2020/11/26ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENTU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. APARTAMENTU TURISTIKOAK ETA OROTARAKOAK. 2020KO URRIA
Euskal AEn 2020ko urrian itxitako establezimentu turistikoen kopurua guztizkoaren % 23,2raino igo da, irailean baino 8 puntu gehiago
Sarrerak eta gaualdiak % 60 baino gehiago jaitsi dira establezimendu turistikoen guztizkoan, eta apur bat gutxiago apartamentu turistikoen kasuan, bai sarreretan (-% 51,4), bai, batez ere, gaualdietan (-% 29,0)
2020ko urrian, establezimendu turistiko hartzaileen % 23,2 itxita egon dira hileko egun guztietan, Eustatek landutako datuen arabera. Gainera, sarrerek eta gaualdiek % 62,7 eta % 61,7 egin dute behera, hurrenez hurren, aurreko urteko aldi beraren aldean.
Lurraldeka, Bizkaian izan da urte arteko jaitsierarik handiena urrian, % 68,2koa sarreretan eta % 64,6koa gaualdietan, 2019ko urrian baino. Gipuzkoan % 59,1 jaitsi dira sarrerak eta % 62,1 gaualdiak. Araba izan da urte arteko konparazioan atzerapen txikienak izan dituen lurraldea, sarrerak % 54,3 jaitsi baitira, eta gaualdiak % 49,7.
Guztiz itxitako establezimenduen kopuruaren hazkundea orokorra izan da lurraldeetan
Urriko egun guztietan itxitako establezimenduen ehunekoa (% 23,2) 2019ko urrian izandakoa (% 8,4) baino askoz handiagoa izan da, baita aurreko hilekoa (2020ko iraila) baino askoz handiagoa ere, orduan establezimenduen % 15,1 guztiz itxita egon baitziren. Hilabete osoan jarduerarik gabeko establezimenduen kopuruaren hazkundea lurralde guztietan gertatu da: Gipuzkoan igaro da irailean jarduerarik gabeko % 13,5 izatetik urrian % 21,6 izatera; Bizkaian, irailean % 16 izatetik urrian % 24,1 izatera; eta, azkenik, Araban jarduerarik gabeko establezimenduen kopurua irailean % 17,7 izatetik urrian % 25,9 izatera igaro da.
Urrian jarduerarik izan duten establezimenduei doakienez, nabarmentzekoa da eskainitako plazen araberako okupazio-mailak behera egin duela: 2019ko urrian % 53,3koa izan zen, eta aurtengo urrian, berriz, % 23,3koa, ehuneko 30 puntu gutxiago. Batez besteko egonaldia apur bat luzatu da aurreko urteko urriaren aldean: 1,98 egunetik 2,04 egunera.
Euskal AEko apartamentu turistikoetako sarrerak % 51,4 jaitsi dira, eta gaualdiak % 29,0
Apartamentu turistikoei dagokienez, 2020ko urrian 3.910 sarrera eta 18.779 gaualdi izan dira, hurrenez hurren. Zifra horien arabera, 2019ko urriaren aldean % 51,4 jaitsi dira sarrerak, eta % 29,0 gaualdiak. Beherakada nabarmena izan da atzerriko jatorriko pertsonen artean: 2020ko urrian sarrerak aurreko urteko urrian baino % 77,1 gutxiago izan dira, eta % 45,5 gutxiago gaualdiak.
Lurraldekako bilakaera ez da uniformea izan. Araban % 22,7 jaitsi dira sarrerak, eta gaualdiak % 11,3, 2019ko urriaren aldean; Bizkaian urte artean % 50,6 eta % 27,3 jaitsi dira, hurrenez hurren; eta, azkenik, Gipuzkoan % 60,8 eta % 43,8 jaitsi dira.
Euskal AEko apartamentu turistikoetako batez besteko egonaldia 4,80 egunekoa izan da 2020ko urrian, 2019ko urriko 3,29 eguneko batez besteko egonaldia gaindituz. Lurraldeka, Araba nabarmentzen da batez besteko egonaldi luzeenarekin, 8,70 egunera iritsita 2020ko urrian (7,59 egunekoa izan zen 2019ko urrian). Ondoren, Gipuzkoa dago, 4,34 eguneko batez besteko egonaldiarekin (3,02 egun aurreko urteko hilabete berean), eta, azkenik, Bizkaia, non batez besteko egonaldia 3,75 egunekoa izan den urrian, 2019ko urriko 2,55 eguneko egonaldia baino pixka bat handiagoa.
Oharra. Eustatek inkesta honetan parte hartu duten establezimendu guztiei eskerrak eman nahi dizkie egindako ahaleginagatik, nahiz eta gaur egungo egoera ezohikoa izan. Haiei esker, COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek sektorean izan dituzten ondorioak kuantifikatzeko aukera ematen duen informazio hau zabaldu ahal izan da.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: Tlf.: 945 01 75 62