2020/09/18ko prentsa-oharra
HIRUHILEKO KONTUAK. 2020/II
Euskal AEko BPG hiruhileko arteko % 16,4 jaitsi da 2020ko bigarren hiruhilekoan
Urte arteko terminoetan, 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, jaitsiera % 19,5ekoa da BPGren kasuan eta % 17,2koa enpleguaren kasuan
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko Barne Produktu Gordina (BPG) % 16,4 murriztu da 2020ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, urte arteko jaitsiera % 19,5ekoa izan da.
2020ko bigarren hiruhilekoko BPGren eta Enpleguaren kalkuluek arindu egiten dute pixka bat jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren uzkurduraren tamaina, uztailaren 24ko Kontuen Aurrerapenean zenbatetsitakoa, Aurrerapena egiteko unean erabilgarri ez zegoen koiunturazko informazioa zenbatespen-ereduetan sartu ondoren. Horrela, BPGren jaitsiera, hiruhileko artean % 16,9koa eta urte artean % 20,1ekoa zenbatetsi zena, moteldu egin da egungo koiunturazko informazioarekin ehuneko 5 eta 6 hamarrenetan, hurrenez hurren. Enpleguaren zenbatespenak berrikuspen handiagoa izan du, iraganez urtetik urterako -% 19,8ko aldakuntzatik aurrerapenean gaur egungo -% 17,2kora.
Euskal AEko BPGren urte arteko murrizketa txikiagoa da Espainiako ekonomiarako zenbatetsitakoa baino, non bigarren hiruhilekoko urte arteko atzerakada % 22,1era iritsi baita. Euro eremuak (-% 14,7) eta Europar Batasunak oro har (-% 13,9), berriz, portaera hobea izan dute.
Ekainaren 21era arte indarrean egon da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoera, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko. Urteko bigarren hiruhilekoan jarduera ekonomikoan izan duen eragina itzela izan da, eskainitako zenbatespenen arabera. Jarduera ekonomikoa bat-batean gelditzeak eta normaltasunera modu irregularrean itzultzeak erronka ekarri die estatistika-bulegoei, bai eragile ekonomikoen informazioa biltzeari dagokionez, bai informazioa tratatzeari dagokionez. Hiruhilekoko kontabilitatearen oinarri diren zenbatespen- eta aurreikuspen-prozedurek ezohiko intentsitateko shock bati aurre egin behar izan diote, eta horrek doikuntza eta jarduketa bateratuak ekarri ditu berekin. Hala, adibidez, egutegiaren ondorioak zuzentzeko eta urtaroen efektuak kentzeko erabilitako ereduetan berariazko aldagai bat sartu da COVID-19aren eragina jasotzeko, Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis ohar metodologikoan emandako gomendioei jarraituz.
Eskaintzaren ikuspegitik, urteko lehenengo hiruhilekoan ikusitako balio erantsiaren bat-bateko jaitsiera, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhileko artekoetan, areagotu egin da sektore guztietan bigarren hiruhilekoan, salbu eta Herri-administrazioaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean.
Lehen sektoreak % 6,1eko murrizketa izan du balio erantsian, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta % 4,4koa 2020ko lehen hiruhilekoaren aldean.
Industriaren sektoreak %26,7ko beherakada izan du urte arteko terminoetan, eta balio erantsiaren jaitsiera are handiagoa manufaktura-industriaren kasuan (% 27,8). 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, industria osoan jaitsiera % 23,4koa da, eta manufaktura-industrian % 24koa.
Eraikuntzaren sektoreak ere atzerakada handiagoa izan du aurreko hiruhilekoan baino: balio erantsia % 17,9 jaitsi da urte arteko terminoetan, eta horrek % 15eko atzerakada dakar urteko lehen hiruhilekoaren aldean.
2020ko bigarren hiruhilekoan, Zerbitzuen sektoreko jarduera orokorrak ere areagotu egin du jaitsiera, urte arteko % 17,5eko beherakadarekin; hau da, urteko lehen hiruhilekoko jarduerarekin alderatuta, % 14,9 egin du behera.
Zerbitzuen portaera ez da homogeneoa izan adarren arabera. Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarraren balio erantsia % 21,8 jaitsi da aurreko urteko bigarren hiruhilekoaren aldean; beraz, aurreko hiruhilekoaren aldean % 18,1 murriztu da. Atzerakada nabarmenagoa izan da Beste zerbitzuen adarrean —besteak beste, jarduera profesionalak, finantzarioak eta aseguruak biltzen ditu—, zeren urte arteko aldakuntza-tasa -% 21,8koa eta hiruhileko artekoa -% 21,0koa izan baita.
Herri-administrazioa, hezkuntza, osasuna eta gizarte-zerbitzuak adarrak, aldiz, aurreko hiruhilekoetan ikusitakotik hurbil mantendu du bere balioa, urte arteko % 0,7ko hazkunde zenbatetsiarekin, eta aurreko hiruhilekoaren maila berean dago (hiruhileko arteko % 0,0ko aldakuntza).
Ia sektore-agregatu guztien portaera negatiboak areagotu egin du Euskal AEko Balio erantsi gordinaren atzerakada: % 19,6 aurreko urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 16,8 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
Eskariaren aldetik, agregatu guztiek atzerakada handiak izan dituzte, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhileko artekoetan, Administrazio Publikoen azken kontsumoko gastuak izan ezik.
Etxeetako azken kontsumoko gastuak (Kontsumo pribatua) uzkurdura areagotu du, urte arteko terminoetan % 20,3ko jaitsiera zenbatetsiz eta hiruhileko arteko terminoetan % 15,9koa.
Kontsumo publikoa (Administrazio Publikoen azken kontsumoko gastua) da agregatu bakarra zeinek balio handiagoa izan baitu aurreko urteko bigarren hiruhilekoan ikusitakoa baino (urte arteko % 3,0ko aldakuntza), nahiz eta urteko lehenengo hiruhilekoaren aldean % 0,6ko atzerakada izan duen.
Kapital-eraketa gordinean (Inbertsioa) ere urte arteko atzerakada handia ikusten da, -% 23,0ko aldakuntza-tasarekin. Urteko lehenengo hiruhilekoari dagokionez, jaitsiera % 20,0koa izan dela kalkulatu da. Beherakada bereziki handia izan da Ekipo-ondasunetan, % 30,1 jaitsi baita 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 26,7 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
Kapital-eraketa gordinaren gainerakoan, eraikuntza-sektorearen bilakaerari lotuago dena, urte arteko jaitsiera % 18,8koa izan da, eta urteko lehen hiruhilekoaren aldean % 16,2ko murrizketa kalkulatu da.
Barne-eskariak, zeina den Azken kontsumoko gastuak eta Kapital-eraketa gordinak osatua, % 17,2ko urte arteko atzerakada izan du urteko bigarren hiruhilekoan. Jaitsiera hori BPG osorako zenbatetsitakoaren azpitik dago (-% 19,5); beraz, Kanpoko sektorearen ekarpena ere negatiboa izan da urteko bigarren hiruhilekoan. Ondasun eta zerbitzuen esportazioak % 30,1 jaitsi dira aurreko urteko bigarren hiruhilekoaren aldean; Inportazioak, aldiz, neurri txikiagoan jaitsi dira (-% 26,4). Kanpoko saldoak, beraz, okerrera egin du.
Enplegu-mailei dagokienez (Lanpostuak dedikazio osoko baliokidetzan neurtuak), enplegu osoak % 17,2 egin du behera aurreko urteko bigarren hiruhilekoaren aldean, urteko lehen hiruhilekoaren aldean % 14,3 jaitsi ondoren.
Ildo horretan, gogorarazi behar da ezen lanpostuaren definizioak, Kontuen Europako Sistemaren (SEC) arabera, bere zenbaketan baztertzen dituela aldi baterako lan egiten ez duten baina lanpostuarekin lotura formala duten pertsonak, lanera itzultzeko datari buruzko berme edo akordio batekin, EABEEen kasuan gertatzen den bezala.
Urteko lehen hiruhilekoan ikusitako enplegu-jaitsieraren areagotzea jarduera-adar guztietan gertatu da, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhileko arteko terminoetan.
Lehen sektorean enplegua % 3,3 jaitsi da 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 1,5 aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Urte arteko atzerakada % 20,1ekoa izan da Industriaren sektorean, hiruhileko arteko % 16,9ko jaitsieraren ondoren. Eraikuntzan enpleguaren bilakaerak % 14,3ko urte arteko jaitsiera ekarri du, eta % 10,2koa hiruhileko arteko terminoetan. Azkenik, Zerbitzuen sektorean ere areagotu egin da dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetako jaitsiera; izan ere, % 16,8ko jaitsiera izan da urte arteko terminoetan, eta % 14,1ekoa hiruhileko arteko terminoetan.
BPGk Lurraldeetan izan duen bilakaerari dagokionez, Arabak -% 20,2ko urte arteko aldakuntza-tasa izan du, Bizkaiak -% 19,5ekoa eta Gipuzkoak -% 19,3koa.
Ohar metodologikoa: Eustatek Euskal AEko Kontu Ekonomikoen 2018ko behin betiko datuak eta 2019ko Aurrerapena sartu ditu Hiruhileko kontuetan, eta horrek hiruhilekoko serieen birzenbatespena ekarri du.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62