2020/08/20ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENDU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. APARTAMENTU TURISTIKOAK ETA OROTARAKOAK. 2020KO UZTAILA
2020ko uztailean zenbatu dira aurreko urteko uztailean Euskal AEn izandako gaualdien erdiak
Jardueraren bat izan duten establezimenduak 510 izan dira, ekainean baino 138 gehiago, baina 2019ko uztaileko 581 establezimenduen azpitik
Eustaten datuen arabera, 2020ko uztailean 179.843 pertsona sartu dira Euskal AEko hotel-establezimenduetan, hau da, 340.376 gau igaro dituzte; aurreko urteko hilabete berean, berriz, 328.082 sarrera eta 692.414 gau izan ziren, hau da, 2020ko uztailean 2019koan baino % 45,2 eta % 50,8 gutxiago, hurrenez hurren. Datu horiek agerian uzten dute COVID19aren krisiaren eragina luzatu egin dela Euskal AEko hotelen sektorean.
Halarik ere, joan den ekainaren 21ean alarma-egoera amaitu ondoren, eta kontuan hartuta maiatzaren 9ko Aginduan (SDN/399/2020) ezarritako mugak eta aldez aurreko baldintzak hotel eta establezimendu turistikoak publikoarentzat berriz irekitzeko, sektorearen jarduerak gora egiten jarraitu du pixkanaka uztailean.
Testuinguru horretan, Euskal AEan hotel-jardueraren bat izan duten establezimenduak 372 izan ziren ekainean, eta 510, berriz, 2020ko uztailean, 2019ko uztailean izan ziren 581 establezimenduen azpitik oraindik. Hilabete osoan zehar itxita egon diren establezimenduak, aldiz, ekainean 246 izan ziren, eta 2020ko uztailean, berriz, 109; beraz, iazko hilabete berean itxitakoak hirukoiztu egin dira, 33 izan baitziren.
Lurraldeen arabera, pixkanaka berriro irekitzeko joera orokorra izan da: Araban 2020ko ekainean 46 establezimenduk zuten jarduerarik, eta 2020ko uztailean, berriz, 55ek; Bizkaian, ekainean, 141 establezimenduk zuten jardueraren bat eta, uztailean, 192 establezimenduk; eta, azkenik, Gipuzkoan uztailean 263k eta ekainean 185ek. Nolanahi ere, kopuru horiek 2019ko uztailekoak baino txikiagoak dira; izan ere, orduan 68 establezimendu ziren Araban jardueraren batekin, 223 Bizkaian eta 290 Gipuzkoan.
Krisiaren eragina ez da homogeneoa izan uztailean, aurreko urteko hil beraren aldean, hiru lurraldeetan. Araban % 47,1 murriztu dira sarrerak eta % 51,3 gaualdiak, eta Bizkaian % 58,0 sarrerak eta % 59,2 gaualdiak. Gipuzkoan, aldiz, urte arteko jaitsiera ez da hain nabarmena izan: sarrerak % 29,3 jaitsi dira, eta gaualdiak % 42,0.
Aurreko hilabetearekin alderatuta (2020ko ekaina), hala sarrerak nola gaualdiak nabarmen igo dira uztailean: sarrerak 47.669tik 179.843ra eta gaualdiak 89.823tik 340.376ra. Hiru lurraldeetan bizkortu da jarduera. Araban 2020ko ekainean zenbatutako 8.151 sarreretatik eta 16.085 gaualdietatik 22.285 sarrera eta 40.275 gaualdietara igaro dira uztailean. Bizkaian 2020ko ekainean 20.201 sarrera izan ziren, eta uztailean 65.028; gaualdiak 38.406 izatetik 127.211 izatera igaro dira. Gipuzkoan, azkenik, uztaileko sarrerak eta gaualdiak 92.530 eta 172.890 izan dira, hurrenez hurren, eta ekainean 19.317 eta 35.332 izan ziren.
2020ko uztailean, Estatutik etorritako 119.524 bidaiari sartu dira Euskal AE osoan, eta 60.319 atzerritik, 2019ko uztailean baino % 26,7 eta % 63,4 gutxiago, hurrenez hurren. Atzerrian bizi direnen sarrerak sarrera guztien % 33,5 dira; 2019ko hilabete berean, berriz, ehuneko hori % 50,3koa zen.
Batez besteko egonaldiaren iraupena 1,89 egunekoa izan da uztailean, 2019ko uztailean izandako batez besteko egonaldiaren 2,11 egunen azpitik. Araban, iazko 1,96 egunetatik aurtengo uztaileko 1,81 egunetara jaitsi da; Bizkaian, 2019ko uztaileko 2,01 egunetatik 2020ko uztaileko 1,96 egunetara; Gipuzkoan, berriz, 2019ko uztaileko 2,28 egunetatik iazko uztaileko 1,87 egunetara jaitsi da batez besteko egonaldia.
Plazen araberako okupazio-maila portzentajezko 29,1 puntu jaitsi da Euskal AE osoan, 2019ko uztailean % 71,1 izatetik aurtengo uztailean % 42,0 izatera igaro baita. Lurraldeka, plazen araberako okupazio-mailak % 36,9, % 36,1 eta % 49,7 izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hurrenez hurren, % 24,0, % 32,3 eta % 28,3ko urte arteko jaitsieren ondoren.
Gela eskuragarriaren araberako diru-sarrerak erdira baino gutxiagora jaitsi dira 2020ko uztailean, aurreko urtearekin alderatuta
Sektorearen errentagarritasun-adierazleez bezainbatean, azkenik, Euskal AEko hotelen eguneko batez besteko tarifa (ADR) 85,9 eurokoa izan da 2020ko uztailean, aurreko urtean baino % 22,4 gutxiago. Batez besteko tarifa 68,1 eurokoa da Araban (% 14,1 behera), 70,8 eurokoa Bizkaian (% 21,7ko murrizketa) eta 102,7 eurokoa Gipuzkoan (% 28,0 gutxiago).
Gela eskuragarriko diru-sarrerak (RevPar), zeinak hotel-establezimenduen okupazioaren araberakoak diren, 41,5 eurokoak izan dira Euskal AEn 2020ko uztailean, 2019ko uztailean baino % 53,3 gutxiago. Araban 30,3 eurokoak izan dira; Bizkaian, 30,7 eurokoak; Gipuzkoan, 55,9 eurokoak.
351 landa-ostatuk jardun dute 2020ko uztailean; aurreko hilean, berriz, 285 izan ziren
COVID-19aren krisiak landa-ostatuetan izan duen eragina hoteletan ikusitakoaren antzekoa izan da. Hala, 351 establezimenduk eskaini dute ostaturik uztailean; 2019ko uztailean, berriz, 385 establezimenduk. Berriz, 80 ostatuk itxita jarraitu dute denboraldi osoan, 2019ko uztailean itxita egon ziren 35en aldean.
Hala ere, aurreko hilabetearekin alderatuta (2020ko ekaina), jarduerak nabarmen egin du gora; izan ere, hilabete horretan jarduerarik zuten ostatuen kopurua 285 izan zen, jada aipatutako ekaineko 351 ostatuen aldean. Establezimendu itxiak, era berean, ekainean 143 izatetik uztailean 80 izatera igaro dira.
Euskal AEko landa-ostatuetako sarrerak 14.054 izan dira 2020ko uztailean, ekainean izandako 5.063ak baino askoz gehiago, baina 2019ko uztailean erregistratutakoak baino % 34,5 gutxiago. Gaualdiak, antzera, hirukoiztu egin dira ekainetik uztailera: 14.847 ziren ekainean, eta 44.051 2020ko uztailean. Hala ere, 2019ko uztailarekin alderatuta, % 31,7ko beherakada izan da gaualdien kopuruan.
Lurraldeen arabera, uztailean Araban 2.316 sarrera eta 7.073 gaualdi izan ziren; Bizkaian 3.791 sarrera eta 12.499 gaualdi; eta, azkenik, Gipuzkoan 7.947 sarrera eta 24.479 gaualdi. Zifra horiek 2019ko uztailean ikusitakoak baino askoz txikiagoak dira, batez ere Bizkaiaren kasuan, nahiz eta agerian uzten duten hiru lurraldeetan jarduera suspertu egin dela.
COVID-19AREN KRISIAK ETHI-N DUEN ERAGINARI BURUZKO OHARRA
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko. Gerora hartutako salbuespenezko neurriek zuzeneko eragina izan dute turismo-establezimendu hartzaileen ohiko jardueran. Itxiera ia erabatekoa izan zen, harik eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Agindua argitaratu zen arte. Agindu horretan pixkanakako irekiera mugaturako oinarriak ezarri ziren.
Joan den ekainaren 21ean alarma-egoera amaitu ondoren, eta kontuan hartuta maiatzaren 9ko Aginduan (SDN/399/2020) ezarritako mugak eta aldez aurreko baldintzak hotel eta establezimendu turistikoak publikoarentzat berriz irekitzeko, sektorearen jarduerak gora egiten jarraitu du pixkanaka.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie lagundu duten establezimendu guztiei egindako ahaleginagatik aparteko zirkunstantzia hauetan. Haiei esker, zabaldu ahal izan da hartutako neurriek sektorean izan duten eragina kuantifikatzeko aukera ematen duen informazio hau.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62