2020/04/22ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENTU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. LANDA HOTELAK ETA OSTATUAK. 2020KO MARTXOA
(Prentsa-ohar hau berrikusi egin da, akats bat izan delako errentagarritasun-adierazleen aldakuntza-tasen balioetan (ADR eta RevPar), ohar honen lehen taulan ageri direnak.)
Hotel-establezimenduetako sarrerak Euskal AEn % 71,7 jaitsi dira 2020ko martxoan
Hotel-plazen eskaintza % 45,1 jaitsi da, Euskal AEko hotelak, batez beste, 2020ko martxoan itxita egon diren ia 15 egunen ondorioz
COVID-19aren krisiaren ondorioz, Euskal AEko hotel-establezimenduen sarrerak % 71,7 jaitsi dira 2020ko martxoan, Eustatek landutako datuen arabera. Martxoan 67.544 sarrera izan dira, aurreko urteko hilabete berean baino 171.278 gutxiago. Lurraldeka, eragina antzekoa da: % 73,3 jaitsi dira Araban, % 72,3 Bizkaian eta % 70,5 Gipuzkoan.
Bestalde, Euskal AEko hotel-establezimenduetan 2020ko martxoan erregistratutako ostatu-gauak 150.221 izan dira, hau da, % 66,0 jaitsi dira aurreko urteko martxoan izandakoen aldean, 292.162 ostatu-gau gutxiago, alegia. Ostatu-gauen urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiru lurraldeetan: Araban % 66,1 jaitsi dira, Bizkaian % 66,3 eta Gipuzkoan % 65,8.
Euskal AE osoan Estatutik etorritako bidaiarien sarrerek % 73,5eko aldakuntza negatiboa izan dute 2020ko martxoan, aurreko urteko martxoarekin alderatuta. Era berean, atzerrian jatorria dutenak % 68,0 jaitsi dira. Araban sarrerek bi jatorrietan bilakaera negatiboa izan dute, % 75,4koa Estatutik etorritako pertsonen kasuan eta % 64,3koa atzerritarren kasuan. Bizkaian Estatuko bidaiarien sarrerak % 74,2 egin du behera, eta atzerritik etorritakoenak, berriz, % 68,3. Gipuzkoan Estatuko sarrerak % 71,8 jaitsi dira, eta atzerrikoak, berriz, % 68,2.
Batez besteko egonaldia 2,22 egunekoa izan da martxoan, 2019ko martxoan izandako batez besteko egonaldiaren 1,85 egunen gainetik. Araban, iazko 1,91 egunetatik aurtengo martxoan 2,43 egunetara igo da; Bizkaian, 1,86 egunetatik 2,27etara; Gipuzkoan, berriz, batez besteko egonaldia 2019ko martxoan lortutako 1,82 egunetatik aurtengo martxoan lortutako 2,12 egunetara igo da.
Plazen araberako betetze-mailari dagokionez, ehuneko 18,5 puntu murriztu da Euskal AE osoan, 2019ko martxoan % 48,4 izatetik aurtengo martxoan % 29,9 izatera igaro baita. Komeni da adieraztea ezen betetze-maila, dela plazen arabera, dela logelen arabera, egun bakoitzean irekita dauden establezimenduetarako bakarrik dela kalkulatzen. Araban ehuneko 21,5 puntu egin du behera, % 45,5etik % 24,1era. Bizkaian ehuneko 19,4 puntuko beherakada erregistratu da, 2019ko martxoan % 49,1 izatetik iragan martxoan % 29,8 izatera. Gipuzkoan betetze-maila ehuneko 15,7 puntu murriztu da, aurreko urteko martxoan % 48,4 izatetik azken martxoan % 32,7 izatera igaro baita.
Era berean, logeletako betetze-maila portzentajezko 20,9 puntu murriztu da Euskal AE osoan, eta % 39,5eko betetze-maila iritsi da. Araban ehuneko 22,7 puntu jaitsi da, eta % 34,3tan kokatu da; Bizkaian ehuneko 22,6 puntu jaitsi da, % 40,5era, eta Gipuzkoan ehuneko 17,8 puntu jaitsi da, % 40,5era hor ere.
Plazen araberako hotel-okupaziorik handiena Donostian izan da martxoan (% 35,0), ondoren Gipuzkoa barnealdean (% 32,9) eta Gipuzkoa Kostan (% 31,8).
Asteko eguna kontuan hartuta, asteburuetan izan da okupaziorik handiena Euskal AE osoan 2020ko martxoan, % 34,8 izan baitira betetako plazak; gainerako egunetan erregistratutako okupazioa % 28,3koa izan da.
COVID-19AREN KRISIAREN ONDORIOAK HOTEL ESKAINTZAN 2020KO MARTXOAN
Joan den martxoko hotel-eskaintzaren azterketak zehatzago erakusten ditu COVID-19aren krisiaren ondorioak, eta, zehazki, martxoaren 19ko SND/257/2020 Aginduarenak, zeinek turismo-ostatuko establezimenduen publikoarentzako irekiera etetea deklaratzen duen. Hala, 2020ko martxoan egunen bat irekita izan duten establezimenduen kopurua % 2,4 murriztu da Bizkaian, % 2,9 Gipuzkoan eta % 3,1 Araban. Horrek dakar Euskal AEn, guztira, 532 establezimendu irekita egon izana, eta % 2,7ko jaitsiera aurreko urteko hilabete berean irekitako 547 hotelen aldean.
Irekita egon diren hotelen artean, iraupenean intentsitate desberdineko itxierak erregistratu dira hilabeteak aurrera egin ahala. Hilabetean itxitako egunen batez bestekoa ia 15 egunekoa da, zertxobait gehiago Gipuzkoan (15,6 egun) Bizkaian baino (batez beste, 14 egun itxita) edo Araban baino (13,8 egun), zeina ia esklusiboki COVID-19aren krisiaren ondorioz gertatzen den, hiru lurraldeetan batezbesteko hori ez baitzen egun batera iristen 2019ko martxoan.
Hotel horietarako, eta eskaintzarik egon ez den egun itxien ondorioz, plazen guztizkoak % 45,1eko beherakada izan du: 915.046 plaza 2019ko martxoan, eta 502.539 plaza azken martxoan. Gipuzkoan izan da beherakadarik handiena (-% 49,3), ondoren Bizkaian (-% 44,4) eta, azkenik, Araban (-% 35,9).
Era berean, 87 hotelek itxi dituzte ateak iragan martxo osoan, 2019ko martxoan baino % 35,9 gehiago. Baldintza normaletan, hilabete osoaren itxiera hotel-mota jakin batzuen eskariaren nolabaiteko urtarokotasunarekin lotzen da gehienetan. Bizkaian, hotel itxien aldakuntza % 50 handiagoa da, % 33,3 Gipuzkoan eta % 18,2 Araban.
Azkenik, sektorearen errentagarritasun-adierazleei dagokienez, Euskal AEko hoteletako eguneko batez besteko tarifa (ADR) 68,3 eurokoa izan da 2020ko martxoan, aurreko urtean baino % 14,8 handiagoa. Batez besteko tarifa 57,1 eurokoa da Araban (% 4,1 behera), 70,6 eurokoa Bizkaian (% 18,7 gora) eta 69,4 eurokoa Gipuzkoan (% 16,6 gehiago).
Logela eskuragarriko diru-sarrerak (RevPar), zeinak hotel-establezimenduen betetze-mailaren araberakoak diren, 2020ko martxoan 27,0 euroan kokatu dira Euskal AEn, 2019ko martxoan baino % 27,4 gutxiago. Araban 19,6 eurokoa izan zen RevPar, 28,6 eurokoa Bizkaian eta 28,1 eurokoa Gipuzkoan.
Landa-ostatuetan sarrerak % 73,8 jaitsi dira, eta gaualdiak % 70,1, 2020ko martxoan
Martxoan 2.778 sarrera erregistratu dira Euskal AEko landa-ostatuetan, aurreko urteko hilabete berean baino % 73,8 gutxiago. Lurraldeka, Araban % 76,0 jaitsi dira, Bizkaian % 73,4 eta Gipuzkoan % 73,4 ere. Atzerritik 234 pertsona etorri dira, % 75,6 gutxiago duela urtebete etorritakoekin alderatuta, eta sarrera guztien % 8,4 dira. Bestalde, Estatutik etorritako sarrerak % 73,7 jaitsi dira.
Euskal AEko nekazaritza-turismoko establezimenduek eta landetxeek 6.247 gaualdi izan dituzte martxoan, hau da, % 70,1 gutxiago aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta. Lurraldeka, Araban % 74,4 jaitsi dira, Bizkaian % 68,9 eta Gipuzkoan % 69,4.
Plazen araberako betetze-maila % 10,8ra iritsi da, 2019ko martxoan lortutako kopuruen aldean ehuneko 6,6 puntu jaitsi ondoren. Araban ehuneko 5,8 puntu egin du behera, eta plazen betetze-maila % 6,4tan geratu da. Bizkaian betetze-maila % 10,9koa da, eta ehuneko 4,3 puntu jaitsi da 2019ko martxoarekin alderatuta. Gipuzkoan, berriz, portzentajezko 8,6 puntu jaitsi da, eta azken martxoan betetze-maila % 12,8koa izan da.
Azkenik, bidaiari bakoitzeko batez besteko egonaldia Euskal AEn 2019ko martxoan 1,97 egunekoa izatetik azken martxoan 2,25 egunekoa izatera igaro da.
Landa-ostatuen kasuan, 2020ko martxoan irekitako establezimenduen kopurua % 4,6 murriztu da Euskal AE osoan 2019ko martxokoekin alderatuta. Beherakada hori % 1,1ekoa izan da Araban, % 3,3koa Gipuzkoan eta, are gehiago, % 9,9koa Bizkaian. Euskal AEn egunen bat 329 landa-ostatuk ireki zituzten ateak joan den martxoan, eta 345ek 2019ko martxoan.
Ostatu mota horretarako batez besteko egun itxiak 15,8 izan dira; aldeei doakienez, Gipuzkoan 15,2 egunekoak izan dira itxierak batez beste, eta Araban 16,5 egunekoak. Ondorioz, plazen eskaintza % 51,8 amildu da Euskal AEn, eta 2019ko martxoan eskainitako 120.502 plazetatik 58.137ra mugatu da. Lurraldeka, eragina -% 56,6koa izan da Bizkaian, -% 51,3koa Araban eta -% 48,8koa Gipuzkoan.
Azkenik, 99 landetxek itxi dute hilabete osoa, eta 73 izan ziren 2019ko martxoan.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62