2020/07/20ko prentsa-oharra

UNIBERTSITATEAREN ESTATISTIKA. 2019

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal unibertsitateetako ikasleen kopuruak gora egin du 2018/19 ikasturtean, bigarren urtez jarraian

12.993 gaztek ikasketak amaitu dituzte 2019an: 9.316k graduatu-titulua lortu zuten, 3.219k master ofizialeko titulua eta 458k doktorego-titulua

Eustatek landutako datuen arabera, 2018/19 ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitateek 67.374 ikasle izan dituzte guztira; hau da, aurreko ikasturtean baino % 0,9 gehiago. Bigarren urtez jarraian egin du gora matrikula-kopuruak.

Graduko ikasleak ikasle guztien % 84 izan dira, eta % 0,5eko igoera izan du, aurreko ikasturtearen aldean. Gainerako % 16a graduondoko ikasketetan –master ofizialak eta doktoregoak– matrikulatu da; % 1eko eta % 6,5eko gorakadak izan dituzte, hurrenez hurren.

Unibertsitate publikoak unibertsitateko ikasleen % 72 du; azken zortzi urteotan, ehuneko 7 puntu galdu ditu. Graduko ikasketetan, ehunekoa bera izan da (% 72). Masterrak egiten dituzten ikasleen ehunekoa % 62ra jaitsi da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren doktoregoen kasuan, berriz, % 87ra igo da.

Ikasketak egiteko lurraldeari dagokionez, ikasleen % 59k Bizkaiko unibertsitateetan egin dituzte ikasketak, % 29k Gipuzkoako unibertsitateetan eta % 12k Arabakoetan

graf0017485_01_e.png

Graduko ikasketak egiten dituzten emakumeen kopurua % 54ra iritsi da

Emakumeen kopurua handiagoa da graduko ikasketetan; ehuneko 9 puntuko desberdintasuna dago gizonen aldean. Nabarmentzekoa da 18 eta 21 urte bitarteko ikasleen kasuan emakumeen kopurua gizonena baino ehuneko 11 eta 14 puntu bitartean handiagoa dela; hala ere, geroago bi sexuen kopurua parekatu egiten da.

Doktoregoak direla eta, emakumeek duten aldea txikiagoa da (3 puntukoa), eta masterretan, berriz, bi sexuen kopurua parekatuta dago.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 18 urteko biztanleen % 44 unibertsitate-ikasketaren bat egiten ziharduen

18 urteko gazteetan, Euskadin, unibertsitate-ikasketei lotutako eskolatze-tasa, autonomia-erkidegoen artean alderatuta, % 44koa da; zerrendako bigarren erkidegoa da, Madrilen atzetik (% 52), Estatuko batezbestekoa baino ehuneko 11 puntu gehiagorekin.

22 urteko ikasleetan, unibertsitateko ikasleen proportzioa %36koa da, eta tasarik handiena duen hirugarren autonomia-erkidegoa da, Madrilen (% 52) eta Gaztela eta Leonen atzetik (% 39). 24 urteko ikasleen kasuan, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko ehunekoa % 17 da, hau da, Estatuko batezbestekoa baino pixka bat baxuagoa.

graf0017485_02_e.png

Generoak eragina du unibertsitate-karrera aukeratzeko orduan

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateren batean graduko ikasketetan matrikulatuta dauden 56.845 gazteetatik, erdiak honako ikasketa hauetako batean matrikulatu dira: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza (5.683), Lehen Hezkuntza (4.007), Zuzenbidea (3.508), Psikologia (2.766), Haur Hezkuntza (2.140), Ingeniaritza Mekanikoa (2.138), Medikuntza (1.840), Erizaintza (1.492), Gizarte Hezkuntza (1.489), Industria Teknologiaren Ingeniaritza (1.431), Gizarte Lana (1.338) eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza (1.256).

Generoak erabakigarria izaten jarraitzen du unibertsitate-ikasketak aukeratzeko orduan; titulazioen % 36an emakumeak dira gehiengoa, beste % 39an gizonak dira gehiengoa, eta titulazioen % 25ean baino ez dago orekatuta bi sexuen kopurua.

Nabarmentzekoak dira emakumeen % 80ko ehunekoa baino handiagoa duten gradu batzuk: Haur Hezkuntza, Pedagogia, Erizaintza, Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketa, Itzulpengintza eta Interpretazioa eta Kultura Ondareen Kontserbazioa eta Zaharberritzea.

graf0017485_03_e.png

Ikasleen laurden bat baino gutxiago emakumeak dituzten titulazio guztiak ingeniaritza-arlokoak dira. Gainera, lau titulaziotan gizonen presentzia % 90etik gorakoa da, honako hauetan: Itsas Ingeniaritza, Komunikazioen Ingeniaritza elektronikoa, Ingeniaritza Mekatronikoa eta Automobilgintza Ingeniaritza.

Azkenik, parekotasunik handieneko graduak honako hauek izan dira: Matematika, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Ingurumen Zientziak, Arkitektura Teknikoa eta Kimika Ingeniaritza.

2018/19 ikasturtean 12.993 gaztek amaitu dituzte ikasketak; % 56 emakumeak izan dira

12.993 gaztek ikasketak amaitu dituzte 2019an: 9.316k graduatu-titulua lortu dute, 3.219k master ofizialeko titulua eta 458k doktorego-titulua. Aurreko ikasturtearen aldean aldaketa ez da esanguratsua izan gradu eta masterretan, baina gainditutako doktorego-tesuen kopurua % 25 hazi da.

Gizarte- eta lege-zientzien adarrean egresatuen erdia izan da, eta zientzien eta osasun-zientzien adarretako tituluetan egon da egresatu gutxien, % 6 eta % 7, hurrenez hurren.

Adarren araberako tituludunen banaketa desberdina da generoaren arabera, matrikulekin bezala. Ingeniaritzaren eta arkitekturaren adarrak izan du sexuaren arabera gizonen aldeko banaketa nabarmenena, haien presentzia emakumeena baino ehuneko 24 puntu handiagoa izan baita, eta osasun-zientzien adarrean emakumeen proportzioak 13 puntuan gainditu du gizonena.

Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal unibertsitateetako ikasleen kopuruak gora egin du 2018/19 ikasturtean, bigarren urtez jarraian

Eragiketa : 
Unibertsitatearen estatistika
Eragiketa kodea : 
040603
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2012/13-2023/24
Eguneratze data : 
2020/07/20
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0017485_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali