2020/06/05eko prentsa-oharra
HIRU HILEROKO KONTUAK. I/2020
Euskal AEko BPG % 3,2 txikitu zen 2020ko lehen hiruhilekoan
Enpleguaren atzerapena, lanaldi osoaren baliokide diren lanpostuei dagokienez, % 2,8koa dela kalkulatzen da
Euskal AEko BPG % 3,2 murriztu da 2020ko lehen hiruhilekoan, 2019ko hiruhileko beraren aldean, Eustatek egindako estimazioen arabera.
2019ko azken hiruhilekoa dela eta, Euskal AEko ekonomiak % 4,7 egin du behera. Estimazio horien arabera, hamarren bi egin dute okerrera pasa den apirilaren 24ko Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenean eskuratutakoek. COVID-19aren Pandemiari Aurre egiteko Errege Dekretuaren (martxoaren 14ko 463/2020) ondoren hartutako neurriek martxoaren bigarren hamabostaldian eragile ekonomikoen jarduera ugariren gelditze partziala edo erabatekoa ekarri zuten; geldialdi hori zaila zen aurresaten, eta, halaber, oso zaila izan zen haren estimazioa apirilean.
Euskal AEko BPGren % 3,2ko urte arteko beherakada Eurogune-19rako azken estimazioarekin bat dator, baina EB-27rako ohartarazitakoaren azpitik dago (-% 2,6), baina Espainiaren gainetik, % 4,1 egin baitzuen atzera.
Eskaintzaren ikuspuntutik, sektore guztiek izan dute beren balio erantsiaren urte arteko beherakada, Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren kasuan eta Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta, Zerbitzuen sektorearen barruan, gizarte-zerbitzuen adarrean izan ezik. Kasu guztietan bat-bateko zeinu-aldaketa izan da azken urteotan ikusi den hazkunde eutsiaren bilakaeran.
Industriak -% 3,6ko urte arteko aldakuntza-tasa izan du aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. 2019ko azken hiruhilekoa dela eta, estimatutako aldakuntza -% 4,9koa da. Manufaktura-industriak industria-multzoak baino indar handiagoarekin egin du behera, honako tasa estimatu honekin: urte arteko -% 4,3 eta hiruhilekoen arteko -% 5,2.
Eraikuntzaren sektorean, urteko lehen hiruhilekoan, % 2,7ko atzerapena antzeman da, 2019ko hiruhileko beraren aldean; horrek esan nahi du jarduera murriztu egin dela, % 4,9, aurreko hiruhilekoaren aldean.
Zerbitzuen sektoreko jarduera globalak urteko lehen hiruhilekoan aurreko hiruhilekoetan izan den hazkunde-bidearekin amaitu du; % 2,8ko urte arteko beherakada izan du, eta % 4,2ko beherakada 2019ko azken hiruhilekoaren aldean.
Zerbitzuen portaera ez da homogeneoa adarren arabera. Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarrak izan du beherakada handiena, % 4,2koa, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta % 5,7koa, aurreko hiruhilekoaren aldean.
Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean, berriz, % 1,2ko urte arteko hazkundea egon da, eta horrek dakar balio erantsi estimatua aurreko hiruhilekorako izandakoaren antzekoa izatea (% 0ko aldakuntza).
Azkenik, Gainerako zerbitzuen adarrak barne hartzen dituen jarduerek –besteak beste higiezinen jarduerak, profesionalenak, zientifikoak eta teknikoak, bai eta finantzetakoak eta aseguruetakoak ere–, oro har, atzerapen nabarmena izan dute, estimazioen arabera % 4,0koa, urte arteko terminoetan, eta % 5,4koa, hiruhilekoen arteko terminoetan.
Urteko lehen hiruhilekoan sektoreko agregatuen portaerak Balio Erantsiaren bilakaera negatiboa ekarri du, bai urte arteko terminoetan (% 2,9 baxuagoa), bai hiruhilekoen arteko terminoetan (% 4,4ko atzerapena). Hori ez dator bat azken urteotan ikusitako balio positibo etengabeekin.
Eskariaren aldetik, Barne Eskariaren portaera BPGren guztizkoarena bezain negatiboa izan da; urte arteko beherakada % 3,1ekoa izan da. Bere bi osagaien bilakaera –Azken kontsumoko gastua eta Kapital-eraketa gordinak– negatiboa izan da; urte arteko % 3,0ko eta % 3,6ko beherakadak egon dira, hurrenez hurren.
Etxeetako azken kontsumoko gastua eta EZIAGE (kontsumo pribatua) bat-batean % 4,8 murriztu da, 2019ko lehen hiruhilekoaren aldean. Aurreko hiruhilekoaren aldean, beherakada are latzagoa da, % 5,9koa.
Kontsumo publikoak (administrazio publikoen azken kontsumoko gastua), berriz, % 4,1eko hazkundea izan du urte arteko terminoetan, alegia % 3,0ko igoera, aurreko hiruhilekoaren aldean.
Administrazio publikoen azken kontsumoko gastuaren baterako bilakaeraren ondorioz, Etxeetako azken kontsumoko gastuarekin batera, Azken kontsumoko gastuak % 3,0 beherakada izan du. Aurreko hiruhilekoaren aldean, gastuaren murrizketa % 4,0koa izan da.
Kapital-eraketa gordinak (Inbertsioa) ere zeinua aldatu du, 2020ko lehen hiruhilekoan -% 3,6ko urte arteko aldakuntza-tasarekin. 2019ko azken hiruhilekoa dela eta, beherakada % 5,4koa izan da.
Ekipo-ondasunen inbertsioak lehen hiruhileko honetan portaera erabat negatiboa izan du; urte arteko beherakada-tasa % 5,0ekoa izan da, eta hiruhilekoen artekoa, -% 5,8koa. Gainerako kapital-eraketa gordinetan –lotuago dago eraikuntzaren sektorearekin–, urte arteko beherakada neurrizkoagoa izan da; aldakuntza-tasa -% 2,8koa izan da, baina, aurreko hiruhilekoaren aldean, beherakada ere nabarmena izan da, hiruhilekoen arteko -% 5,2ko tasa.
Barne-eskaria Azken kontsumoko gastuak eta Kapital-eraketa gordinak eratzen dute, eta aldakuntza negatiboa izan du urte arteko terminoetan, -% 3,1ekoa. Beherakada hori BPGrako estimatutakoaren azpitik dago (-% 3,2); beraz, Kanpo-sektorearen ekarpena negatiboa izan da urteko lehen hiruhileko honetan. Esportazioek % 7,5 egin dute behera aurreko urteko lehen hiruhilekoaren aldean, eta Inportazioek beherakada txikiagoa izan dute, % 7,3koa. Kanpo-saldoak, beraz, txarrera egin du pixka bat.
Enplegua dela eta (Lanaldi osoaren baliokide diren lanpostutan neurtuta), 2020ko lehen hiruhilekoan % 2,8 egin zuen atzera urte arteko tasan; kasu horretan, hiru hamarren ahuldu egin da pasa den apirilaren 24ko Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenean kalkulatutako beherakada. Hiru hileroko terminoetan, % 3,8ko beherakada kalkulatzen da. Lehen hiruhilekoan ikusi diren atzerapen horiek orain arte Eustaten hiru hileroko kontuetan estimatu diren hiruhileko guztietako nabarmenenak dira.
Hori horrela, gogorarazi behar da lanpostuaren definizioak, Kontuen Sistema Europarraren (KSE) arabera, bere zenbaketan aldi baterako lan egiten ez duten baina beren lanpostuarekin –bermearekin edo berriro lanean hasteko datari buruzko akordioarekin, esaterako ABEEEen kasua– lotura formala duten pertsonak uzten ditu kanpoan.
Enplegu-mailaren urte arteko bilakaera negatiboa izan da jarduera-adar guztietan, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhileko terminoetan. Lehen sektoreak % 1,4ko enplegu-beherakada izan du, 2019ko lehen hiruhilekoaren aldean, eta % 1,7koa, aurreko hiruhilekoaren aldean. Urte arteko atzerapena egon da Industriaren sektorean eta Eraikuntzaren sektorean (% 3,4koa), baina, hiruhilekoen arteko terminoetan, industriaren portaera (-% 3,5) Eraikuntzarena (-% 5,4) baino hobea izan da. Azkenik, Zerbitzuen sektorean, lanpostuek bilakaera negatiboa izan dute; urte arteko beherakada % 2,7koa izan da, eta hiruhilekoen artekoa, % 3,8koa.
Lurralde Historikoetako BPGren bilakaera dela eta, Arabak urte arteko -% 3,3ko tasa izan du, Bizkaiak, -% 3,2koa eta Gipuzkoak, -% 3,1ekoa.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf.: 945 01 75 62