2020/11/09ko prentsa-oharra
JAIOTZEN ESTATISTIKA. 2020/II
Jaiotzen beheranzko joerak jarraitzen du Euskal AEn, % 3,9ko jaitsierarekin 2020ko bigarren hiruhilekoan
Jaitsiera nabarmenagoa izan da Bizkaian (-% 6,6), Gipuzkoan (-% 1,7) eta Araban (-% 0,2) baino
2020ko bigarren hiruhilekoan, Euskal AEn 3.584 haur jaio ziren, iazko aldi berean baino % 3,9 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Jaitsiera hiru lurraldeetan gertatu da, baina nabarmenagoa izan da Bizkaian (-% 6,6) Gipuzkoan (-% 1,7) eta Araban (-% 0,2) baino. Zifra absolutuetan, Bizkaian 1.751 haur jaio ziren, 1.225 Gipuzkoan eta 608 Araban.
2020ko apirilean, maiatzean eta ekainean, ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztizkoaren % 46,7 izan ziren, 2019ko hiruhileko berean erregistratutakoa baino gehiago (% 45,2). Bizkaia, % 50,3rekin, izan zen Euskal AEko batezbestekoa baino balio handiagoak izan zituen lurralde bakarra; Gipuzkoan eta Araban ehunekoak txikiagoak izan ziren, % 42,9 eta % 44,1, hurrenez hurren.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2020ko bigarren hiruhilekoan, ia erdiak (1.733) lehenengo seme-alabak izan ziren; 1.393 haur (% 38,9) aurretik beste bat zegoen familietara iritsi ziren, eta hirugarren eta ondorengo seme-alabak % 12,8 izan ziren.
40 urtetik gorako amen ehunekoak % 10ekoa izaten segitzen du
Jaiotzak adinaren arabera banatuz gero, 30-39 urte bitarteko amek jarraitu zuten nagusi izaten, horien artean erditzeen % 69,3 gertatu baitziren. Aurrekoa baino askoz ehuneko txikiagoekin zeuden 25-29 urteko taldea (% 13,9) eta 25 urtetik beherakoa (% 6,8), eta 40 urtetik gorako amen taldea % 10era iritsi zen.
Ama ezkongabeen amatasun-adina ama guztiena baino txikiagoa izan zen; izan ere, ama ezkongabeen % 9,6k 25 urte baino gutxiago zituzten, eta % 17,1ek 25-29 urte. 40 urtetik gorako ama ezkongabeen ehunekoa % 10,3koa izan zen.
Atzerriko nazionalitatea duten amak % 27,3 dira
2020ko udaberriko hilabeteetan Euskal AEn izandako jaiotzen % 27,3tan amak atzerriko nazionalitatea zuen. 2019ko aldi berean ehuneko hori % 26,4koa izan zen. Lurraldeka, Araban % 35,4 izan zen, Gipuzkoan % 27,2 eta Bizkaian % 24,7.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62