2020/10/21eko prentsa-oharra
BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERASAILKATZEKO INKESTA. III/2020
Langabezia-tasa % 10etan da, eta biztanleria landuna % 0,3 igo da 2020ko hirugarren hiruhilekoan Euskal AEn
Hamar familia-etxetatik ia seitan pertsona aktibo guztiak lanean daude, aurreko hiruhilekoan baino 4.300 gehiago
Euskal AEko lan-merkatuaren 2020ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, 916.300 pertsona landun daude, aurreko hiruhilekoan baino 3.100 gehiago (+% 0,3), Eustaten datuen arabera. Urteko hirugarren hiruhilekoan 101.800 langabetu daude Euskal AEn, aurreko hiruhilekoan baino 8.600 gutxiago.
Bestalde, Euskal AEko langabezia-tasa % 10ekoa da, 2020ko bigarren hiruhilekoan baino ehuneko 0,8 puntu gutxiago. Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 54,5ekoa da 2020ko hirugarren hiruhilekoan, eta 0,4 puntu jaitsi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Lurraldeka, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Gipuzkoan hazi da gehien okupazioa, 1.600 landun gehiagorekin; ondoren Araban, 1.000 gehiagorekin, eta segidan Bizkaian 400 landun gehiagorekin. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 2.800 pertsona landun gehiago daude, Donostian bezalaxe ia (2.600); Gasteizen, berriz, 1.200 gehiago daude.
Generoari dagokionez, okupazioaren hazkundea gizonen artean gertatu da, aurreko hiruhilekoan baino 4.000 landun gehiagorekin; emakume landunak, berriz, 900 gutxiago dira.
Nazionalitateari dagokionez, espainiar nazionalitatea duten landunak 1.900 gehiago dira, eta atzerriko nazionalitatea dutenak 1.100 gehiago.
Okupazioa hazi da, batez ere, zerbitzuen sektorean
Euskal AEko biztanleria landuna 3.700 pertsonatan hazi da zerbitzuen sektorean, 100 industrian eta egonkor mantendu da eraikuntzan; lehen sektorean, aldiz, 900 pertsonatan jaitsi da.
Okupazio-tasa, alegia 16-64 urteko landunen ehunekoa adin horien guztizkoarekiko, ehuneko hamarren bat igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta % 65,7tan geratu da. Tasa hori % 69koa da gizonen artean, eta % 62,4koa emakumeen artean.
Amaitutako ikasketa-mailari dagokionez, okupazio-tasa ehuneko 0,5 puntu igo da bigarren mailako edo erdi-mailako ikasketak dituztenen artean; aldiz, ehuneko 0,3 puntu jaitsi da goi-mailako ikasketak dituztenen artean, % 81,8ra, eta 0,4 puntu jaitsi da lehen mailako ikasketak eta gutxiagokoak dituztenen artean, % 56,8raino.
Nazionalitateari dagokionez, okupazio-tasarik altuena Espainiako nazionalitatea duten pertsonena da (% 67,3), eta atzerriko nazionalitatea dutenena, berriz, % 50ekoa da.
Lurraldeetan, okupazio-tasarik altuena Gipuzkoak du, % 67,9rekin, aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko 0,3 puntu gehiago; Araba da bigarren tokian, % 65,3rekin, 0,2 puntu gutxiago; Bizkaian ehuneko 0,1 puntu igo da okupazio-tasa, eta % 64,4koa da.
1.200 gutxiago dira pertsona aktibo guztiak langabezian dauzkaten familia-etxeak
2020ko hirugarren hiruhilekoan, gutxi gorabehera, 899.300 familia-etxe daude Euskal AEn, eta horietatik heren batek ez du pertsona aktiborik; hamar familia-etxetatik ia seitan pertsona aktibo guztiak lanean daude, aurreko hiruhilekoan baino 4.300 familia gehiago; gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familia-etxeak 31.700 dira, aurreko hiruhilekoan baino 1.200 familia-etxe gutxiago.
2020ko hirugarren hiruhilekoan langabezia-tasa % 10ekoa izan da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,8 puntu txikiagoa
Urteko hirugarren hiruhilekoan 101.800 langabetu daudela kalkulatu da, aurreko hiruhilekoan baino 8.600 gutxiago. Euskal AEn lan bila ari diren, lana bilatzeko kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta lanerako prest dauden pertsonak dira. Gizonezko langabeak 51.100 dira, 7.400 gutxiago; emakumezkoak 1.300 gutxiago dira, guztira 50.600 hiruhilekoan.
2020ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, langabezia-tasa % 10ekoa da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko zortzi hamarren txikiagoa. Gizonen langabezia-tasa % 9,6koa da (ehuneko 1,3 puntu gutxiago) eta emakumeena ehuneko 0,2 puntu jaitsi da (% 10,4).
Ikasketei dagokienez, langabezia-tasaren beherakadarik handiena lehen mailako ikasketak eta ikasketa gutxiago amaituak dituztenen artean gertatu da, ehuneko puntu bateko beherakadarekin, langabezia-tasa % 12,8tan kokatuz; bigarren mailako edo erdi-mailako ikasketak eta goi-mailako ikasketak amaitu dituztenen artean, berriz, langabezia-tasa ehuneko 0,7 puntu jaitsi da, % 12,2tan eta % 6,5etan kokatuz, hurrenez hurren.
Nazionalitateari dagokionez, langabetuen kopurua 4.600 pertsonatan jaitsi da Espainiako nazionalitatea dutenen artean, 76.200 pertsonatan kokatuz. Atzerriko nazionalitatea dutenen artean 4.100 langabe gutxiago daude, 25.500 langabe izateraino.
Lurraldeen arabera, langabezia Gipuzkoan jaitsi da gehien: 6.100 langabe gutxiago dira, eta langabezia-tasa ehuneko 1,7 puntu jaitsi da (% 6,9). Bizkaian 60.700 langabetu daude, 2.500 gutxiago, eta langabezia-tasa ehuneko 0,5 puntu txikiagoa da, % 11,4raino. Araban 100 langabetu gutxiago izan dira, eta langabezia-tasa % 11,7tan kokatu da, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 0,1 puntu gutxiago.
Hiriburuei dagokienez, langabeziak behera egin du hiriburu guztietan: Donostian, 2.000 pertsonatan; Gasteizen, 1.500etan; eta Bilbon, 700etan.
EUROSTATen arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2020ko abuztuan urtaro-eraginik gabeko langabezia-tasa % 7,4koa izan da Europar Batasunean, eta % 16,2koa Espainian.
Azken urtean, landunen kopurua % 4,4 jaitsi da, eta langabezia-tasa % 9,4tik % 10era igo da
Euskal AEko biztanleria landuna % 4,4 jaitsi da 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta langabezia-tasa ehuneko 0,6 puntu igo da (% 9,4tik % 10era); beraz, 2.300 pertsona sartu dira langabezia-egoeran Euskal AEn, 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta.
Hiruhilekoko batez besteko bazkidetuen % 97,8 lanean ari dira, LANEren irizpidearen arabera
Euskal AEn 856.100 hiruhilekoko batez besteko bazkide daudela zenbatesten da, inkesta garaian Euskal AEko biztanle eta Gizarte Segurantzako bazkide. Haien arteko % 97,8 lanean ari dira Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) irizpideen arabera, zeinak BJAk erabiltzen dituen, eta horrek 837.500 pertsona dakartza.
BJAren LANE landunen % 7,6 (69.300 pertsona) ez daude Gizarte Segurantzan bazkidetuak, ez daudelako Euskal AEn kokatutako enpresetan, funtzionarioen mutualitate publikoetakoak direlako edo bestelako egoera batzuetan daudelako.
Langabeen % 30,9 ez daude langabe gisa erregistraturik Lanbiden
Euskal AEn, Lanbiden erregistraturik eta hiruhilekoko batez bestekoan, 119.800 langabe daudela zenbatesten da; alegia, Euskal AEn bizi diren pertsonak eta inkestaren garaian Lanbiden erregistratuak daudenak langabe-kategoriaren batean. Haietatik % 54 langabeak dira LANEren definizioaren arabera (64.700 pertsona). BJAren LANE langabeen arteko % 30,9 ez daude erregistratuta Lanbiden langabe gisa (31.500 pertsona), baina egon daitezke enplegu-eskatzaileen beste kategoria batzuetan.
COVID-19aren eragina Euskal AEko lan-merkatuan
2020ko hirugarren hiruhilekoko biztanleriaren datuak jarduerari doakionez COVID-19aren agerpenak eta agintariek jarduera murrizteko ezarritako neurriek baldintzatu dituzte.
Biztanleria landunari edo enplegu-tasari dagokionez lortutako zifrak zenbait baliabideren erabilera masiboaren baldintzapean daude, hala nola enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak (EABEE), jarduera aldatzen dutenak, baina ez nahitaez biztanleriaren izaera jarduerari dagokionez. Izan ere, EABEEko egoeran dauden pertsona gehienek, % 98,6k, lanean jarraitzen dute, 3 hilabete baino lehen lanera itzultzeko asmoa dutelako edo soldataren % 50 baino gehiago kobratzen jarraitzen dutelako. Beste tresna aringarri batzuek autonomoei eragiten diete, baina ez dute jarduerarekin duten harremana aldatzen, nahitaez.
BJAk, inkesta jarraitua denez, hilabeteen araberako azterketa egiteko aukera ematen du, baita ere hirugarren hiruhilekoan lagina modu homogeneoan banatzen den 13 asteen araberakoa. Horrek, biltzen duen informazio kopuruarekin batera, informazio gehigarria lortzea ahalbidetzen digu, Euskal AEko lan-merkatuaren egoeraren diagnostiko hobea egiteko. Inkestaturiko pertsona bakoitzaren lan-egoerari buruz bildutako informazioa lagin-diseinuaren arabera dagokion astekoa da.
Lan egiten ez duen biztanleria landunaren ehunekoa 13 puntu murriztu da hiruhilekoan zehar, uztaileko lehen astean % 21,4 izatetik iraileko azken astean % 8,4 izatera igarota
Erreferentziako astean lanik egin ez duten pertsona landunen ehunekoaren bilakaeraren azterketak emaitza esanguratsuak erakusten ditu. Urteko hirugarren hiruhilekoan, erreferentziako astean lanik egin ez duten landunen ehunekoa aurreko urteetako hirugarren hiruhilekoetan baino handixeagoa da. Azken urteetan, hirugarren hiruhilekoan, ehuneko hori % 24,7 eta % 27 artekoa zen, eta 2020ko hirugarren hiruhilekoan, berriz, % 28,5ekoa.
Urteko hirugarren hiruhilekoan, enplegu jarraitua duten pertsonek erreferentziako astean lan egin duten ala ez jakiteko informazioa oporraldiaren eraginpean dago. Datua asteka aztertzen badugu, ikusten da hiruhilekoaren lehen astean lanik egina ez zuten pertsonen ehunekoa % 21,4 zela; ehuneko hori gorantz zihoan, harik eta abuztuaren erdialdean maximora iritsi arte (% 56,1), unea zeinetatik aurrera pixkanaka jaisten hasten baitzen, % 8,4ra iritsi arte.
Pertsona bat langabea edo ez-aktiboa den zehazten duten enplegu-bilaketaren ezaugarrien bilakaera aztertuz gero, ikusten da nabarmen igo dela lana bilatzen ez duten pertsona ez-aktiboen kopurua (aurreko hiruhilekoan baino 7.200 pertsona gehiago); era berean, gora egin du lana bilatzen ari direla baina lanerako prest ez daudela adierazten dutenen artean (+5.600) eta lanerako prest ez dauden eta enplegua topatzeko bilaketa aktiborik egiten ez dutenen artean (+2.500). Soil-soilik jaitsi da lan bila dabiltzan baina lanerako prest egon arren aktiboki bilatzeko gestiorik egiten ez duten pertsonen kopurua (-5.300).
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62