste ikuspuntutik begiratuta, datu horiek adierazten dute gizonen ia % 53 eta emakumeen erdiak baino zertxobait gutxiago ezkongabe egonen direla. Orain 42 urte, aldiz, pertsonen ia % 100 ezkontzen ziren.
Ezkontza-tasaren azterketak nabarmentzen du oraindik ere ezkontzeko adinak gora egiten jarraitzen duela. Lehen aldiz ezkontzeko batez besteko adina 37,2 urtekoa da gizonen kasuan (1975ean baino 10,5 urte geroago) eta 35,2 urtekoa emakumeen kasuan (1975ean baino 11 urte gehiago).
Ugalkortasunarekin gertatzen den bezala, ezkontzen kontzentrazio handia dago adin jakin batzuetan. 6 urte eskasetan, 29 eta 35 urte bitartean, gizonen % 44,7 eta emakumeen % 46,2 ezkontzen dira.
Batez beste, Euskal AEko biztanle batek 3,5 migrazio eginen ditu bizitzan zehar
Ohikoena emigrazioak probintzia barneko izaera izatea da, hau da, helmugako udalerria abiapuntuko lurralde berean kokatzea; horrela gertatzen da migrazioen erdietan baino gehiagotan (1,9tan; guztira, 3,5 dira gizonentzat eta 3,4 emakumeentzat). Aldiz, batez beste, bi sexuei 1,3 migrazio dagozkie Euskal AEtik kanpora, baina gizonen kasuan emigrazio guztien ia % 40 dira, eta emakumeen kasuan, berriz, ez dira % 37ra iristen. Lurralde historikoen arteko migrazioak orotarakoaren % 7 baino zertxobait gehiago dira.
Lurraldeen arabera, alde aski nabarmena dago Bizkaiaren eta Gipuzkoaren artean, batetik, eta Arabaren artean, bestetik; Arabak 2,9ko emigrazio-indizea du gizonen artean, eta 2,6koa emakumeen artean. Gipuzkoak 3,4 migrazio ditu guztira, eta Bizkaiak 3,7 mugimendu. Alde horiek probintzia barneko mugikortasunari zor zaizkio; izan ere, Gipuzkoak mota horretako 1,9 mugimendu ditu, eta Bizkaiak 2,3; Arabak, berriz, 0,8 baino ez. Lurraldeen arteko mugimenduetan, Araba nabarmentzen da, pertsonako 0,4 mugimendurekin, Bizkaian (0,2) edo Gipuzkoan (0,3) gertatzen direnen ia bikoitza.
Emakumeen artean, emigrazioaren distantzia handitu ahala, batez besteko adina jaitsi egiten da; beraz, erkidegoko lurraldeen artean mugitzen direnak gazteenak dira, 33,9 urterekin, eta Euskal AEtik kanpora emigratzen badute, 34,2 urterekin doaz batez beste. Gizonen artean, aldakuntza handiagoa eta alderantzizkoa da; izan ere, 36,1 urte dituzte Erkidegotik kanpo ateratzen direnek, eta 33,7 lurralde barruan mugitzen direnak.
Udalerri barruko lekualdatzeei dagokienez, mugikortasun handiena dutenak Arabako gizonak eta emakumeak dira, batez beste 7 mugimendu baitituzte, eta gutxien Gipuzkoan bizi diren gizonak eta emakumeak.
Migrazioak eta bizileku-aldaketak batuz gero, emakume baten bizitzan zehar izandako bizileku-aldaketak, dela udalerri barruan, dela udalerritik kanpo, 9,8 izango lirateke, eta hamarren bat gutxiago, berriz, gizon baten kasuan.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62