2020/07/23ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN INKESTA. ENPRESAK. 2020
Euskadiko AEko gero eta enpresa gehiagok erabiltzen dituzte teknologia digitalak; 2020an, sare sozialen erabilera da nabarmenena, % 51,3ko erabilera izan baitu
Euskal enpresetako enplegatuen % 10,9 espezialistak dira informazioaren teknologietan, eta % 74,7k sistema horiek erabiltzen dituzte
Enpresen eraldaketa digitala dela eta, Sare Sozialak dira (enpresa-xedeetarako erabiltzen dituzten establezimenduen % 51,3) aztertu diren bederatzi adierazleetako nabarmenena, baina ia horietan guztietan gorakadak egon dira erabileran, Eustaten datuen arabera.
Jarraian, Zerbitzu Mugikorrak daude (% 29,0), 2019an baino ia hiru puntu gehiago. Zerbitzu mugikortzat jotzen da enpresaren jarduerarekin eta ekoizpen-prozesuekin zerikusia duten aplikazioak erabiltzea.
Hirugarrenik, Hodeiko Zerbitzu Informatikoak (Cloud Computing) daude; ostatatze horregatik ordaintzen duten establezimenduen % 21,9 (ehuneko 1,6 puntu gehiago); hala, enpresa baten informaziora edo zerbitzura jotzeko aukera ematen da, Interneteko konexioaren bidez, edozein lekutan dagoen edozein gailu mugikorretik edo finkotik.
Ondoren, %10 eta % 20 bitarteko ehunekoekin, honako hauek daude: Zibersegurtasuneko Jarduerak (% 19,6), Gauzen Interneta (% 12,7) eta Big Data Analisia (% 12,5). Hori guztiek hazkuntzak izan dituzte, eta, nabarmenena, Gauzen Internetaren erabilera izan da, haren erabilera adierazi duten enpresen ehunekoak ia ehuneko hiru puntu egin baitu gora. Azkenik, % 10etik behera, Adimen Artifiziala (% 3,0), 3D inprimagailuak (% 2,7) eta Robotika (% 2,7) daude.
10 enplegatuko edo gehiagoko establezimenduen kasuan, ehuneko horiek handiagoak dira, eta 2019aren aldean baita hazkuntzak ere. Sare Sozialak tamaina horretako establezimenduen % 68,3ra iritsi da (2019aren aldean hazkuntzako ehuneko 2,3 puntu), eta, % 40ren gainetik, Hodeiko Zerbitzu Informatikoak (% 44,0; haren penetrazio-ehunekoak ia 8 puntu egin gora, 2019an % 36,3koa izan baitzen), Zerbitzu Mugikorrak (% 42,4; 7 puntu gehiago) eta Zibersegurtasuneko Jarduerak (% 41,9).
Euskal enpresak gero eta prestatuago daude informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) ekipamenduetan, eta teknologia horiek erabiltzen dituzten enplegatuen ehunekoa ere handiagoa da. Gaur egun, establezimenduen % 92,4k ordenagailua du, eta azken urtean ehuneko 1,3 puntu egin zuen gora. Posta elektronikoa duten establezimenduak guztizkoaren % 91,6 dira, 1,7 puntu egin baitute hobera, eta % 92,3k sarbidea du Internetera, 0,7 puntu egin baititu gora. Telefono mugikorra, bestalde, euskal establezimenduen % 93,9n erabiltzen da, eta 0,5 puntu egin du hobera, aurreko urtearen aldean. Gainera, enpresen erdiak baino pixka bat gehiagok (% 54,2) web-orrialdea du.
10 enplegatuko edo gehiagoko enpresetan, IKT ekipamenduak ia disponibilitatearen gehiengora iritsi dira
Ekipamenduetako ehuneko horiek handiagoak dira 10 enplegatu edo gehiago dituzten establezimenduetan, baina, erabilera dagoeneko oso zabalduta dagoenez (% 99,4k ordenagailua du, % 98,9k helbide elektronikoa, % 99,2k Interneterako sarbidea, % 96,7k telefono mugikorra eta % 92,6k web-orrialdea), dagoeneko ez dute ia hazteko marjinarik, establezimendu txikien aldean.
Teknologia horiek erabiltzen dituzten enplegatuen ehunekoa dela eta, langile okupatuen % 72,5ek ordenagailua erabiltzen du, % 68,1ek posta elektronikoa du eta % 67,6k Interneteko sarbidea du; zifra horiek guztiak aurreko urteko zifrak baino handiagoak dira.
Bestalde, enpresen % 85,7k segurtasun informatikoko neurriren bat du, aurreko urtean baino 3,8 puntu gehiago. Neurri horien artean nabarmentzekoak dira, % 50etik gora, software eguneratua izatea (% 78,9), pasahitz segurua (% 77,2) eta kanpoko backup-ak (% 57,8). 10 enplegatuko edo gehiagoko enpresen kasuan, ehuneko horiek guztiak handiagoak dira, eta segurtasun informatikoko neurriren bat erabiltzen dutenak % 97,1 dira.
Gainera, 2020an, euskal enpresen % 35,7k software librea du, besteak beste, nabigatzaileak Interneten, ofimatikako programak, doako sistema eragileak edo irekiak (Linux,...) eta abar. 10 enplegatu edo gehiago dituzten enpresetan, ehunekoak gora egin du, eta % 51,0koa da.
Euskal enpresetako langileria aztertuz gero, langile enplegatuen % 74,7k, batez beste, IKT (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) sistemak erabiltzen dituzte, eta egiaztatzen da % 10,9 IKT sistemetako langile espezialistak direla. Gainera, langile guztien heren batek (% 33,5) urrutiko konexioa du, erabilera profesionalerako gailu eramangarri baten bidez. Azkenik, batez beste, enplegatuen % 5,4k enpresaren lokaletatik kanpo egiten dute, erregulartasunez, lan gutxienez lanaldiaren heren bat, eta IKT sistemekin konektatzeko sare telematikoak erabiltzen dituzte; beraz, telelangiletzat jo daitezke. Aipatu behar da 2020. urte honetarako informazioaren bilketa funtsean urteko lehen hiruhilekoan egin zela; beraz, COVID-19aren pandemiak urrutiko konexioaren bidezko sarbidean eta telelanaren modalitatean eduki ahal izan duen efektua baliteke zati batean baino ez islatu izana.
Ekipamenduekin ez bezala -kasu horretan 10 enplegatuko edo gehiagoko establezimenduek proportzio handiagoak dituzte-, enpresetako langileek IKT teknologien kasuan egiten duten erabileran, ehunekoak tamaina txikiagoko establezimenduen aldekoak dira.
Zuntz optikoaren bidezko konexioa gehien hazi den sarbidea izan da, eta ADSLak, berriz, behera egiten jarraitzen du
Interneterako sarbidea duten euskal enpresak guztizkoen % 92,3 dira, gaur egun; izan ere, ehuneko 0,7 puntu handitu dira aurreko urtean konektatutakoak.
Interneterako sarbidea duten enpresa horietan, sarean sartzeko modu nagusiak honako hauek dira: telefono mugikorraren bidezko konexioak (% 88,1), konexio mugikorretan, eta zuntz optikoaren bidezkoak (kablea, FTTH…) (% 74,9) konexio finkoetan. Azken horrek, zuntz optikoak, hazten jarraitzen du, eta igoera handiena lortu du; dagoeneko, nabarmen gainditzen du ADSLa (% 51,4), sartzeko bide gisa.
Horrela, konexio finkoak, dela ADSL bidez, kable bidez edo beste konexio finko batzuen bidez, presente daude Interneterako sarbidea duten enpresen % 94,5ean, eta konexio mugikorrak, telefono mugikorraren bidez (Smartphonea, PDA, …) edo ordenagailu eramangarriaren bidez (Tableta, netbooka, etab.) gaur egun enpresa konektatuen % 89,4an.
10 enplegatu edo gehiago dituzten enpresetan, % 99,2k Interneterako sarbidea du. Neurri horretakoetan ere, telefono mugikorraren bidezko konexioak –% 90,1– eta zuntz optikoaren bidezkoak (kablea, FTTH…) –% 84,9– dira sartzeko bide nagusiak, ehuneko 2,1 eta 6,0 puntu handitu baitira, hurrenez hurren. Jarraian, konexio mugikorretan, ordenagailu eramangarrien bidezko sarbideak % 75,5 dira, azken urtean 4,1 puntu egin baitute gora, eta konexio finkoetan ADSL lineak % 60,5; azken kasu horretan, 6,6 puntu jaitsi da erabilera. Ondorioz, enplegu-tamaina horretan, konexio finkoak enpresa konektatuen % 99,1en daude eta konexio mugikorrak, % 91,4an.
Euskal enpresen % 54,2k, 10 enplegatuko edo gehiagokoen kasuan % 92,6k, Interneten presentzia dute web-orrialdeen bidez
Enpresak gero eta kontzienteagoak dira nolako garrantzia duen Interneten egoteak, web-orrialde baten bidez. Hala, azken urtean, sarean presente daudenak guztizkoaren % 54,2 dira, eta 10 enplegatuko edo gehiagoko enpresetan, % 92,6.
Web-orrialde horietan enpresaren beraren informazio orokorra aurki dezakegu, eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuen katalogoa, informazioaren pribatutasunaren inguruko adierazpena, enplegu-eskaintzak eta salmenta ondoko zerbitzuak, besteak beste.
Sartzeko hizkuntzak direla eta, gaztelania da nabarmentzekoa, kasuen % 99,0an, euskara, % 42,4an, ingelesa % 31,6an eta beste hizkuntza batzuk, kasuen % 14,3an.
10 enplegatu edo gehiago dituzten euskal enpresetan Interneteko sarbidea dutenen eta webgunea dutenen kopurua EB-28ko Europako batez bestekoaren gainetik dago
Nazioarte-mailan, eta EB-28rekin erkagarritasun egokia egiteko, 10 enplegatu edo gehiago dituzten enpresen datuak eta Eurostatek jasotzen dituen jarduerak (ez dituzte finantza-sektorea, administrazio publikoa eta abar kontuan) baliatzeaz gainera, aurreko urteko informazioa erabili behar da, 2019koa; orduan, euskal enpresek Interneterako sarbideetan izan zituzten ehunekoak (% 99) Europar Batasuna 28koak (% 97) baino handiagoak izan ziren, eta, gainera, web-orrialdea duten enpresen ehunekoa ere handiagoa izan zen Euskadin (% 91), 2019an, EB-28ko batez bestekoa baino (% 78).
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62