2020/07/02ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PRODUKZIOAREN INDIZEA. 2020KO MAIATZA
Euskal AEko industria-jarduera % 27,8 jaitsi da 2020ko maiatzean
Aurreko hilabetearekin alderatuta, 2020ko apirila, industria-sektoreak % 16,5 egin du gora ekoizpenean
Euskal AEko industria-ekoizpenak % 27,8 egin du behera 2020ko maiatzean 2019ko hilabete berarekin alderatuta, lan-egutegiaren termino homogeneoetan, Eustatek egindako datuen arabera. Jaitsiera hori nabarmen txikiagoa izan da joan den apirilean baino, noiz urte arteko konparazioan galera % 39koa izan baitzen.
Maiatza konparatuta aurreko hilarekin, 2020ko apirilarekin, Euskal AEko industria-ekoizpenak % 16,5 egin du gora, urtaro-eraginak zuzendu ondoren. Hilabete lehenago, apiriletik martxora bitarteko konparazioak % 25,1eko beherakada izan du.
2020ko lehen bost hilabeteetako balantzea industria-jardueraren % 16,5eko uzkurtze metatuarekin ixten da.
2020ko maiatzeko indizearen bilakaera, 2019ko maiatzarekin alderatuta, negatiboa da industria-sektore handi guztietan. Bitarteko ondasunak % 38,9 jaitsi dira, eta Ekipo-ondasunak, berriz, % 30,9. Lehenengoen artean daude metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa edo kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa; bigarrenen artean, berriz, ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialaren egitea edo aireontziak edo itsasontziak egitea.
Kontsumo-ondasunak, oro har, % 20,0 jaitsi dira urtetik urtera, zeren Kontsumo-ondasun iraunkorrak % 32,1 jaitsi baitira, eta Kontsumo-ondasun ez iraunkorrak, berriz, % 17,2 jaitsi baitira. Kontsumo-ondasun iraunkorrak epigrafean altzariak, etxeko tresnak edo produktu elektronikoak fabrikatzeko jarduerak daude. Elikagaien fabrikazioa, prozesatzea eta kontserbazioa, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruko jarduerak.
Energiak % 14,2 egin du behera, behin zuzenduta dagozkion egutegi-efektuak. Sektore horretako jarduera azpimarragarrienen artean energia elektrikoa hornitzea eta petrolioa fintzea daude.
Hilabete arteko aldakuntzak, 2020ko maiatza 2020ko apirilaren gainean, berriz, bilakaera positiboa izan du industria-sektore handi guztietan, Energiaren kasuan izan ezik, % 5,3 jaitsi baita urtaroaren araberako ondorioak zuzendu ondoren. Ekipo-ondasunak % 34,8 hazi dira, Bitarteko ondasunak % 15 eta Kontsumo-ondasunak, oro har, % 6,1 igo dira, tamaina desberdineko bi hazkunderekin konbinatuta: Kontsumo-ondasun iraunkorrak % 25,7 igo dira, eta Kontsumo-ondasun ez iraunkorrak, berriz, % 3,1.
Maila bereiziago batean, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, 2020ko maiatzean jaitsiera handienak izan dituztenak, urtetik urterako aldaketetan, honako hauek izan dira: Kautxua eta plastikoak (% 46,6 uzkurtu da), Metalurgia eta metalezko produktuak (% 42,1 murriztu da) eta Garraio-materiala (% 35,6 behera), egutegiaren ondorioak zuzendu ondoren. Sektore garrantzitsuenen artean, Energia elektrikoa, gasa eta lurruna da, % 11,7ko murrizketarekin, beherakada txikiena izan duena.
Lurraldeetan, Industria Produkzioaren Indizearen maiatzeko urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiruretan: Hala, Araban % 30,2ko beherakada gertatu da, Bizkaian % 28,4koa eta, azkenik, Gipuzkoan % 25,7koa.
Hilabete arteko terminoetan, 2020ko maiatza 2020ko apirilaren aldean, betiere urtaro-eraginak zuzendutako terminoetan, ekoizpena % 27 hazi da Araban, % 14 Gipuzkoan eta, azkenik, % 13,7 Bizkaian.
COVID-19AREN KRISIAK MAIATZEKO IPI-N DUEN ERAGINARI BURUZKO OHARRA
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu du COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko.
Gerora hartutako aparteko neurrien ondorioz, industria-establezimendu askoren ohiko jarduera partzialki edo guztiz geldiarazi da. Maiatzean gaindi sektorea pixkanaka suspertzen aritu dela ikusi da.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie lagundu duten enpresa guztiei egindako ahaleginagatik aparteko baldintza hauetan. Haiei esker, maiatzeko indizea, zeinen informazioa ekainean zehar jaso den, laginaren % 94,10ko estaldurarekin kalkulatu da.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62