2020/07/29ko prentsa-oharra
ERAIKUNTZAREN KOSTUEN INDIZEA. 2020KO EKAINA
Euskal AEko eraikuntzaren kostuek % 0,2ko beherakada izan dute 2020ko ekainean, aurreko hilabetearekin alderatuta
2020ko ekaina 2019ko ekainarekin alderatuta, kostuek % 0,6ko igoera izan dute
Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikuntzaren Kostuen Indizeak % 0,2ko beherakada izan du 2020ko ekainean, aurreko hilabetearekin alderatuta, eta urtetik urterako datuei dagokienez, berriz, indizeak % 0,6ko igoera izan du, Eustatek emandako datuen arabera.
Aurreko hilabetearekin alderatuta, lehengaien kostuek % 0,3ko beherakada izan zuten, eta eskulanaren kostuak, berriz, ez ziren aldatu (% 0,0).
Ekainean, eraikuntzaren azpisektoreak % 0,3ko beherakada izan du hilabetetik hilabetera lehengaien kostuan; obra zibilaren azpisektoreak, berriz, % 0,1eko beherakada izan du. Urtetik urterako bilakaeran, bi azpisektore horiek desberdinak izan dira. Izan ere, eraikuntzako lehengaien kostuek % 0,6ko igoera izan dute, eta obra zibileko kostuek, berriz, % 1,1eko beherakada.
Sektorean kontsumitu diren lehengaien prezioen artean 2020ko ekainean –2019ko ekainarekin alderatuta– igoerarik handienak izan dituztenak Mineral ez-metalikoen sektorekoak (% 2,7ko igoera), Material elektrikoaren sektorekoak (% 1,6) eta Kautxu eta plastikoaren sektorekoak (% 1,0) izan dira. Aitzitik, lehengaien prezioen beherakadak honako sektore hauetan gertatu dira. Petrolioaren finketa (% 25,0ko beherakada), Energia elektrikoa eta gasa (% 7,6ko beherakada) eta Makineria (% 3,8ko beherakada).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62