2020/05/21eko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENTU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. LANDA HOTELAK ETA OSTATUAK. 2020KO APIRILA
Euskal AEko hotel-establezimenduetan ia jarduerarik ez 2020ko apirilean
Guztira 13.027 gaualdi zenbatu dira, eta 538.485, berriz, 2019ko apirilean
SND/257/2020 Agindua, martxoaren 19koa, turismo-ostatuko establezimenduen irekiera publikoarentzat eten zuena, apirileko hilabete osoan zehar egon da indarrean. Sektorearen jarduera mugatu da, funtsean, funtsezko zerbitzu gisa zehaztutako establezimenduetara, ezarriak martxoaren 23ko TMA/277/2020 Aginduan, martxoaren 30eko TMA/305/2020 Aginduak aldatua.
COVID-19aren krisiaren eragina hoteleko sektorean, hortaz, arras handia izan da. Apirilean, 56 establezimenduk baino ez dute izan hotel-jardueraren bat Euskal AE osoan. Informazio horren erabilgarritasun sozialean oinarrituta, Eustatek uste du une honetan bereziki beharrezkoa dela apirileko hotel-jarduerari buruzko informazioa erakunde eta organismoen, ikertzaileen eta, oro har, gizartearen esku jartzea. Hala ere, behin-behinekoa dela adierazi behar da, salbuespenezko zirkunstantzietan lortu eta tratatu baita. Horregatik, apirileko zabalkundea prentsa-ohar honetara mugatuko da oraingoz. Eragiketa honetako gainerako produktuak behin betikotzat hartzen direnean zabalduko dira.
Apiril osoan itxita egon diren hotel-establezimenduak 563 izan dira, eta 35, berriz, aurreko urteko hilabete berean hainbat arrazoirengatik. Lurraldeen arabera, establezimenduen itxiera orokorra izan da: 6 establezimendu baino ez dira ireki Araban, 29 Bizkaian eta 21 Gipuzkoan jarduera motaren batekin apirilean.
Ez da inolaz ere kontuan hartu establezimendu medikalizatuen jarduera. Hileko egun batean, gutxienez, partzialki edo osoki irekita egon diren establezimenduak baino ez dira zenbatu, izaera desberdineko funtsezko langileak hartzeko (2020ko martxoaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofizialean definituak), ezinbesteko arrazoi batengatik edo premia-egoera batengatik urgentziaz ostatu behar izan zuten pertsonei ostatu emateko edo, alarma-egoera deklaratzeko unean, egonkor edo aldi batean ostatu hartzen zuten bezeroak hartzeko.
2019ko apirilean erregistratutako datuekin egiten den alderaketa orok (hilabete horretan 276.415 sarrera eta 538.485 gaualdi erregistratu ziren) agerian uzten du COVID-19aren krisiak Euskal AEko hotel-sektorean izan duen eragin izugarria. Ateak ireki dituzten 56 establezimenduetako sarrerak 1.467 bakarrik izan dira, guztira 13.027 gaualdi egin dituztenak, eta horrek 8,88 eguneko batez besteko egonaldia ezartzen du.
Lurraldeka, Arabak 627 sarrera eta 4.125 gaualdi izan ditu; beraz, batez besteko egonaldia 6,58 egunekoa izan da. Batez besteko egonaldi hori Gipuzkoak erakusten duenaren antzekoa da, 6,84 egunekoa, lurralde bat non 4.657 gaualdi zenbatu zituzten 681 sarrera izan baitira. Bizkaian sarrerak 159 izan dira, eta 4.245 gaualdi; batez beste, 26,7 eguneko egonaldia izan da.
Erregistratutako sarrera guztietatik, 220 atzerritar jatorrikoak dira, eta gainerakoak, 1.247, Estatuan jatorria duten pertsonenak.
Landa-ostatuetako egoera hoteletakoa bezalakoa izan da. Halatan, 31 establezimenduk baino ez dute jarduera motaren bat erregistratu apirileko egunen batean, eta 373 establezimenduk 2019ko apirilean. Bestalde, 396 establezimendu itxita egon dira aldi osoan (aurreko urtean baino 347 gehiago).
Landa-ostatuetan 230 sarrera erregistratu dira, eta batez beste 7,76 eguneko egonaldia egin da, hau da, 1.784 gau. Iazko hilabete berean 15.088 sarrera eta 32.927 gaualdi izan ziren.
Lurraldeka, Arabak 16 sarrera eta 53 gaualdi izan zituen, Bizkaiak 46 sarrera eta 548 gaualdi eta Gipuzkoak 168 sarrera eta 1.183 gaualdi. Lurraldeen araberako batez besteko egonaldietan aldeak ikusten dira; izan ere, Araban 3,31 egunekoa izan da, Bizkaian 11,91koa eta Gipuzkoan 7,04 egunekoa. Euskal AE osoan batez besteko egonaldia 2,51 egunekoa zen 2019ko apirilean, eta 7,76 egunekoa azken hilabetean.
COVID-19AREN KRISIAK ETH-N DUEN ERAGINARI BURUZKO OHARRA
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu du COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko.
Gerora hartutako salbuespenezko neurrien ondorioz, turismo-establezimenduen ohiko jarduera eten egin da apirilean zehar. Beraz, apirileko ETHren gaineko eragina erabatekoa izan da.
Egoera horrek berekin ekarri du ETH eraikitzeko beharrezkoa den informazioa lortzeko egindako ahalegina handitu izana, hala informazioa biltzen eta tratatzen diharduten langileen aldetik nola, bereziki, inkestaturiko establezimenduen aldetik.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten establezimendu guztiei egindako ahaleginagatik, aparteko zirkunstantziak gorabehera. Horiei esker, zabaldu ahal izan da informazio hau, zeinek aukera ematen baitu hartutako neurriek sektorean izan duten eragina kuantifikatzeko.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62