2020/07/27ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENDU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. APARTAMENTU TURISTIKOAK ETA OROTARAKOAK. 2020KO EKAINA
2020ko ekainean jarraitzen du Euskal AEko turismo-ostatuen sektoreak berreskuratzen, baina sarreren eta ostatu-gauen beherakadak % 82 gainditzen du
Ekainean 730 ostatuk jardueraren bat izan dute, maiatzean baino % 82 inguru gehiagok eta guztizkoaren % 63,4k; guztira, 115.692 ostatu-gau izan dira, 2020ko maiatzeko bikoitza
Maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren bidez, jarduera etetea agindu zuen martxoaren 19ko SND7257/2020 Aginduaren arabera irekiera eten zuten hotel eta turismo-establezimenduak berriz ireki ahal izateko mugak eta baldintzak ezartzen dira. Une horretatik aurrera, establezimenduak pixkanaka joan dira irekitzen, eta joerari eutsi egin zaio, 2020ko ekainean.
Guztira, 730 establezimenduk ostatu-eskaintzari eutsi diote 2020ko ekainean Euskal AEn, COVID-19ari aurre egiteko hartutako salbuespenezko neurrien ondorioz ezarritako jardueraren ia erabateko etetearen ondoren, apirilean (109 establezimendu zabalik) eta, baldintza ugarirekin, maiatzean (400 establezimendu zabalik).
Itxitako establezimenduen kopuruaren gainean hartutako neurrien inpaktua arindu egin da ekainean, aurreko hilen aldean. Hala, hil osoaren itxierak 2020ko ekainean 417 establezimendutan izan du eragina; maiatzean 745 establezimendu egon ziren, beraz, % 44 gutxiago ekainean, eta apiril osoan ixita egon ziren 1.037 establezimenduak baino % 60 gutxiago. Hala ere, 2019ko hil berarekin erkatuz gero, agerian uzten da sektorean efektuak luzatu egin direla: 2019an 88 establezimendu baino ez ziren itxita egon ekainean, hainbat motibo tarteko; alegia, aurtengo ekainean 2019ko ekainean itxita egon zen kopurua halako bost ia egon da itxita.
Egoera antzekoa da hiru lurraldeetan: Arabak maiatzaren egunen batean 63 establezimendu izan ditu zabalik eta, ekainean, 130; Bizkaian, maiatzean 148 establezimendu egon dira zabalik eta, ekainean, 254, eta, Gipuzkoan, 189 egon dira zabalik maiatzean eta 346 ekainean.
Hotel, landetxe eta turismo-apartamentuetan, 55.586 sarrera erregistratu ziren 2020ko ekainean, alegia, % 82,8ko beherakada egon da, aurreko urteko hil beraren aldean. Bizkaian EAEko sarrera guztien % 41,4 kontzentratzen da, baina sarrerak, guztira, % 84,2 egin du behera. Gipuzkoan erkidegoko sarreren % 41,2 kontzentratzen da eta, bertan, % 83,1eko beherakada egon da, Araban, EAEko sarreren % 17,4 kontzentratzen da, eta % 77,2ko beherakada izan du.
Aztertutako establezimendu guztien ostatu-gauek behera egin zuten, era berean, % 82,2 2020 ekainean, 2019ko ekainaren aldean: % 83,5 Bizkaian, % 83,9 Gipuzkoan eta % 71,5 Araban.
Zifra horiek gorabehera, aurreko hilaren aldean egon den hobekuntza esanguratsua da; hil honetako sarrerek maiatzean erregistratu ziren 9.714 sarrerak ia bikoiztu egiten dituzte, eta ostatu-gauak bikoitza baino gehiago izan dira (maiatzean 42.919 izan ziren eta ekainean 115.692).
Turismo-apartamentuak
Turismo-apartamentuen kasuan, 73 establezimenduk jarduera izan dute egunen batean ekainean, eta, 2020ko maiatzean, berriz, 45ek. 28 establezimendu egon dira, guztira, aldi guztian itxita, eta 2019ko hil berean bakarrik 4.
Lurralde historikoen arabera, establezimenduak irekitzeko erritmoa antzekoa izan da. Araban, 13 establezimenduk izan zuten jarduera maiatzean eta 16k ekainean, Bizkaian 14k maiatzean eta 26k ekainean eta, azkenik, Gipuzkoan, 31 establezimendu egon dira zabalik aurtengo ekainean eta 18 maiatzean.
Euskal AEko turismo-apartamentuetan 2.854 sarrera erregistratu dira ekainean; 2019ko hil berean 9.346 izan ziren. Guztira 11.022 ostatu-gau egon dira, 2019ko ekaineko 29.374 ostatu-gauak baino % 62,5 gutxiago. Aurreko hilean, 2020ko maiatzean, sarrerak mila baino gutxiago izan ziren (954) eta ostatu-gauak 7.869 pertsonari dagozkionak baino ez.
Lurralde historikoen arabera, Arabak 630 sarrera eta 4.466 ostatu-gau erregistratu ditu; Bizkaiak, 1.340 sarrera eta 3.746 ostatu-gau, eta Gipuzkoak, 883 sarrera eta 2.810 ostatu-gau.
Establezimendu mota horretan ostatu hartu duten bezeroen % 92,7 Estatukoa izan da, eta atzerritarrak % 7,2 izan dira. 2019ko ekainarekin alderatuta, ostatu-gauetan turismo atzerritarra % 81,7 jaitsi da eta Estatukoa, % 51,1.
2020ko ekaineko batez besteko egonaldia establezimendu mota horretan 3,86 egunekoa izan da eta, 2019ko ekainean, 3,14koa. Lurralde historikoaren mailan, zifra horiek igotzen joan dira, aurreko urteko hil beraren aldean: Araban 6,82 egun ziren eta, orain, 7,08; Bizkaian 2,48 ziren eta, orain, 2,80, eta Gipuzkoan, 2,89 ziren eta, orain, 3,18.
COVID-19-AREN KRISIAK ETH-ETAN IZAN DUEN ERAGINARI BURUZKO OHARRA
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak COVID-19ak eragin duen osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratu du. Ondoren hartu diren salbuespenezko neurriek eragin zuzena izan dute establezimendu turistiko hartzaileen ohiko jardueran. Itxiera ia erabatekoa izan zen, harik eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Agindua argitaratu zen arte; bertan, mailaz mailako irekiera mugaturako oinarriak ezartzen dira.
Pasa den ekainaren 21ean alarma-egoera amaitu ondoren, eta hotelak eta establezimendu turistikoak oro har jendeari berriz irekitzeko maiatzaren 9ko aginduan (SDN/399/2020) ezarritako mugekin eta aurretiko baldintzekin, sektore horren jarduera igotzen joan da, pixkanaka, ekainean.
Eustat-ek eskerrak eman nahi dizkie elkarlanean jardun duten establezimendu guztiei, egin duten ahaleginagatik, egoerak ezohikoak izan badira ere. Haiei esker, informazio hau zabal daiteke, eta, haren bidez, bizitzen ari garen krisi honek sektorearen gainean dituen ondorioak kuantifika daitezke.
Ekaineko zabalkundea berriz ere da ohikoa; berriz ere sartu dira estatistika-taula guztiak eta datu-bankua, baina estatistikako sekretuaren ondoriozko murrizketekin.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62