2020/06/23ko prentsa-oharra
AKTIBITATEAREN UDAL ESTATISTIKA. 2019/01/01
Lan-merkatuaren hobekuntza Euskal AEko ia eskualde guztietara hedatu zen 2019ko urtarrilaren 1ean
20 eskualdeetatik 18tan enplegu-tasak gora egin zuen, eta 19tan, berriz, langabezia-tasak behera
2019ko urtarrilaren 1eko lan-merkatuaren argazkiak erakusten du lan-merkatuak hobera egin duela Euskal AEko ia lurralde osoan, Eustatek egindako datuen arabera.
Zehazki, eskualde mailan, enplegu-tasak gora egin du oro har 2018. urtearekin alderatuta, eta honako hauek izan dira hazkunde handienak izan dituzten eskualdeak: Arabako Mendialdea (+1,4 puntu), Añana (+0,9 puntu) eta Urola Kosta eta Tolosaldea (+0,8 puntu). Gorbeialdeak joera positibo hori alde batera utzi du eta ehuneko puntu bat jaitsi da, % 58,3tik % 57,3ra. Hala ere, Euskal AEko enplegu-tasa handiena duen eskualdea izaten segitzen du. Era berean, ez du hobera egin Markina-Ondarroak, zeinen enplegu-tasa % 47,5etan mantendu baita.
Udalerri mailan, 251 udalerrietatik 160tan igo da enplegu-tasa aurreko urtearekin alderatuta. Igoera hori batez bestekoa baino handiagoa da Gaintza (+5,4 puntu), Altzo (+5,1 puntu), Albiztur eta Zambrana (+4,5 puntu), Moreda Araba eta Mañaria (+4,4 puntu) eta Bilar (ehuneko +4,3 puntu) bezalako udalerrietan, guztiak 1.000 biztanletik beherakoak. 10.000 eta 40.000 biztanle bitarteko udalerrien artean, bilakaera nahiko homogeneoa izan da, eta Pasaia, Sestao, Tolosa eta Lasarte-Oria nabarmendu daitezke, enplegu-tasan ehuneko puntu inguruko aldaketa positiboa izan baitute.
Halaber, bilakaera positiboa izan da 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerri guztietan, hazkunde txikiekin Getxo (ehuneko 0,1 puntu) eta Barakaldo (ehuneko 0,8 puntu) artean.
Hiriburuei dagokienez, hiru hiriburuetan egin du gora enplegu-tasak: Bilbon 0,7 puntukoa izan da igoera, Donostian 0,4 puntukoa eta Gasteizen 0,3 puntukoa.
Bestalde, 23 udalerrik % 60tik gorako enplegu-tasa dute, eta aipatu behar da guztiak 10.000 biztanletik beherako geruzakoak direla, Etxebarri izan ezik; lehenengo postuak Astigarraga (% 67,6), Aduna (% 65,3), Baliarrain (% 65,1) eta Irura (% 65) dira. Dena den, maila horretan daude enplegu-tasa txikiena duten udalerriak ere; horien artean, Elantxobe (% 36,9), Lagran eta Lanestosa nabarmentzen dira, bietan % 38,9ko tasarekin.
Udalerri handienen artean, Errenteriak bakarrik gainditzen du Euskal AEko batezbestekoa, % 51,3ko tasarekin. Beste batzuek, hala nola Irunek, Barakaldok, Getxok, Santurtzik, Basaurik edo Portugaletek, azken horren % 45,5etik lehenengoaren % 49,9ra bitarteko enplegu-tasak dituzte. Bilboko enplegu-tasa % 47,4koa da, guztizkoaren % 50,6tik behera; Donostian enplegu-tasa % 50,8koa da, eta % 52,3koa Gasteizen.
Industria-espezializazioagatik nabarmendu egiten dira Debagoiena eta Goierri eskualdeak, nekazaritza-sektorean Arabako Errioxa eta zerbitzuetan Bilbo Handia eta Donostialdea
Nekazaritza-sektorean enplegu-proportzio handia duten udalerri gehienak Arabakoak dira, bereziki Mañueta, Navaridas eta Iekora, zeinetan enplegaturiko hamar pertsonatik seik sektore horretan lan egiten duten. Era berean, industria-enplegua handia da Gipuzkoako zenbait udalerritan, hala nola Oñatin (% 46,5), Antzuolan (% 43,2) eta Eskoriatzan (% 42,5); Bizkaian, aldiz, Getxo, Plentzia, Bilbo, Gorliz, Berango eta Sopelan, hamar pertsonatik zortzik zerbitzuen sektorean lan egiten dute; azkenik, eraikuntza-sektoreko enpleguari dagokionez, Gaztelu (% 19,4) eta Beizama (% 16,3) bezalako udalerriak aipa daitezke.
Eskualdeka, aipagarria da Debagoieneko (% 37,8) eta Goierriko (% 35,1) industria-espezializazioa, edo Arabako Errioxako nekazaritzakoa (% 24,6); Bilbo Handia (% 80,9) eta Donostialdea (% 79,8), berriz, zerbitzuen sektorean murgiltzen dira gehien.
Bestalde, langabezia-tasak behera egin du ia eskualde guztietan: muturretan, Arabako Mendialdean, ehuneko 2 puntu; Markina-Ondarroan eta Debagoienean, 0,1 puntu. Gorbeialdean, berriz, tasa hori ehuneko 0,7 puntu igo da, baina, berriz ere, eskualde hori da, Arabako Mendialdearekin batera, Euskal AE osoko langabezia-tasa txikiena duena (% 7).
Udalerri mailan, enpleguarekin gertatu bezala, langabezia-tasarik txikienak udalerri txikienetan dira. Hala ere, aldiko beherakada handiena biztanle gehien duten udalerriek izan dute. 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko geruzan, beherakada ehuneko 1,2 puntukoa izan da, Barakaldo (-1,7 puntu), Santurtzi eta Irun (-1,2 puntu bietan) nabarmenduta. Hiriburuetan, zeinek guztira Euskal AEko 16 urte eta gehiagoko biztanleen % 35,6 biltzen dituzten, langabezia-tasak behera egin du 2018. urtearekin alderatuta: Bilbon ehuneko 1,4 puntu jaitsi da, Donostian puntu 1 eta Gasteizen 0,7 puntu.
Bi hamarren murriztu da langabezia-tasaren genero-arrakala aurreko urtearekin alderatuta, 2,6 puntutik 2,4 puntura igaro baita 2019ko urtarrilaren 1ean
2019an emakumeen langabezia-tasa % 12koa da, eta gizonena, berriz, % 9,6koa. Badirudi sexuaren araberako langabezia-tasaren aldea pertsona bizi den udalerriaren tamainari lotuta dagoela. Horrela, 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, emakumeen langabezia-tasa (% 11,3) gizonena (% 8,1) baino 3,2 puntu handiagoa da. Bien arteko aldea 2,7 puntura jaisten da 10.000 eta 40.000 biztanle bitarteko udalerrietan, eta 2,5 puntura hurrengo geruzan, 40.000 eta 100.000 biztanle artekoetan. Azkenik, aldeak 100.000tik gorakoetan murriztu egiten dira, hiriburuak bakarrik hartzen baitituzte kontuan, izanik 1,7 puntu gehiago emakumeentzat; azken maila horretan gizonen langabezia-tasa % 10,6koa da, eta emakumeena, berriz, % 12,3koa.
Iturria: Eustat. Aktibitatearen udal estatistika
2019an emakumeen enplegu-tasa % 46,5ekoa da, eta gizonena, berriz, % 55ekoa, 8,5 puntu gehiago. Gizonen eta emakumeen arteko alderik handienak 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerrietan daude, lehenengoen alde 9,1 puntu, eta txikienak hiriburuetan daude, non gizonen enplegu-maila (% 53,9) emakumeena (% 46,1) baino 7,8 puntu handiagoa den.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62