2020/05/26ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENDU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. APARTAMENTU TURISTIKOAK ETA OROTARAKOAK. 2020KO APIRILA
Hotelek, landa-ostatuek eta turismo-apartamentuek ezinbesteko jarduera baino ez dute izan 2020ko apirilean Euskal AEn
Guztira 21.381 gaualdi zenbatu ziren sektorean, eta 603.142, berriz, 2019ko apirilean
SND/257/2020 Agindua, martxoaren 19koa, turismo-ostatuko establezimenduen irekiera publikoarentzat eten zuena, apirileko hilabete osoan zehar egon da indarrean. Sektorearen jarduera mugatu da, funtsean, funtsezko zerbitzu gisa zehaztutako establezimenduetara, ezarriak martxoaren 23ko TMA/277/2020 Aginduan, martxoaren 30eko TMA/305/2020 Aginduak aldatua.
COVID-19aren krisiak sektore turistikoan izan duen eragina suntsitzailea izan da. Informazio horren erabilgarritasun sozialean oinarrituta, Eustatek uste du une honetan bereziki beharrezkoa dela apirileko ostatu-jarduerari buruzko informazioa erakunde eta organismoen, ikertzaileen eta, oro har, gizartearen esku jartzea.
Hala ere, behin-behinekoa dela adierazi behar da, salbuespenezko zirkunstantzietan lortu eta tratatu baita. Horregatik, apirileko zabalkundea prentsa-ohar honetara mugatuko da oraingoz. Eragiketa honen gainerako produktuak behin betikotzat hartzen direnean zabalduko dira.
Ez da inolaz ere kontuan hartu establezimendu medikalizatuen jarduera. Hileko egun batean, gutxienez, partzialki edo osoki irekita egon diren establezimenduak baino ez dira zenbatu, izaera desberdineko funtsezko langileak hartzeko, ezinbesteko arrazoi batengatik edo premia-egoera batengatik urgentziaz ostatu behar izan zuten pertsonei ostatu emateko edo, alarma-egoera deklaratzeko unean, egonkor edo aldi batean ostatu hartzen zuten bezeroak hartzeko.
2019ko apirilean erregistratutako datuekin egiten den alderaketa orok (hilabete horretan 299.687 sarrera eta 603.142 gaualdi erregistratu ziren) agerian uzten du COVID-19aren krisiak Euskal AEko ostatu-sektorean izan duen eragin izugarria. Apirileko egunen batean ateak ireki dituzten establezimenduen sarrerak 2.273 izan dira, guztira 21.381 gaualdi egin dituztenak.
Lurraldeka, Arabak 702 sarrera eta 6.985 gaualdi ditu, Bizkaiak 614 sarrera eta 6.717 gaualdi eta Gipuzkoak 957 sarrera eta 7.697 gaualdi.
Sarreren beherakada -% 99,2koa izan da, eta gaualdiena -% 96,5ekoa, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta. Jatorriaren araberako sarreren banaketa, Euskai EAE osoan, honelakoa da: Estatukoak, % 87,6; atzerrikoak, % 12,4.
Apartamentu turistikoak
Turismoko apartamentuen kasuan, 362 ostatu-unitatek jarduera motaren bat erregistratu dute apirileko egunen batean, eta 727k 2019ko apirilean. Orobat, 499 establezimendu itxita egon dira aldi osoan, eta 2019ko hilabete berean, aldiz, 49 apartamentu bakarrik izan ziren.
Euskal AEko apartamentu turistikoetan 576 sarrera erregistratu dira, batez beste 11,41 eguneko egonaldiarekin, eta guztira 6.570 gau eman dituzte. Iazko hilabete berean 8.184 sarrera eta 26.730 gaualdi izan ziren, 3,27 eguneko batez besteko egonaldiarekin.
Lurraldeka, Arabak 59 sarrera eta 2.807 gaualdi izan zituen, Bizkaiak 409 sarrera eta 1.942 gaualdi eta Gipuzkoak 108 sarrera eta 1.839 gaualdi. Lurraldeen araberako batez besteko egonaldietan aldeak ikusten dira; izan ere, Araban 30 egunekoa izan da, Bizkaian 4,7koa eta Gipuzkoan 17,03 egunekoa.
COVID-19AREN KRISIAK ETHI-N DUEN ERAGINARI BURUZKO OHARRA
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu du COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko.
Gerora hartutako aparteko neurrien ondorioz, turismoko establezimenduen ohiko jarduera eten egin da apiril osoan zehar. Beraz, apirileko ETHIren gaineko eragina erabatekoa izan da.
Egoera horrek ekarri du ETHI eraikitzeko beharrezkoa den informazioa lortzeko egindako ahalegina handitu izana, bai informazioa biltzen eta tratatzen diharduten langileen aldetik, bai, batez ere, inkestatutako establezimenduen aldetik.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie lagundu duten establezimendu guztiei egindako ahaleginagatik aparteko zirkunstantzia hauetan. Haiei esker, zabaldu ahal izan da hartutako neurriek sektorean izan duten eragina kuantifikatzeko aukera ematen duen informazio hau.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62