2020/06/26ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENTU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. APARTAMENTU TURISTIKOAK ETA OROTARAKOAK. 2020KO MAIATZA
Hotelek, landa-ostatuek eta apartamentu turistikoek oso modu mugatuan ekin berri diote jarduerari 2020ko maiatzean zehar Euskal AEn
Maiatzean jardueraren bat zuten ostatuen kopurua 400 izan zen, apirileko 109ko kopuruaren aldean; guztira, 42.919 ostatu-gau izan ziren
Maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduan ezartzen dira mugak eta baldintzak zeinekin berriz ireki ahal diren martxoaren 19ko SND/257/2020 Aginduaren arabera jarduera eten behar izan zuten hotelak eta turismo-establezimenduak. Une horretatik aurrera, establezimenduak pixkanaka ireki dira.
Hala, Euskal AE osoan maiatzean jardueraren bat izan duten establezimenduen kopurua 400 izan da. Apirilean, sektoreko jarduera funtsezko edo ezinbesteko langileei ostatu ematera mugatu zen ia, eta jardueraren bat izan zuten establezimenduak 109 baino ez ziren izan. Hala ere, sektorearen irekiera oso mugatua izan da, zeren 2019ko maiatzean jarduerarik zuten establezimenduen kopurua 1.022koa izan baitzen. Izan ere, 745 establezimendu turistiko itxita egon dira maiatz osoan zehar, eta 97 establezimendu egon ziren itxita iazko maiatzean hainbat arrazoirengatik.
Sektorearen abiatze motel horrek antzeko eragina izan du hiru lurraldeetan: 63 establezimendu zeuden Araban jardueraren batekin maiatzean (15 izan ziren apirilean), 148 Bizkaian (aurreko hilean 48 izan ziren) eta 189 Gipuzkoan (46 izan ziren apirilean). Urtebete lehenago, 2019ko maiatzean, Araban 181 ostatu-establezimenduk izan zuten jarduerarik, 357k Bizkaian eta 484k Gipuzkoan.
2020ko maiatzean ikusitako sarrera eta gaualdiei dagokienez, 2019ko hilabete bereko zifrekiko konparazioak agerian uzten du COVID 19aren krisiak eragin itzela izan duela Euskal AEko turismo-sektorean. 2020ko maiatzeko sarrerak 9.714 izan dira, guztira 42.919 ostatu-gau, aurreko urteko hil bereko 318.266 sarrera eta 634.258 ostatu-gauen aldean.
2020ko apirilarekin alderatuta, nabarmena da sarrerak eta ostatu-gauak igo egin direla; izan ere, hilabete horretan sarrerak eta ostatu-gauak gutxienekoetan gelditu ziren, 2.273 eta 21.381, hurrenez hurren.
Lurraldeetan, Araban 2.082 sarrera izan dira maiatzean, eta apirilean, berriz, 702; 10.692 ostatu-gau izan dira maiatzean, eta 6.985, berriz, apirilean. Bizkaian, sarrerak 614 izan ziren apirilean, eta 3.321 maiatzean, eta ostatu-gauak 6.717tik 15.815era iragan dira tarte berean. Azkenik, Gipuzkoan 4.311 sarrera izan dira maiatzean, aurreko hilabeteko 957ko kopuruaren aldean, eta ostatu-gauak apirilean 7.679 izatetik maiatzean 16.412 izatera igaro dira. Kopuru horiek guztiak 2019ko maiatzean erregistratutakoetatik oso urrun daude, eta agerian uzten dute aparteko neurriek eragin arras handia izan dutela hiru lurraldeetan turismoaren sektorean.
Apartamentu turistikoak
Apartamentu turistikoen kasuan, 45 establezimenduk erregistratu dute jarduerarik maiatzeko egunen batean, eta 79 establezimenduk 2019ko maiatzean. Aitzitik, 55 establezimendu itxita egon dira aldi osoan, eta 2019an 5 bakarrik egon ziren itxita. Apirileko datuekin alderatuta, jarduerarik izan duten establezimenduak ia bikoiztu egin dira (22 izan ziren aurreko hilean) eta itxitako establezimenduak, 78 apirilean, nabarmen jaitsi dira.
Establezimenduak irekitzeko erritmoa homogeneoa izan da hiru lurraldeetan. Araban, apirilean jarduera zuten 6 establezimendutik maiatzean 13ra igaro da; Bizkaian, berriz, 8tik 14ra iritsi da, eta, azkenik, Gipuzkoan 18 establezimendu ireki dira azken hilabetean, apirileko 8en aldean.
Euskal AEko apartamentu turistikoetan guztira erregistratu diren sarrerak 954 izan dira maiatzean, eta 2019ko hilabete berean 7.523 izan ziren. Aurreko hilabetean, 2020ko apirilean, sarrerak 576ra mugatu ziren. Antzeko bilakaera ikusten da ostatu-gauen kopuruan, hobekuntza nabarmena izan baita apirileko datuekin alderatuta (7.869 maiatzean, eta 6.570, berriz, apirilean), baina 2019ko maiatzetik oso urrun, noiz 26.548 ostatu-gau izan baitziren.
Arabak 183 sarrera eta 3.080 ostatu-gau zenbatu ditu, Bizkaiak 546 sarrera eta 2.730 ostatu-gau eta Gipuzkoak 225 sarrera eta 2.059 ostatu-gau.
COVID-19-AREN KRISIAK TEH-ETAN IZAN DUEN ERAGINARI BURUZKO OHARRA
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu du COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko.
Gerora hartu diren salbuespenezko neurriek inpaktu zuzena izan dute turismo-establezimendu hartzaileen ohiko jardueran. Itxiera ia erabatekoa izan zen, harik eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Agindua argitaratu zen arte; bertan, mailaz mailako irekiera mugaturako oinarriak ezartzen dira.
Egoera horrek ekarri du ETHI eraikitzeko beharrezkoa den informazioa lortzeko egindako ahalegina handitu izana, bai informazioa biltzen eta tratatzen diharduten langileen aldetik, bai, batez ere, inkestatutako establezimenduen aldetik.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie lagundu duten establezimendu guztiei egindako ahaleginagatik aparteko zirkunstantzia hauetan. Haiei esker, zabaldu ahal izan da hartutako neurriek sektorean izan duten eragina kuantifikatzeko aukera ematen duen informazio hau.
Maiatzeko zabalkundea, oraingoz, prentsa-ohar honetara mugatuko da. Eragiketa honetako gainerako produktuak behin betikotzat jotzen direnean zabalduko dira.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62