2020/08/04ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PRODUKZIOAREN INDIZEA. 2020KO EKAINA
Euskal AEko industria-jarduera % 17,8 jaitsi da 2020ko ekainean
Aurreko hilabetearekin alderatuta, 2020ko maiatza, industria-sektoreak % 16,8 egin du gora ekoizpenean
Eustaten datuen arabera, eta lan-egutegiko termino homogeneoetan, Euskal AEko industria-produkzioa % 17,8 murriztu da 2020ko ekainean, 2019ko ekainaren aldean. Jaitsiera hori txikiagoa izan da joan den maiatzekoa baino, noiz urte arteko konparazioan galera % 27,8koa izan baitzen.
Ekaina aurreko hilabetearekin (2020ko maiatza) alderatuta, Euskal AEko industria-produkzioak % 16,8 egin du gora, behin urtaro-eraginak zuzenduta.
2020ko lehen sei hilabeteetako balantzea industria-jardueraren % 17,2ko uzkurtze metatuarekin itxi da.
2020ko ekaineko indizearen bilakaera, 2019ko ekainarekin alderatuta, negatiboa da industria-sektore handi guztietan. Bitarteko ondasunak % 23,0 jaitsi dira, eta Ekipo-ondasunak, berriz, % 13,5. Lehenengoen artean daude metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa edo kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa; bigarrenen artean, berriz, ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialaren egitea edo aireontziak edo itsasontziak egitea.
Kontsumo-ondasunak, oro har, % 10,6 jaitsi dira urtetik urtera, zeren Kontsumo-ondasun iraunkorrak % 17,2 jaitsi baitira, eta Kontsumo-ondasun ez iraunkorrak, berriz, % 9,1 murriztu baitira. Kontsumo-ondasun iraunkorrak epigrafean altzariak, etxeko tresnak edo produktu elektronikoak fabrikatzeko jarduerak daude. Elikagaien fabrikazioa, prozesatzea eta kontserbazioa, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruko jarduerak.
Energiak % 17,1 egin du behera, behin zuzenduta dagozkion egutegi-efektuak. Sektore horretako jarduera azpimarragarrienen artean energia elektrikoa hornitzea eta petrolioa fintzea daude.
Hilabete arteko aldakuntzak, 2020ko ekaina 2020ko maiatzaren gainean, berriz, bilakaera positiboa izan du industria-sektore handi guztietan, Energiaren kasuan izan ezik, % 0.9 jaitsi baita urtaroaren araberako ondorioak zuzendu ondoren. Bitarteko ondasunak % 19 hazi dira, Ekipo-ondasunak % 9,3 eta Kontsumo-ondasunek, oro har, % 1,9 igo dute ekoizpena, tamaina desberdineko bi hazkunderekin konbinatuta: Kontsumo-ondasun iraunkorrak % 6,6 igo dira, eta Kontsumo-ondasun ez iraunkorrak, berriz, % 1,0.
Maila bereiziago batean, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, 2020ko ekainean jaitsiera handienak izan dituztenak, urtetik urterako aldaketetan, honako hauek izan dira: Metalurgia eta produktu metalikoak (% 27,5 behera), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 25,0) eta Kautxua eta plastikoak (% 21,9), egutegiaren ondorioak zuzendu ondoren.
Lurraldeetan, Industria produkzioaren indizearen ekaineko urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiruretan. Halatan, Araban % 14,8ko beherakada gertatu da, Gipuzkoan % 16,1ekoa izan da jaitsiera eta, azkenik, Bizkaian % 21,4koa.
Hilabete arteko terminoetan, 2020ko ekaina 2020ko maiatzaren aldean, behin zuzenduta urtaro-eraginak, ekoizpena % 25,5 hazi da Araban, % 18 Gipuzkoan eta, azkenik, % 10,5 Bizkaian.
COVID-19AREN KRISIAK EKAINEKO IPI-N DUEN ERAGINARI BURUZKO OHARRA
Ekainaren 21ean amaitu zen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoera, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeari buruzkoa. Bertan hartutako aparteko neurriek eragin zuzena izan dute Industria Produkzioaren Indizean parte hartu duten establezimenduen jardueran.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten establezimendu guztiei egin duten ahaleginagatik, zirkunstantziak gorabehera. Horiei esker, ekaineko indizea laginaren % 94,1eko estaldurarekin kalkulatu da –informazioa uztailean jaso da–.
Egutegiaren ondorioak zuzentzeko eta serieak urtaro-eraginik gabe uzteko erabili diren ereduek COVID-19aren eragina barne hartzen dute aztertutako aldagaietan, Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (Eurostat) emandako gomendioei jarraituz, Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis metodologia-oharrean.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62