HomeGaiakBizi-baldintzakPrentsa Oharrak 2019an Euskal AEko biztanleen...

2020/06/12ko prentsa-oharra

BIZI BALDINTZEN INKESTA. 2019

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

2019an Euskal AEko biztanleen bizi-baldintzek hobera egin dute 2014aren aldean

Egoera ekonomiko txarrean dauden Euskal AEko familiak erdira murriztu dira: % 4,2

Eustatek eginiko datuen arabera, 2019an Euskal AEko biztanleen bizi-baldintzak hobetu egin dira duela bost urtekoen aldean (2014). Egoera ekonomikoa da aldeko bilakaera horren faktorerik esanguratsuena. Alde horretatik, familia gehienak egoera onean (% 45,3) edo normalean (% 50,5) daude, eta erdira jaisten dira egoera txarrean dauden Euskal AEko familiak (% 4,2).

Bilakaera positiboa da hiru lurraldeetan, baina erritmo ezberdinarekin: Gipuzkoa hobetu da gehien (+ehuneko 11,3 puntu) eta egoera ekonomiko ona duten familien proportzio handiena duen lurraldea da (% 52,0). Bizkaian % 43,6 dira (+9,0 puntu) eta Araban % 36,4. Aitzitik, hiru lurraldeetan egoera ekonomiko txarrean dauden familiek behera egin dute bost urte hauetan: Araban % 10etik % 4,8ra, Bizkaian % 9,7tik % 4,9ra eta Gipuzkoan % 6,6tik % 3ra.

Familia gutxiagok diote zailtasunez iristen direla hilabete amaierara (-10,4 puntu), baina, hala ere, familien % 29,9 larri iristen dira. Emaitza horiek nabarmen aldatzen dira zenbait aldagairen arabera, hala nola erreferentziazko pertsonaren jarduerarekiko harremana eta adin-taldea; izan ere, egoerak okerrera egiten du erreferentziazko pertsona langabezian dagoelarik eta adin-talde gazteeneko kide denean.

Arrazoi ekonomikoengatiko murrizketak nabarmen txikitu dira 2014. urtearekin alderatuta; izan ere, 13 puntu hobetu dira eta familien % 27,9ra murriztu dira. Portzentaje hori 1999. urtekoaren oso antzekoa da (% 27,3), baina 2004. urtekoa (% 23,4) eta 2009. urtekoa (% 24,9) baino handiagoa.

Murrizketa horiek aisialdian (% 85,8) oinarritu dira, nahiz eta murrizketa mota guztiek pisua txikitu duten azken bosturtekoan: jantzietan eta oinetakoetan (-12,9 puntu), aisialdian eta etxeko ekipamenduan (-8,6 puntu bietan), elikaduran (-6,6 puntu) eta zainketa medikoetan (-3,6 puntu). Dena dela, azken horietan ia ez zen murrizketarik: familien % 2,4tan baino ez.

Familia-harremanak eta adiskidetasun-harremanak areagotu egin dira, eta auzokoak murriztu

Euskal AEko familien % 91,4k harreman estua dute jada etxean bizi ez diren hurbileko senideekin (gurasoak eta seme-alabak). Horrek esan nahi du portzentajezko 5,9 puntuko igoera izan dela 2014arekin alderatuta; izan ere, nahiz eta familiak proportzio oso antzekoetan erlazionatu 2019an eta 2014an, harreman horiek maizago gertatzen dira.

Telefono bidezko elkarrizketak dira harreman-modurik ohikoena (% 93,1), baina familia askok ere bisitak egiten dizkiote elkarri (% 73,4), laguntza ematen diote elkarri (% 58,2) edo bazkaltzeko edo afaltzeko elkartzen dira (% 56,2), gutxienez astean behin. Duela 5 urteko emaitzekin alderatuta, handitu egin da senideen arteko harremanen eguneroko maiztasuna, batez ere eguneroko deien kasuan (+23,6 puntu).

Familiek beste senide batzuekin edo lagunekin dituzten harremanek (% 80,2 eta % 90,9, hurrenez hurren) bilakaera antzekoa izan dute 2014. urtearekin alderatuta: harremana mantendu duten familiek zertxobait egin dute behera (-4,2 eta -1,1 puntu, hurrenez hurren) eta haien intentsitatea handitu egin da. Adiskideen artean, eguneroko deiak (% 45,6) eta asteroko bilerak (% 32,0) dira harreman ohikoenak, eta horiek ere dira gehien handitzen direnak (+19,1 eta +11,4 puntu, hurrenez hurren).

2019an auzokideekiko harremanek pixkanaka behera egiten jarraitzen dute (-6,7 puntu), eta familien % 24,8k ez dute inolako harremanik haiekin. Irauten duten auzo-harremanen artean, eskailerako eguneroko elkarrizketak (% 78,0) eta egunero edo astero laguntza ematea (% 36,9) dira harreman-modu ohikoenak, eta nabarmen handitu dira (+16,2 eta +25,9 puntu, hurrenez hurren) bost urte horietan; gainerako harremanak, berriz, desagertuz doaz.

Inguruak ez die arazorik sortzen Euskal AEko familia gehienei

Familia gehienek uste dute ingurune fisiko "osasuntsuan" bizi direla (% 64,1), 2014koen antzeko proportzioetan, eta ingurune sozial oso osasuntsuan (% 66,2), duela bost urte baino hobeto (+7,0 puntu). Familien % 84,7k ez dute segurtasun-arazorik hautematen bizilekuan (+4,4 puntu).

Beren bizilekuan zaratek, keek eta usainek eragindako eragozpenak (% 32,1) eta industria kutsatzaileak (% 15,0) daudela uste duten familien proportzioa mantendu egin da. Familien % 5,8rentzat, egunerokoa da kutsaduraren maiztasuna.

2019an behera egin du auzoan edo bizilekuan herritarren segurtasunarekin lotutako arazoak dituzten familien ehunekoak. Arazo horiek hautematen dituzten familien artean (guztizkoaren % 15,3), aipatuenak delinkuentzia (% 22,0) eta droga (% 15,3) dira. Oro har, arazo guztiek behera egin dute, baina proportzio desberdinean, 2014ko datuekin alderatuta. Azken 3 urteetan lapurretaren bat zuzenean jasan duten familien kopurua ere jaitsi egin da, eta eraso fisikoak edo sexualak jasan dituztenak mantendu egin dira (% 2,2).

Etxeetako eta haien inguruneko ekipamendua

Oro har, Euskal AEko familien etxebizitzak ekipatuta daude eta oinarrizko zerbitzuak dituzte. Zerbitzu gutxi (% 1,7) edo etxetresna elektriko gutxi (% 17,8) dituzten etxeak oso gutxi dira, eta ikus-entzunezko ekipamendu gutxi dituztenak ia ez daude. Hala ere, familia-etxebizitzen % 1,4k (ia 13.000) ez zuten inolako berokuntzarik 2019an (-1,1 puntu), eta banakako berokuntza da eredu ohikoena Euskal AEko etxeetan (% 62,2).

Etxebizitzen % 90 baino gehiago zerbitzu asko dituen ingurune batean daude, eta % 5 zerbitzurik gabeko kokaguneetan, bai alboko ingurunean –oinez 10 minutura ez du oinarrizko zerbitzurik, hala nola elikadura-establezimenduak, farmaziak, tabernak edo tokiko garraio-geltokiak–, bai hurbileko ingurunean –oinez 20 minutura ez du, besteak beste, osasun-zentrorik, ikastetxerik, herritarrei arreta emateko zentrorik, oinarrizko gizarte-zentrorik edo banku-establezimendurik–.

Pertsonen osasuna

2019an desgaitasunen bat edo osasun-nahasmendu kronikoren bat dutela adierazten duten pertsonak biztanleriaren % 8,5 dira. Presentzia aldatu egiten da adinaren arabera, eta 60 urte eta gehiagokoei eragiten die batez ere. Adin-talde hori Euskal AEko biztanleriaren % 28,5 da, eta desgaitasunen bat edo gaixotasun kronikoren bat duten biztanleen % 64,7 da.

Osasun-arazo horien ondorioz, 133.000 pertsonak baino gehiagok (% 6,2) eguneroko lanak egiteko zailtasunak dituzte. Zailtasun ohikoena mugikortasuna da: zehazki, eskailerak jaistea eta igotzea pertsona horien % 88,9rentzat zailtasuna edo eragozpena da, eta kopuru hori erdira murrizten da etxe barruan mugitu behar denean (% 44,9).

Euskal AEko biztanleen % 70,5 lehen mailako arretako kontsultara joan dira; mediku espezialistengana jotzen duten pazienteen kopurua biztanleriaren % 42,7 da, alde handirik gabe duela 5 urtetik hona; dentistaren kontsultatik biztanleen % 37,1 igaro dira, 13,4 puntuko gehikuntzarekin.

2019an 6 urte eta gehiagoko milioi erdi pertsonak baino gehixeagok adierazi dute emaile direla. Kopuru hori biztanleriaren % 25 da, eta 13,6 puntu hazi da duela 5 urtekoekin alderatuta; emaileen artean ohikoena odola ematea da (% 23,4).

Biztanleriaren erdia elkarte bateko kide da

Kirol-elkarteek 285.000 afiliatu inguru dituzte (% 13,7), 2014an baino 60.000 gehiago, eta horiek dira afiliatu gehien dutenak; mota horretako elkarteetan alde handiagoak daude afiliazioari dagokionez sexuaren arabera, gizonen proportzioa emakumeena halako bi baita. Elkarte horietan ematen dute beren borondatez laguntza gehien pertsonek: 6 urte eta gehiagoko biztanleen % 3,4k.

Erakunde-mota batzuetan, boluntarioen artean sexuaren araberako pertsonen proportzioa oso desberdina da. Hala, gizonezko boluntarioek presentzia handiagoa dute kirol-elkarteetan (guztizkoaren % 74,0) eta erakunde politikoetan (% 63,0). Bestalde, emakumezko boluntarioek presentzia handiagoa dute erlijio-erakundeetan (% 66,9), hezkuntza-erakundeetan (% 66,8) eta gizarte-laguntzakoetan (% 59,2).

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2019an Euskal AEko biztanleen bizi-baldintzek hobera egin dute 2014aren aldean

Eragiketa : 
Bizi-baldintzen inkesta
Eragiketa kodea : 
010901
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2009-2024
Eguneratze data : 
2020/06/12
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0017390_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali