2020/11/25eko prentsa-oharra

Informazioaren gizartearen inkesta administrazioan. 2020

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko ia enpresa guztiek egin zuten izapide elektronikoren bat Administrazioarekin 2020an

IKT ekipamenduen erabilgarritasuna eta langileek egiten duten erabilera askoz ere handiagoa da Administrazioan enpresetan baino

Euskal AEko enpresen % 93,5ek izapide elektronikoak egin zituen Administrazio Publikoarekin 2020an, Eustatek prestatutako datuen arabera. Izapide hori zuzenean, hirugarrenen bidez (aholkularitza-etxeak…) edo bi prozeduren bidez egin daiteke. Hala, enpresen % 51,8k izapideren bat egin du zuzenean (2019an baino ehuneko 2,9 puntu gehiago), eta % 73,9k hirugarrenen bidez egin du (urtebete lehenago baino ehuneko 0,5 puntu gehiago).

10 enplegatuko eta gehiagokoen kasuan, establezimenduen % 96,7k egin du izapide elektronikoren bat. Enpresa horiek, handiagoak izanik baliabide gehiago dituztenez, izapide horiek zuzenean egiten dituzte nagusiki (% 83,0), eta ehuneko hori txikiagoa da (% 57,8) hirugarrenen bidez egiten dutenetan.

Aipatu ditugun erabilera-ehunekoez gainera, egindako izapide elektroniko nagusien xedea izan da informazioa eskuratzea (% 68,5), hainbat motatakoa, eta inprimakiak eta datu-orriak eskuratzea (% 64,7). Bide hori ere asko erabiltzen da gizarte-kotizazioak eta zenbait zerga-mota ordaintzeko –nagusiki BEZa (% 79,4) eta sozietateen gainekoa (% 61)–.

Izapide horiek Euskal AEko enpresek zer Administraziorekin egiten dituzten elektronikoki galdetzean, foru-aldundiak (% 86,6) eta Administrazio Orokorra (% 71,8) nabarmendu behar dira; ehuneko horietan zerga nagusien gainean dituzten eskumenek dute eragina. Jarraian, Eusko Jaurlaritza dago (% 51,3), gero toki-erakundeak (% 27,9) eta, azkenik, Europar Batasuna eta beste batzuk (% 10,4).

graf0017782_01_e.png

10 enplegatuko eta gehiagoko enpresen kasuan, nabarmen murriztu da Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien edo Administrazio Orokorraren arteko distantzia (% 76,4, % 86,7 eta % 85,9, hurrenez hurren). Halaber, nabarmen egin du gora toki-erakundeekin eta Europar Batasunarekin eta beste batzuekin e-administrazioa baliatzen duen enpresa-proportzioak (% 47 eta % 21,8, hurrenez hurren).

Euskal AEko ia administrazio publiko guztiek daukate web-orria

Administrazio Publikoko establezimenduen % 98,8k web-orria daukate, berea edo dagokien erakundearena, 2020an. Aurreko urtearen aldean –2019a– ehuneko 1,3 puntu egin du gora (2019an, % 97,5). 10 enplegatuko eta gehiagoko enpresetan, proportzio hori are handiagoa da, % 99,4koa, aurreko urtean (% 98,8) baino sei hamarren handiagoa.

Era berean, Euskal AEko Administrazio Publikoko ia establezimendu guztiek baliatzen dituzte 2020an IKTen oinarrizko ekipamenduak. Web-orriaz gainera, establezimendu publikoen % 100ak ditu ordenagailua eta Interneteko konexioa, eta % 99,8k, posta elektronikoa. Bestalde, telefono mugikorra da finkapen gutxien duen IKT ekipamendua; establezimendu publikoen % 85,6k daukate.

Enpresen sektorearekin alderatuta, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) sartzeko ehunekoak handiagoak dira Administrazio Publikoen establezimenduetan. Web-orriari dagokionez, aldea ehuneko 40 puntu baino gehiagokoa da, Administrazioaren alde (% 54,2koa enpresen sektorean). Hala ere, telefono mugikorreko ekipamendua ohikoagoa da enpresen sektorean (% 93,9), Administrazio Publikoaren sektoreko establezimenduetan baino (% 85,6).

2020an IKT ekipamenduak erabiltzen dituzten enplegatu publikoen proportzioa ere oso handia da: langile publikoen % 90,6k ordenagailua erabiltzen du, % 93,2k helbide elektronikoa du eta % 88,2k Interneterako sarbidea du. Enpresen sektorean, langileen erabilerari dagozkion ehuneko horiek txikiagoak dira, zehazki: % 72,5, % 68,1 eta % 67,6, hurrenez hurren.

graf0017782_02_e.png

Esan behar da ekipamenduei eta langileen aldetiko erabilerari dagozkien ehuneko handi horiek dagokien enplegu-maila gorabehera erregistratzen direla; beraz, Administrazio Publikoan ez du ia eraginik establezimenduen tamainak.

Gainera, ia establezimendu guztiek, % 99,5ek, segurtasun informatikoko neurriren bat hartzen dute; bereziki, software eguneratura jo ohi dute (% 97,9), bai eta pasahitz seguruak jartzera ere (% 97,4).

Konexioa duten establezimenduetan Internetera sartzeko modua dela eta, ia guztiek egiten dute konexio finkoen bidez (% 99,7), eta % 74,6k, gainera, konexio mugikorren bat ere badute. Lehenengoen artean zuntz optikoa nabarmendu behar da (kablea, FTTH…), % 89,7an; hiru urtean bakarrik, ehuneko 11 puntuko igoera izan du (2017an, % 78,9). Konexio mugikorren kasuan, banda zabaleko telefono mugikorra nagusitzen da, establezimenduen % 71,2an, zeinak hazkuntza esanguratsua ere izan baitu (ehuneko 9,5 puntu, 2017tik).

Euskal AEko Administrazio Publikoak garrantzi handia ematen dio Interneten web-orriaren bidez presentzia izateari; hala ondorioztatzen da web-orria duten establezimenduen ehuneko altutik (% 98,8), eta ehuneko hori % 99,4koa da, 10 enplegatuko eta gehiagoko establezimenduetan. Enpresen sektorearen kasuan, % 54,2koa da, establezimendu guztien kasuan, eta % 92,6koa, 10 enplegatuko eta gehiagoko enpresen kasuan.

Web-orri horietan, erakundearen beraren informazio orokorra aurki daiteke, kasuen % 100ean; produktuen katalogoa edo prezioen zerrenda, % 67,1ean, edo baliabide sozialetako profiletarako estekak, % 61,5ean, besteak beste. Enpresen sektorea dela eta, Administrazioak garrantzi handiagoa ematen dio enplegu-eskaintzei buruzko informazio-webeko presentziari (% 62,3, eta enpresetan % 27,5) eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasunari (Administrazioan bere web-orrien % 47,8an aurreikusten da eta enpresen kasuan, % 21,2an).

Web-orrietara sartzeko hizkuntzak direla eta, euskara nabarmentzen da % 98,8an eta gaztelania % 98,3an; ingelesez orrien % 38,0an nabiga daiteke eta beste hizkuntza batzuetan, % 19,1ean. Enpresen sektorean, euskarazko web-orrien eskuragarritasuna nabarmen baxuagoa da (% 42,4), bai eta ingelesezkoena (% 31,6) eta beste hizkuntza batzuena (% 14,3) ere.

graf0017782_03_e.png

Software librea Euskal AEko establezimendu publikoen % 66,5ean dago

Establezimendu publikoen % 66,5ek software librea du 2020an, besteak beste, nabigatzaileak Interneten, ofimatikako programak, doako sistema eragileak edo irekiak (Linux,...) eta abar. 10 enplegatu edo gehiago dituzten enpresetan, ehunekoa handiagoa da, % 72,1ekoa.

Bestalde, merkataritza elektronikoan parte hartzen duten establezimendu publikoen ehunekoa % 20,4koa da, 2019ko abenduan.

Argibide gehiagorako:

Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es  Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko ia enpresa guztiek egin zuten izapide elektronikoren bat Administrazioarekin 2020an

Eragiketa : 
Informazioaren gizartearen inkesta administrazioan
Eragiketa kodea : 
222141
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2025
Eguneratze data : 
2020/11/25
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0017782_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Gobernantza Publikoa eta Autogobernua Saila

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali