2020/07/22ko prentsa-oharra
Euskadiko AEko hotel-establezimenduak ari dira pixkanaka jarduera berreskuratzen, 2020ko ekainean
372 establezimenduk ostalaritza-jardueraren bat izan dute, eta 89.823 ostatu-gau kontabilizatu dira 2020ko ekainean, 2020ko maiatzeko ia hirukoitza
Pasa den ekainaren 21ean alarma-egoera amaitu ondoren, eta hotelak eta establezimendu turistikoak jendeari berriz irekitzeko maiatzaren 9ko aginduan (SDN/399/2020) ezarritako mugekin eta aurretiko baldintzekin, sektore horren jarduera igotzen joan da, pixkanaka, ekainean.
Testuinguru horretan, Euskadiko AEn 372 establezimenduk hotel-jardueraren bat izan dute ekainean, eta 246 establezimendu itxita egon dira hil osoa. Zifra horiek, 2020ko maiatzean ikusitakoak baino nabarmen hobeak badira ere, oraindik 2019ko hil berean erregistratutakoetatik oso urrun daude; orduan, 578 establezimendu kontabilizatu ziren jarduerarekin, eta 36 itxita, hainbat motibo tarteko.
Lurralde historikoen arabera, joera orokortua da; Araban, maiatzean, 20 establezimenduk izan zuten jarduera eta, ekainean, 46k; Bizkaian, maiatzean, 80 establezimenduk izan zuten jarduera eta, ekainean, 141ek, eta, azkenik, Gipuzkoan, maiatzean, 88 establezimenduk izan zuten jarduera eta, ekainean, 185ek. Hala ere, zifra horiek 2019ko ekainekoak baino nabarmen baxuagoak dira, eta urtebete lehenago zabalik egon ziren establezimenduen bi heren inguru dira; orduan, Araban 68 establezimenduk izan zuten jarduera, 221ek Bizkaian eta 289k Gipuzkoan.
2020ko ekainean izan diren sarrerak eta ostatu-gauak direla eta, 2019ko hil bereko zifrekin erkaketarik egiten bada, agerian uzten da COVID19ak Euskadiko AEko hotel-sektorean izan duen eragin handia. 2020ko ekaineko sarrerak 47.669 izan dira, 89.823 ostatu-gau, eta aurreko urtean, berriz, 298.247 sarrera eta 581.962 ostatu-gau. Krisiak aurtengo ekainean aurreko urteko hil beraren aldean izan duen eragina oso antzekoa izan da hiru lurraldeetan: Araban sarrerak % 78,3 jaitsi dira eta % 76,4 ostatu-gauak; Bizkaian, % 85,2 sarrerak eta % 85,3 ostatu-gauak, eta, Gipuzkoan, % 84,5 sarrerak eta % 86,0 ostatu-gauak.
2020ko maiatzarekin erkatuta, bai sarrerak bai ostatu-gauak nabarmen hazi dira; sarrerak 7.764 izatetik 47.669 izatera igaro dira, eta ostatu-gauak 30.049 izatetik 89.823 izatera. Jardueraren berraktibazioa agerian geratu da hiru lurralde historikoetan. Araban, 2020ko maiatzean, 1.790 sarrera eta 7.278 ostatu-gau zenbatu ziren, eta, ekainean, 8.151 sarrera eta 16.085 ostatu-gau. Bizkaian, maiatzean, 2.448 sarrera izan ziren, eta, ekainean, 20.201; maiatzean, 11.486 ostatu-gau, eta, ekainean, 38.406. Gipuzkoan, azkenik, ekaineko sarrerak eta ostatu-gauak 19.317 eta 35.332 izan ziren, hurrenez hurren, eta, maiatzean, 3.526 eta 11.285.
Euskadiko AEn Estatuko bidaiarien 74.998 sarrera erregistratu ziren, eta atzerritarren 14.825, ekainean. Atzerriko egoiliarren sarrerak sarrera guztien % 15,6 dira, eta 2019an, hil berean, ehuneko hori % 48,1ekoa zen.
Batez besteko egonaldia 1,88 egunekoa izan da azken ekainean, 2019ko ekainekoaren behetik, orduan 1,95 egunekoa izan baitzen. Araban igo egin da, iaz 1,81 egunekoa izan zen eta, aurtengo ekainean, 1,97 egunekoa. Bizkaian batez besteko egonaldiak ez du ia aldaketarik izan (1,91 egun 2019ko ekainean eta 1,90 egun 2020ko ekainean), eta, Gipuzkoan, batez besteko egonaldiak behera egin du (2019ko ekainean 2,04 egun eta, pasa den ekainean, 1,83).
Plazen araberako okupazio-maila dela eta, ehuneko 39,9 puntu egin du behera EAE osorako; 2019ko ekainean % 63,1 izan zen eta aurtengo ekainean, % 23,1. Lurraldeen arabera, plazen araberako okupazio-mailak % 22,2koa, % 23,8koa eta % 22,9koa dira, hurrenez hurren, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuetan, eta beherakadak -hurrenkera berean-, ehuneko 31 puntukoa, 36,4koa eta 47,1ekoa.
Landetxeen bi herenek jarduera izan dute 2020ko ekaineko egunen batean
COVID-19aren krisiak landetxeetan izan duen eragina hoteletan ikusitakoaren antzekoa izan da. Hala, ekaineko egunen batean ostatua eskaini duten establezimenduak 285 izan dira, eta, 2019ko ekainean, 372 izan ziren. 2019ko ekainean landetxeen % 88,6 egon zen zabalik eta, aurtengo ekainean, % 66,6. Berriz, 143 ostatuk itxita jarraitu dute aldi osoan zehar, eta, 2019ko ekainean, 48 egon ziren itxita.
Hala ere, aurreko hilaren aldean, 2020ko maiatzaren aldean, jardueran gorakada nabarmena ikusten da; izan ere, hil horretan jarduera izan duen ostatu-kopurua hazi egin zen, maiatzean 167 izatetik ekainean 285 izatera.
Euskadiko AEko landetxeetan 5.063 sarrera izan ziren 2020ko ekainean. Datu horiek eta 2019ko ekainekoak oso bestelakoak dira, orduan 16.035 izan baitziren; beraz, ekainean indarrean egon diren prebentzio-neurrien inpaktuak jarraitu du landetxeetako jardueran eragin handia izaten. Hala ere, landetxeetako sarrera-kopurua 2020ko maiatzean erregistratutako 996 sarrerak baino nabarmen handiagoa da.
Lurralde historikoen arabera, Arabak, ekainean, 867 sarrera eta 2.837 ostatu-gau erregistratu zituen; Bizkaiak, 1.496 sarrera eta 4.620 ostatu-gau, eta Gipuzkoak, 2.700 sarrera eta 7.390 ostatu-gau. Zifra horiek 2019ko ekainekoen oso azpitik daude, baina agerian uzten dute hiru lurraldeetan ari dela jarduera berraktibatzen.
COVID-19-AREN KRISIAK ETH-ETAN IZAN DUEN ERAGINARI BURUZKO OHARRA
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak COVID-19ak eragin duen osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratu du. Ondoren hartu diren salbuespenezko neurriek eragin zuzena izan dute establezimendu turistiko hartzaileen ohiko jardueran. Itxiera ia erabatekoa izan zen, harik eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Agindua argitaratu zen arte; bertan, mailaz mailako irekiera mugaturako oinarriak ezartzen dira.
Pasa den ekainaren 21ean alarma-egoera amaitu ondoren, eta hotelak eta establezimendu turistikoak jendeari berriz irekitzeko maiatzaren 9ko aginduan (SDN/399/2020) ezarritako mugekin eta aurretiko baldintzekin, sektore horren jarduera igotzen joan da, pixkanaka, ekainean.
Egoera horrek ekarri du ETH-ak eraikitzeko behar den informazioa eskuratzeko ahalegina handiagoa izatea, bai informazioa biltzeko eta tratatzeko ardura duten langileen aldetik, bai, batik bat, inkesta bete duten establezimenduen aldetik.
Eustat-ek eskerrak eman nahi dizkie elkarlanean jardun duten establezimendu guztiei, egin duten ahaleginagatik, egoerak ezohikoak izan badira ere. Haiei esker, informazio hau zabaldu da, eta, haren bidez, hartutako neurriek sektorearen gainean izan dituzten ondorioak kuantifikatu dira.
Ekaineko zabalkundea berriz ere da ohikoa; berriz ere sartu dira estatistika-taula guztiak eta datu-bankua, baina estatistikako sekretuaren ondoriozko murrizketekin.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62