2020/06/19ko prentsa-oharra
LANA, FAMILIA ETA NORBERAREN BIZITZA UZTARTZEARI BURUZKO INKESTA. 2019
Euskal AEko pertsona landunen % 30 inguruk lana eta adingabeen eta mendeko pertsonen zaintza uztartzeko zailtasun handiak dituzte 2019an
2010. urtearen aldean, landun emakumezkoek eta landun gizonezkoek seme-alabak zaintzen emandako orduen arteko aldea ordu erdi murriztu da
Euskal AEn bizi diren pertsona landunen % 27,4k adierazi dute zailtasun handiak dituztela lana eta seme-alaba adingabeak zaintzeko, eta % 33k adierazi dute zailtasun maila hori bera dutela mendeko pertsonak artatzeko orduan, Eustatek eginiko datuen arabera. Zailtasun maila handi hori landunen % 23,9k ere hautematen dute lana eta jarduera pertsonalak bateragarri egin nahi direlarik. Generoaren ikuspuntutik, azpimarratu behar da lana bizitzaren alderdi horiekin uztartzeko zailtasuna antzekoa dela gizon landunen eta emakume landunen artean.
Hala ere, seme-alabak eta mendeko pertsonak zaintzen emandako eguneroko denborari dagokionez, mantendu egiten dira gizonek eta emakumeek emandako denboraren arteko aldeak. Halatan, etxetik kanpo lan egiten duten eta 15 urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeek batez beste 1,4 ordu gehiago ematen dituzte egunean seme-alabak zaintzen egoera berean dauden gizonek baino (4,7 eta 3,3 ordu, hurrenez hurren). Gainera, emakumeen erdiek (% 50,6) egunean 5 ordu edo gehiago ematen dituzte adingabeak zaintzen; gizonen kasuan, berriz, ehunekoa laurdena da (% 24,6), eta gehienek (% 42) 2 ordu edo gutxiagorekin laguntzen dute seme-alabak zaintzen.
Halaber, landunek beren kontu dituzten mendeko pertsonak zaintzen emandako orduei dagokienez, emakume landunek batez beste gizonek baino ia ordubete gehiago ematen dute egunean (2,3 eta 1,5 ordu, hurrenez hurren).
Euskal AEko gizon landunen eta emakume landunen arteko etxeko lanen banaketa ere desberdina da: hamar gizonetarik bederatzik –% 89k– 2 ordu edo gutxiago ematen dituzte zeregin horietan, eta hamar emakumetarik ia hiruk –% 27,5ek– 3 edo gehiago ematen dituzte.
2010eko datuekin alderatuta, ikusten da ezen 15 urtetik beherako seme-alabak zaintzen gizon landunek eta emakume landunek emandako orduen arteko aldea murrizten joan dela urteotan: 2010ean emakumeek ia bi ordu gehiago ematen zituzten (1,9) haurrak zaintzen gizonek baino, eta 2019an, berriz, alde hori ordu erdi murriztu da.
Funtzioen banaketa desberdina dela eta, emakume landunen % 18,1 ez daude batere pozik ezkontideak edo bikotekideak etxeko lanak egiten emandako laguntzarekin. Aldiz, gizon landunen ehuneko handi bat oso pozik dago bikotekidearen parte-hartzearekin (% 74,8). Hala ere edo, hain zuzen ere, horrexegatik, etxeko lanetan ematen duten denborarekin oso pozik dauden gizonen ehunekoa (% 47,8) emakumeen ehunekoaren antzekoa da (% 45,7).
Azpimarratzekoa da emakume landunek poztasun handiagoa adierazten dutela beren ondorengoen zaintzarekin –% 63,2k adierazi dute altua dela– eta beren mendeko pertsonen zaintzarekin –% 53,4k– gizon landunen aldean; azken horien artean, ehuneko horiek % 54,2 eta % 44,3 dira, hurrenez hurren.
Landunen % 20k lanaldia luzatu ohi dute
Biztanleria landunaren % 20,5ek ezarri edo aurreikusi baino ordu gehiago eman behar izaten ditu lanean, eta % 19,2k, berriz, batzuetan.
Lanaldia luzatzeak gehiago eragiten die gizonei emakumeei baino; izan ere, gizonen % 19,2k eta emakumeen ehuneko oso antzekoak, % 19,1ek, batzuetan lanaldia luzatzen dute, eta luzapena ohikoa delarik, berriz, gizonei neurri handiagoan eragiten die, % 21,9ri (emakumeen kasuan, % 19ri).
2010. urtearekin alderatuta, gora egin du lanaldia luzatu behar duten langileen ehunekoak. Luzapena ohikoa delarik, igoera 1,7 puntukoa da; noizbehinkakoagoa delarik, berriz, igoera ehuneko 0,8 puntura murrizten da.
Bestalde, gizon landunen % 12,9k uste dute oso negatiboa izango luketela aitatasun-baimena eskatzea. Guztiaz ere, gizonen % 8,4k soilik uste dute aitatasunak nabarmen eragin diezaiekeela, eta, aldiz, emakume landunen % 21,4k uste dute amatasunak sustapen-desberdintasunak sor ditzakeela. Familia-arrazoiengatik eszedentzia edo lanaldi murriztuak eskatzeak lanbide-sustapenari eragingo dion beldurra zertxobait handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino (% 32,8 eta % 30,3, hurrenez hurren).
2010etik 2019ra arte ia ez da aldatu ordutegi malgua duten pertsona landunen ehunekoa, ez eta etxean lan egiten dutenena ere
Lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzea erraztu dezaketen neurrien artean, lanean ari den biztanleriaren gehiengoaren eskura daude aldi baterako absentziak lanean, eta, ondoren, soldatarik gabeko egunak eskatzeko aukera dago. Gainera, landunen ia erdiek adierazten dute zailtasun txikia dutela eszedentziak edo lanaldi-murrizketak lortzeko.
Irteera-ordutegi malgua da uztartzea hobetzeko beste tresna bat, eta zazpi pertsona landunetarik hiruk dute baliatzen (% 42,7k). Norberaren etxeko lanari dagokionez, pertsona landunen % 10ek noizean behin egiten dute lan etxean, eta % 5,5ek, gutxienez, egunen erdietan.
Ordutegi-malgutasunari dagokionez, 2010etik orain arte ez da ia aldaketarik izan, eta 6 hamarren igo da ordutegi malgua duten pertsonen ehunekoa. Etxebizitzan lan egiten duten pertsonen ehunekoak ere ez du aldaketa handirik izan 2010. urtearekin alderatuta; aldiz, etxean noizbehinka edo gutxienez egunen erdietan lan egiten dutenen ehunekoak puntu bat egin du gora.
Kasuen % 1,9tan bakarrik arduratzen da aita bere seme-alabak lanaldian zehar noizbehinka zaintzeaz
Bikoteko bi kideek lan egiten duten etxeetan, aitaren edo amaren lanaldian zehar adingabeak zaintzea kasuen % 90,5etan ikastetxeei dagokie, % 4,5etan bi landunei, eta kasuen % 3,7tan ordainsaririk gabeko senideei.
Etxe horietan beretan, lanaldian zehar adingabeak medikuarenera eraman behar direlarik, gaixorik daudenean edo ikastetxerik ez dutelarik, adingabeen noizbehinkako zaintza guraso biei dagokie kasuen % 67,1ean, ordainsaririk gabeko senideei % 17,5etan eta amari % 12,2tan; aldiz, kasuen % 1,9tan bakarrik arduratzen da aita haiek zaintzeaz.
Azkenik, lan-lehentasunei dagokienez, biztanleria landunak soldatapeko izaeraren (% 84,7) alde egiten du autonomoarenaren (% 15,3) aldean, eta nahiago du sektore publikoan lan egin (% 62,4) sektore pribatuaren (% 37,6) aldean; halaber, modu orekatuagoan hautatzen du enpresa handien (% 55,5) eta enpresa txikien (% 44,5) artean.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62