2020/10/01eko prentsa-oharra
ADINEKO BIZTANLEEN PANORAMA ESTATISTIKOA. 2020
65 urteko eta gehiagoko 112.531 pertsona bakarrik bizi dira Euskal AEn
Eustatek beste atal bat sortu du, adinekoen estatistiken ingurukoa, bost arlo tematikotan multzokatuta
Eustatek bere webguneko atala inauguratu du, Adineko biztanleen panorama estatistikoa izenekoa, adinekoen nazioarteko eguna denean. Atalak zenbait adierazle ditu, eta horiek 40 eragiketa estatistiko baino gehiagoko 170 taula, grafiko eta dokumentu baino gehiagotan batzen dira. Helburua da genero-ikuspegitik Euskal AEn 65 urteko eta gehiagoko pertsonen egoera ekonomikoaren, pertsonalaren eta sozialaren hainbat eta hainbat alderdi islatzea.
Atalaren helburu nagusietako bat da 65 urteko eta gehiagoko biztanleen funtsezko ezaugarriei buruzko edo horrekin harreman estua duten bestelako gaiei buruzko informazioa eskuratzea. Horretarako, Eustaten eta sailetako erakunde estatistikoen iturri zuzenak erabiltzen ditu, batik bat Osasun Sailarenak.
Adineko biztanleen panorama estatistikoak bost arlo tematiko ditu: Demografia, Bizitza ekonomikoa eta finantza-egoera, Osasuna, Egunerokotasuna eta Gizarte-babesa. Jarraian, panorama estatistiko berriaren bost arlo tematiko horietako bakoitzean dagoen informazio estatistikoaren datu batzuk ikusiko ditugu.
Demografia: Euskal AEn 65 urteko eta gehiagoko 486.738 pertsona daude (% 22,2); 280.132 emakumeak dira eta 206.606, gizonak, 2019an
Demografiaren arloak zenbait gai jorratzen ditu: Biztanleria, Familiak, Migrazioak, Heriotza-tasa eta Ezkontzak eta ezkontza-hausturak.
Biztanleak: 2019/01/01eko zifrek erakusten dute Euskal AEn 65 urteko eta gehiagoko 486.738 pertsona bizi direla; 280.132 emakumeak dira eta 206.606, gizonak. Euskal AEko 65 urteko eta gehiagoko adin-taldeak gora egin du 2008-2019 aldian. Hala, 2008an, biztanleriaren % 18,6 izan zen; 2013an, % 20,2, eta, 2019an, % 22,2. 65 urteko eta gehiagoko taldea biztanleriaren % 22,2 izanik, urte horretan EB 28ko batez bestekoaren (% 20) gainetik zegoen. Batasuneko herrialde guztien artean, Euskal AE Italiak baino ez du gainditzen (22,8%).
2041. eta 2061. urteak: hipotesi demografikoetan, Euskal AEn 2041ean 65 urteko eta gehiagoko pertsonak 729.000 izatea eta 2061ean 735.500 izatea planteatzen da.
Adin-talde bakoitzaren bilakaera, jakina, adin-talde bakoitzean sartzen doazen belaunaldien tamainaren ondorioa da, bai eta heriotza-tasak, migrazioak eta jaiotza-tasak horietako bakoitzean duen eragin diferentzialaren ondorioa ere. Adinekoen bilakaera bizi-itxaropena igo izanaren ondorio ere bada.
Familiak: 263.000 pertsona inguru bakarrik bizi da Euskal AEn, 2019an; haietatik, 112.531 65 urtekoak eta gehiagokoak dira. % 26 gizonak dira eta % 74, emakumeak.
Bizi-itxaropena jaiotzean: beti izan da handiagoa emakumeetan, gizonetan baino. Europar Batasuneko herrialdeak direla eta, Euskal AE gainerakoen artean nabarmentzen da; 86,4 urte emakumeetan, eta 80,6 gizonetan. EBko batez bestekoa honako hau da: 83,6 eta 78,3 urte, hurrenez hurren.
Heriotza-tasa: hiltzeko kausa nagusia gizonetan tumoreak dira, eta emakumeetan, gaixotasun kardiobaskularrak. Hala ere, pixkanaka areagotzen doaz gaixotasun neurodegeneratiboak –Alzheimerra eta dementziak, besteak beste–, adinekoak hiltzeko kausa nagusien artean.
Bizitza ekonomikoa eta finantza-egoera: erretiro-adinaren ondoren, areagotu egiten da genero-desberdintasuna batez besteko errenta pertsonalean
Bizitza ekonomikoaren eta finantza-egoeraren arloan Errenta pertsonalaren eta familiarraren, Pobreziaren, Landa-ingurunearen eta Lan-jardueraren gaiak jorratzen dira.
Errenta pertsonala eta familiarra: Euskal AEn bizi diren 18 urteko eta gehiagoko biztanleek batez beste 21.083€-ko errenta jasotzen dute 2017an. Gizonek, batez beste, 26.519€-ko errenta, eta emakumeek, batez beste, 16.074€-koa. Alderik handiena 65 eta 69 urte bitarteko tartean erregistratzen da; bertan, gizonek emakumeek baino 17.309€ gehiago jasotzen dituzte.
Osasuna: ospitalizazioen erdia 65 urteko eta gehiagoko pertsonei dagokie
Osasun-arloan, honako gai hauek jorratzen dira: Osasun-egoera, Bizi-ohiturak edo -jokabideak, Prebentziozko praktikak, Osasun-arazoen arreta eta Bide-segurtasuna.
Osasun-egoera: antsietatearen eta depresioaren sintomak 75 urteko eta gehiagoko adin-taldean nagusitzen ziren; alegia, osasun-arazo hori zeukaten pertsonen proportzioa, 2018an, adin-talde horretan zen handiena. Adin-talde horretako emakumeak ziren guztizkoaren % 27,5 eta gizonak, % 14,9.
Bizi-ohiturak edo -jokabideak: alkoholaren kontsumoa dela eta, 65 urtetik 74 urtera bitarteko gizonen % 24,4k arriskua dakarren kontsumo-maila altua du, eta adin horretako emakumeetan % 9,6k.
Prebentziozko praktikak: 2018an, 65 eta 69 urte bitarteko emakumeen % 80,3 mamografia bat egin dute aurreko bi urtean Euskal AEn.
Osasun-arazoen arreta: ospitalizazioen erdia 65 urteko eta gehiagoko pertsonena izan da, Euskal AEn 2018an izan diren 248.580 ospitalizazioak aintzat hartuta.
Egunerokotasuna: 65 urteko eta gehiagoko herritarrek 7,26ko puntuazioa eman diote bizitzarekin duten gogobetetasun-mailari
Egunerokotasunaren arloan honako gai hauek jorratzen dira: Bizitza pertsonala eta soziala, Hezkuntza, Euskara, Kultura, Gizarte-jarrerak eta -ohiturak ingurumenaren aurrean eta Gaitasun digitalak.
Bizitza pertsonala eta soziala: erretiratuek bi ordu ematen dituzte egunean, batez beste, aisia aktiboan eta kirolean, eta 4 ordu eta sei minutu aisia pasiboan; landunek 3 ordu gutxiago ematen dituzte aisian. 65 urteko eta gehiagoko biztanleek batez beste 7,26ko puntuazioa ematen diote 10 punturen gainean bizitzarekiko gogobetetasunari, eta 7,54ko puntuazioa aisialdirekiko gogobetetasunari, 2019an.
Hezkuntza: 75 urteko eta gehiagoko biztanleen analfabetismo-tasa % 1,6koa da; % 0,8koa gizonetan eta % 2koa emakumeetan. % 0,5ekoa, 70 eta 74 urte bitarteko taldean, eta % 0,3koa, 65 eta 69 urte bitarteko taldean. Pixkanaka, analfabetismoa desagertzen doa Euskal AEn.
Euskara: 65 urteko eta gehiagoko biztanle elebidunek, 1991-2016 aldian, euskara gaztelania baino gehiago erabili dute, zehazki % 78,1ek, 2016an. 16 eta 24 urte bitarteko biztanle elebidunak 2016an % 41,3 izan ziren.
Gizarte-babesa: 20.654 plaza adinekoen egoitzetan
Gizarte-babesaren arloan honako gai hauek jorratzen dira: Gizarte-zerbitzuak eta gizarte-ekintza, Gizarte-babeseko kontu ekonomikoak, Lotutako jarduera ekonomikoen direktorioa eta Emakumeen aurkako indarkeria.
Gizarte-zerbitzuak eta gizarte-ekintza: atal honetan, zentroei, plazei, erabiltzaileei, langileei eta zentroetako gastuei buruzko informazioa jaso da. Zehazki, 2018an, adinekoen 445 zentro zeuden erregistratuta, guztira 20.654 plazarekin; plaza horietatik, 7.504 publikoak ziren eta 13.150, pribatuak.
Informazioa etengabe ari da eguneratzen urtean zehar
Informazioa etengabe ari da eguneratzen urtean zehar, web-atalari dagozkion eragiketa estatistikoen eskuragarritasunaren arabera.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62