HomeGaiakBiztanleriaPrentsa Oharrak Euskal AEko biztanleria...

2020/10/16ko prentsa-oharra

BIZTANLEEN UDAL ESTATISTIKA. 2020

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko biztanleria 11.700 pertsonatan hazi da 2020an, ia 2.200.000 biztanlera iritsita

Mende honetan 120.000 pertsona baino gehiago hazi da Euskal AEko biztanleria

Eustatek landutako datuen arabera, 2020ko urtarrilaren 1ean 2.199.711 biztanle zituen Euskal AEk, eta beste maximo historiko bat lortu zuen. Hala, aurreko urteko goranzko joerari eutsi zaio, 11.694 pertsona gehiagorekin 2019. urtearekin alderatuta. Zehazki, Euskal AEko biztanleria 120.501 pertsonatan hazi da 2001etik.

Hiru lurraldeetako biztanleriak gora egin du 2019tik 2020ra bitartean, eta Bizkaiak irabazi du biztanle gehien, 6.191 biztanle gehiagorekin; ondoren, Gipuzkoak 720.458 biztanle ditu, aurreko urtean baino 3.261 pertsona gehiago; Arabak, berriz, 330.209 biztanle ditu, eta biztanle-hazkunderik txikiena duen lurraldea da (+2.242 biztanle).

2001 eta 2020 artean, Gipuzkoan 48.024 biztanle gehiago izan ziren; bolumenari dagokionez, Araban 45.613 biztanle gehiago izan ziren, eta Bizkaian 26.864 biztanle gehiago bakarrik.

Euskal AEko hiru hiriburuetako biztanle-kopuruak gora egin du 2019tik 2020ra bitartean, eta Bilbo izan da igoerarik handiena izan duena, 3.048 pertsonarekin; Gasteizek eta Donostiak 1.938 eta 739 biztanle irabazi dituzte, hurrenez hurren. Aldi zabalagoan eginez gero analisia, emaitzak ezberdinak dira. 2001etik aurrera, Bilboko biztanleria ia ez da aldatu azken 20 urteetan (-974); Donostiaren bilakaera ere (+4.260) ez da oso garrantzitsua, eta bi hiriburuek beren biztanleria-kopuru handienera iritsi ziren 2009an. Gasteizen, ordea, biztanleria % 15 baino gehiago hazi da etengabe bi hamarkadotan, 214.676 biztanle izatetik 248.087 izatera igaro baita.

Euskal AEko gainerako udalerriek ez dute biztanleria-aldaketa esanguratsurik izan 2019tik 2020ra. Halatan, biztanleria gehien handitu duena Barakaldo izan da, 503 pertsona gehiagorekin. Baliarrain da udalerria ehunekoen igoerarik handiena izan duena, % 9,27, hau da, 14 pertsona gehiago. Alderantziz, Getxo da biztanleriaren beherakada absolutu handiena izan duen udalerria, 135 biztanle gutxiago, nahiz eta hori -% 0,18 baino ez den.

2001 eta 2020 artean Portugaletek, Sestaok, Basaurik eta Getxok 4.000 biztanle baino gehiago galdu zituen bakoitzak, guztira 17.352 pertsonako galera. Denak Bilbo Handiko udalerriak dira, eskualdea non dauden biztanle-dentsitaterik handiendun udalerriak Euskal AEn, km karratuko 5.000 biztanle pasa; Portugaleten da maximoa, 2020an 17.352 biztanlerekin km karratuko.

Eskualdeak kontuan hartzen baditugu, 2019tik 2020ra artean biztanle-hazkunde handiena izan duena, hain zuzen, Bilbo Handia izan da, 4.854 biztanle gehiagorekin; ondoren, Arabako Lautada (+2.158) eta Donostialdea (+1.658). Gainerako eskualdeetan aldaketa ez da esanguratsua izan aurreko urtearekin alderatuta. 2001etik aurrera, Arabako Lautadan eta Donostialdean hazi da berriz gehien biztanleria (38.715 eta 173.170, hurrenez hurren); Bilbo Handian, ordea, jaitsiera txikia izan da aldi horretan (-1.154).

graf0017649_01_e.png

Euskal AE da adineko pertsonen proportzio handiena duen erkidegoetako bat

2020an Euskal AEk, % 22,5ekin, Espainiako 65 urte eta gehiagoko biztanleriaren proportzioa (% 19,6) gainditzen du, nahiz eta beste Autonomia-erkidego batzuek (Asturiasko Printzerria, Gaztela eta Leon eta Galizia) proportzio handiagoak dituzten, % 25aren gainetik. Europarekin alderatuz gero, Italiak soilik gainditzen du Euskal AEko proportzioa, baina soilik hiru hamarrenetan. Sexua kontuan hartuta, 65 urte eta gehiagoko emakumeen proportzioa % 25,1 da, eta gizonena, berriz, % 19,7.

Euskal AEko batez besteko ehunekoa gainditzen duten udalerrien kopurua 84 da, eta 167k balio bera edo txikiagoa dute; lehenengoen artean Bilbo, Donostia, Barakaldo eta Getxo daude, non Euskal AEko biztanleria osoaren % 32 bizi baita. 2001ean 65 urtetik gorako biztanleriaren ehunekoa % 18 zen, eta batez bestekoa baino ehuneko handiagoa zuten udalerriak 163 ziren. Gainera, 2001-2020 aldian 112 udalerritan jaitsi da 65 urtetik gorako pertsonen proportzioa, baina udalerri horietan biztanleria osoaren % 5,8 soilik bizi da.

Euskal AEko udalerrietan bizi den biztanleriaren adinari dagokionez, alde handiak daude eta, zehazkiago, 65 urte eta gehiagoko pertsonen ehunekoari dagokionez, Irurako % 10,3 eta Haranako % 39,4 artean baitaude ehunekook. Lehenengoaz gain, % 12tik beherako ehunekoa duten beste hiru udalerri daude: Astigarraga, Arakaldo eta Irura, zeintzuek guztira 8.656 biztanle dituzten. Bestalde, beste hiru udalerri daude % 29ren gainetik: Lagran, Añana eta Gaubea; guztira 1.419 biztanle dituzte.

Eskualde-mailari eutsita, Arabako Mendialdean adineko pertsonen proportzio handia nabarmentzen da, guztizkoaren % 26,8ra iristen baita; Markina-Ondarroak, aldiz, ehuneko handiena duen hurrengo eskualdeak, % 23,9 du, eta Plentzia-Mungian % 17,3ra jaisten da.

Adin aurreratuenei erreparatzen badiegu, ikus dezakegu ezen 85 urte eta gehiagoko pertsonak 2001ean % 1,9 izatetik 2020an % 4 izatera igaro direla, nahiz eta hazkunde hori modu desberdinean banatzen den emakumeen eta gizonen artean: portzentajezko 1,6 puntu gizonetan eta 2,6 puntu emakumeetan. Ondorioz, Euskal AEn 85 urte edo gehiago dituzten emakumeak guztirakoaren % 5,3 dira, eta gizonen kasuan portzentajea erdira jaisten da, % 2,6ra. 100 urte eta gehiagoko biztanleen artean, hazkunde-prozesua biziagoa izan da: 2001ean adin horretako 378 pertsona zeuden, eta hogei urte geroago, berriz, 726 pertsona, eta horien % 86,8 emakumeak dira.

Euskal AEn 65 urte eta gehiagoko 1,5 pertsona daude 16 urtetik beherako pertsona bakoitzeko, Espainia osoko ratioa (1,3) gaindituz, baina Asturiasko Printzerrian ikusten den 2,2ko erlaziotik urrun oraindik.

Erlazio hori gainditzen duten udalerriak 88 dira; batzuk muturreko kasuak dira, hala nola Harana (7tik 1erako erlazioa) eta Lagran (6tik 1erakoa). Beste muturrean daude Irura eta Baliarrain, zeintzuek 0 eta 15 urte bitarteko 2 gazte baino gehiago baitituzte 65 urte edo gehiagoko pertsona bakoitzeko.

Arabako udalerrietan daude muturrak biztanleriaren adinaren araberako banaketan, batez ere tamaina txikia dutelako eta edozein fenomeno demografikok, migrazioak bereziki, banaketa hori aldatzen duelako.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko biztanleria 11.700 pertsonatan hazi da 2020an, ia 2.200.000 biztanlera iritsita

Eragiketa : 
Biztanleriaren eta etxebizitzen errolda. Biztanleriaren egitura
Eragiketa kodea : 
010154
Periodikotasuna : 
Sei hilekoa
Denbora arloa : 
01/01/2025
Eguneratze data : 
2020/10/16
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0017649_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali