2020/06/29ko prentsa-oharra
JAIOTZEN ESTATISTIKA. 2019
Euskal AEn % 4,2 gutxitu ziren jaiotzak 2019an
Atzerriko amen % 41,2k 30 urte baino gutxiago zituzten, eta nazionalitate espainiarreko amen % 12,2k
Euskal AEko jaiotza-kopurua 15.418 izan zen 2019an, aurreko urtean baino % 4,2 gutxiago, Eustatek eginiko datuen arabera.Espainiar nazionalitatea duten amen artean, jaitsiera % 6,8koa izan zen; ama atzerritarren artean, berriz, jaiotzen kopurua % 3,5 igo zen.
Lurraldeen araberako banaketari dagokionez, Gipuzkoan izan da beherakadarik handiena (-% 6,1), ondoren Araban (-% 4,4) eta, azkenik, Bizkaian (-% 2,8). Horrenbestez, jaiotzen kopurua 5.133, 2.565 eta 7.720 izan da, hurrenez hurren.
Jaiotza-tasa 7 jaiotzakoa izan zen mila biztanleko. Kopururik altuena Arabak du (‰ 7,8), ondoren Gipuzkoak (‰ 7,2) eta Bizkaiak (‰ 6,8). Euskal AEn tasa horrek 0,4 puntu egin du behera 2018. urtearekin alderatuta, eta 2,7 puntu 2009. urteaz geroztik, urtea zeinetan goia jo baitzuen mende honetako jaiotza-tasaren gorakadak.
Jaiotzen % 79,8tan amek 30 urte edo gehiago zituzten
Jaiotza-talderik ugariena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena da, guztien % 35,4rekin, 2018an bezala. Ondoren dator 35 eta 39 urte bitarteko amen jaiotzek osatzen dutena (% 34,1). 40 urte eta gehiagoko taldeak % 10etik gora jarraitzen du (% 10,4), eta aurreko urtearekin alderatuta ehuneko bi hamarren jaitsi da. 25-29 urteko amen haurren kopurua % 13,0 da, eta 20-24 urtekoena, % 5,9. Azkenik, ama nerabeak guztizkoaren % 1,3 izan ziren, aurreko urtean baino 2 hamarren gehiago.
Amen % 27,4, atzerritarrak
Amen nazionalitateari so eginez gero, % 27,4k atzerriko nazionalitatea zuten, eta 4.223 haur erditu ziren. 2018an % 25,4 izan ziren ama atzerritarrak. Ama horien jatorrizko herrialde nagusiak honako hauek izan ziren: Maroko, 843 amarekin, Kolonbia (325), Errumania (286), Nikaragua (225), Bolivia (199), Paraguai (168), Aljeria (158), Honduras (147), Nigeria (141), Brasil (132), Venezuela (131) eta Ekuador (130).
Emakume atzerritarrek Euskal AEn bizi diren espainiar nazionalitatekoek baino gazteago izan dituzte seme-alabak: kasuen % 41,2tan 30 urte baino gutxiagorekin izan dituzte, eta espainiar nazionalitatea duten amen kasuan, % 12,2tan.
Amen batez besteko adina 33,3 urtekoa izan zen, aurreko urtekoa baino zertxobait txikiagoa (33,5), baina balio hori 34,3 urtera igotzen da espainiar nazionalitatea dutenen artean, eta 30,7 urtekoa da atzerriko nazionalitatea duten amen artean. 2019ko ama lehen erdituen batez besteko adina 32,3 urtekoa izan zen.
Ezkontzaz kanpo jaiotako haurren ehunekoak gora egiten jarraitzen du
2019an ezkontzaz kanpoko jaiotzak 6.946 izan ziren, hau da, jaiotza guztien % 45,1; 2018an, berriz, % 44,4 izan ziren. Duela 10 urte, 2009an, ezkontzaz kanpo jaiotako haurren ehunekoa % 31,2 zen.
Jaiotza-hurrenkera kontuan harturik, 2019an izandako lehen 7.553 jaiotzak guztizkoaren % 49 izan ziren, bigarrenak % 38,1 eta hirugarrenak eta ondorengoak guztizkoaren % 12,9. 2019an, bizirik jaioen artean, 100 neskatoko 105 mutiko jaio ziren. Mutikoen batez besteko pisua, 3.337,5 gramo; neskatoena, 3.213,1.
Jaiotza-tokiaren arabera, nabarmendu behar da jaiotzen % 89,3 ospitale publikoetan izan zirela, % 10,4 ospitale pribatuetan eta % 0,4 etxean berean. 15.226 erditze izan ziren, zeinetarik 14.968 bakunak, 252 bikoitzak eta 6 hirukoitzak. Erditze guztietatik, 854 goiztiarrak izan ziren (% 5,6).
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62