2020/07/31ko prentsa-oharra

FAMILIA-GASTUAREN INKESTA. 2019

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko familia bakoitzeko batez besteko gastuak gora egiten jarraitu du 2019an, eta krisiaren aurreko mailan kokatu da

Euskal AEko familien guztizko kontsumo-gastua 31.371 milioi eurora iritsi zen 2019an, eta, beraz, 2018an baino % 1,3 handiagoa izan zen

Familia bakoitzeko batez besteko gastua 34.423 eurora iritsi zen 2019an (aurreko urtean baino % 0,6 gehiago), eta 2015ean hasitako goranzko joerari eutsi dio, Eustatek landutako datuen arabera. Nolanahi ere, krisi ekonomikoaren aurreko gastu-maila lortu zen ia, familien gastua 34.672 eurora iritsi baitzen 2008an; eta, hori guztia, uneko terminoetan.

Familia bakoitzeko batez besteko gastuak 2006-2019ko serie osoan izan duen bilakaera aztertuta ikus daitekeenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren batezbestekoa Espainiakoa baino handiagoa izan da aldi osoan; 2019an, zehazki, % 13,8 handiagoa izan da.

Euskal AEko pertsona bakoitzeko batez besteko gastua 14.524 eurora iritsi da 2019an, eta urtetik urterako % 0,8ko igoera izan du. Nolanahi ere, Espainiako batezbestekoa baino % 19,5 handiagoa izan da. Pertsona bakoitzeko batez besteko gastuaren bilakaerari dagokionez, Euskal AEn gastuak gora egin du 2015. urteaz geroztik, eta pertsona bakoitzeko batez besteko gastua 2008an egindakoa baino % 7,0 handiagoa izan da 2019an.

Gastu-taldeak kontuan hartuta, 2019an euskal familien batez besteko gasturik handiena Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregai batzuk taldekoa izan da berriz, eta aurreko urtekoa baino % 2,1 handiagoa izan da. Bigarren gasturik handiena elikaduran eta alkoholik gabeko edarietan egindako gastua izan da, eta maila berean jarraitu du, 2018. urtearekin alderatuta % 0,3ko igoera izan badu ere. Aldiz, aurreko urtearekin alderatuta, familia bakoitzeko batez besteko honako gastu hauek murriztu dira gehien: Altzariak, etxeko gaiak eta etxearen ohiko mantentzerako gaiak (-% 10,0), Jantziak eta oinetakoak (-% 5,0), Osasuna (-% 2,7), Beste ondasun eta zerbitzu batzuk (-% 2,4) eta Edari alkoholdunak eta tabakoa (-% 1,9).

graf0017510_01_e.png

Gastu-egitura kontuan hartuta, 2019. urtean eutsi egin zaio euskal familien kontsumo-egiturari, eta 4 gastu-talde nagusietan guztizko gastuaren % 69,3 egin da. Haien artean, honako hauek nabarmendu dira: Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregai batzuk (familien aurrekontu osoaren % 34,0), Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (% 13,7), Jatetxeak eta hotelak (% 10,9) eta Garraioa (% 10,7). Haien atzetik, honako hauek kokatu dira: Beste ondasun eta zerbitzu batzuk (% 7,3) eta Aisia eta kultura (% 5,1). 2018. urtearekin alderatuta, ez dago alde handirik gastuaren egiturari dagokionez. Nolanahi ere, euskal familien aurrekontuan gehien aldatu diren gastuak etxebizitzari, urari, elektrizitateari, gasari eta beste erregai batzuei lotutakoak izan dira; zehazki, % 33,5etik % 34,0ra igo dira. Altzariei, etxeko gaiei eta etxearen ohiko mantentzerako gaiei lotutako gastuek, berriz, portzentajezko puntu-erdiko beherakada izan dute, eta, zehazki, familien gastuaren % 4,8tik % 4,3ra jaitsi dira 2018tik 2019ra bitarte.

Euskal Autonomia Erkidegoko gastuaren egitura eta Espainiako gastuarena alderatuta ikus daitekeenez, 2019an euskal familiek etxeko aurrekontuaren portzentajezko 2,8 puntu gehiagoko gastua egin zuten Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregai batzuk taldean, eta portzentajezko 1,2 puntu gehiagokoa Jatetxeak eta hotelak taldean. Aldiz, Garraioan, Espainiako familiek baino portzentajezko 2,2 puntu gutxiagoko gastua egin zuten.

Termino absolutuetan, kontsumoko guztizko gastua 31.371 milioi eurokoa izan zen 2019an, hau da, 2018an baino % 1,3 handiagoa. Nolanahi ere, bilakaera desberdina izan da gastu-taldearen arabera. Zehazki, gastu-bolumenean esanguratsuenak izan diren bi taldeei dagokienez, Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregai batzuk taldeko guztizko gastuak % 2,8ko igoera izan du, eta Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak taldekoak, berriz, % 1,0koa. Garraioa taldeko gastuak, berriz, % 4,8ko igoera izan du, eta Jatetxeak eta hotelak taldeko gastuak % 4,0koa. Aldiz, Beste ondasun eta zerbitzu batzuk taldeko gastuak % 1,8ko beherakada izan du. Bestalde, esanguratsua da Irakaskuntzari lotutako gastuak 2018koarekin alderatuta izan duen igoera (% 10,4koa), baita Altzariak, etxeko gaiak eta etxearen ohiko mantentzerako gaiak taldeko gastuak eta Jantziak eta oinetakoak taldeko gastuak izan duten beherakada ere (-% 9,4 eta -% 4,3, hurrenez hurren).

Familia bakoitzeko batez besteko gastua familiako hileko diru-sarrera garbien mailaren arabera aztertzean ikus daitekeenez, 2019an gora egin du 1.000-1.999 euroko hileko diru-sarrerak dituzten familien kasuan; aldiz, atalase horretatik gorako diru-sarrerak dituzten familiek murriztu egin dute gastu-maila. Zehazkiago, 1.000-1.999 euroko errentak dituzten familietan, gastuak % 3,8ko igoera izan du, eta 26.103 eurora iritsi da. Hilean 3.000 euroko edo gehiagoko diru-sarrerak dituzten familiek, berriz, 49.876 euroko urteko batez besteko gastua izan dute, hau da, 2018. urtekoa baino % 0,3 txikiagoa. Hilean 1.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familien kasuan, berriz, urteko batez besteko gastua 16.715 eurokoa izan da, hau da, aurreko urtean baino % 3,5 txikiagoa. Azkenik, hilean 2.000-2.999 euroko diru-sarrerak dituzten familien kasuan, batez besteko gastuak % 1,2ko beherakada izan du, eta 34.655 eurora iritsi da.

Familia-etxearen kokapen geografikoaren araberako gastuari dagokionez, familia-etxeko batez besteko gasturik handiena 10.000 biztanletik beherako udalerrietan egin da. Zehazki, familia bakoitzeko gastua 37.152 eurokoa izan da, hau da, Autonomia Erkidegoko batez bestekoa baino % 7,9 handiagoa. Familia-etxeko batez besteko gasturik txikiena (33.676 €) 10.000-100.000 biztanleko udalerrietako familiek egin dute. 100.000 biztanletik gorako udalerrietan, batez besteko gastua 2018an baino % 2,2 handiagoa izan da, eta 33.915 eurora iritsi da.

Lurralde historikoaren arabera, Arabako familiek Euskal Autonomia Erkidegoko guztizko kontsumo-gastuaren % 13,7 egin zuten, Bizkaikoek % 52,8 eta Gipuzkoakoek, berriz, % 33,5. Batez besteko gasturik handiena Gipuzkoako familiek egin zuten, eta familia bakoitzeko 35.679 eurora iritsi zen. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko gastua baino 1.255 euro handiagoa izan zen (34.423 euro EAEn). Bizkaian, familia bakoitzeko batez besteko gastua batez bestekoa baino handixeagoa izan zen (34.608 euro), eta Araban, berriz, 31.103 eurora iritsi zen.

Oharra: Familia-gastuaren inkesta Estatistikako Institutu Nazionalarekin (EIN) lankidetzan egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Informazio gehiago:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko familia bakoitzeko batez besteko gastuak gora egiten jarraitu du 2019an, eta krisiaren aurreko mailan kokatu da

Eragiketa : 
Familia-gastuaren inkesta
Eragiketa kodea : 
172503
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2020/07/31
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0017510_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali