2020/10/06ko prentsa-oharra
INDUSTRIA PRODUKZIOAREN INDIZEA (IPI). 2020KO ABUZTUA
Euskal AEko industria-jarduera % 14,5 jaitsi da 2020ko abuztuan
Aurreko hilaren aldean, 2020ko uztaila, Industria produkzioaren indizea % 0,8 jaitsi da
Eustatek landutako datuen arabera, 2020ko abuztuan % 14,5 murriztu da Euskal AEko industria-produkzioa lan-egutegiko termino homogeneotan, 2019ko hil beraren aldean.
Abuztua aurreko hilarekin konparatuz (2020ko uztaila), Euskal AEko industria-produkzioa % 0,8 jaitsi da, behin urtaroen eragina zuzenduta.
2020ko lehenengo zortzi hilabeteetako balantzea industria-jardueraren % 16,0ko uzkurdura metatuarekin itxi da.
2020ko abuztuko indizearen bilakaera, 2019ko abuztuarekin alderatuta, negatiboa da industria-sektore handi guztietan. Energiak % 21,8 egin du behera, eta, sektore horretako jarduera garrantzitsuenen artean, energia elektrikoaren hornidura eta petrolioa fintzea daude.
Bitarteko ondasunak, bestalde, % 12,1 jaitsi dira, eta Ekipo-ondasunak % 6,4. Lehenengoen artean daude metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa edo kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa; bigarrenen artean, berriz, ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialaren egitea edo aireontziak edo itsasontziak egitea.
Azkenik, Kontsumo-ondasunek, oro har, % 7,4ko urte arteko jaitsiera izan dute, nahiz eta osagaien portaera desberdina izan den. Hala, Kontsumo-ondasun iraunkorrek % 23,7 egin dute behera, eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek % 4,3. Kontsumo-ondasun iraunkorrak epigrafean altzariak eta etxeko tresnak fabrikatzeko jarduerak ageri dira. Elikagaien fabrikazioa, prozesatzea eta kontserbazioa, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruko jarduerak.
Hil arteko aldakuntza (2020ko abuztua 2020ko uztailaren aldean) neurrizkoagoa eta zeinu desberdinekoa da industria-sektore handietan, urtaro-eraginak zuzendu ondoren. Energia % 0,8 hazi da, eta Bitarteko ondasunak % 0,1 igo dira. Aitzitik, Ekipo-ondasunek % 4,4 egin dute behera, eta Kontsumo-ondasunak, oro har, % 1,1 jaitsi dira, bi portaera ezberdinen konbinazio gisa: Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek % 1,4 egin dute behera, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrak, berriz, berean mantendu dira (% 0,0).
Maila xehatuago batean, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, urte arteko aldakuntzetan 2020ko abuztuan portaera positiboa izan duen sektore bakarra Makineria eta ekipoa izan da, produkzioan % 7,2ko hazkundearekin. Hauek dira, pisu handieneko sektoreetan, jaitsierarik handienak eduki dituztenak: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna, % 20,6 behera egin duena, Metalurgia eta produktu metalikoak, % 15,7 jaitsi dena, eta Zura, papera eta arte grafikoak, % 14,0ko jaitsiera izan duena, behin zuzenduta egutegi-efektuak.
Lurraldeetan, Industria produkzioaren indizearen abuztuko urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiruretan. Halatan, Bizkaian % 21,4 jaitsi da, Araban % 13,3 eta, azkenik, Gipuzkoan % 4,9.
Hilabete arteko terminoetan, 2020ko abuztua eta 2020ko uztaila alderatuta, eta urtaro-ondorioak kendu ondoren, Gipuzkoan produkzioa % 1,7 hazi da, baina Bizkaian eta Araban, aldiz, % 1,2 eta % 3,9 jaitsi da, hurrenez hurren.
INFORMAZIO OHARRA
Egutegi-eraginak zuzentzeko eta serieak urtaro-eraginik gabe uzteko erabili diren ereduek COVID-19ak aztertutako aldagaietan duen eragina barne hartzen dute, Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis metodologia-oharrean emandako gomendioei jarraituz.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie lagundu duten establezimendu guztiei egindako ahaleginagatik, zirkunstantziak gorabehera. Haiei esker, abuztuko indizea laginaren % 95,14ko estaldurarekin kalkulatu da –laginaren informazioa irailean zehar jaso da–.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62