2020/12/04ko prentsa-oharra
HIRUHILEKO KONTUAK. III/2020
Euskal AEko BPGd-a % 15,5 berreskuratu da 2020ko hirugarren hiruhilekoan
Urte arteko terminoetan, 2019ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, beherakada % 7,5ekoa izan da BPGd-aren kasuan, eta % 6,2koa, enpleguaren kasuan
Euskal AEko barne-produktu gordina (BPGd) % 15,5 hazi da hirugarren hiruhilekoan, 2020ko bigarren hiruhilekoaren aldean, Eustaten datuen arabera. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, berriz, BPGd-ak % 7,5 egin duela atzera ikusten da.
Estimazio horietan, hura egitean eskuragarri zegoen informazio koiuntural guztia izan zen kontuan, eta haiek pasa den urriaren 23an Hiruhileko Kontuen Aurrerapenean hirugarren hiruhilekorako izandako estimazioak baino hobeak dira. BPGd-ak gora egin du hiruhilekoen artean aurrerapenean kalkulatutakoa baino 3 hamarren gehiago, eta urte artean beherakadaren moderazioa dakar, 2 hamarren ingurukoa. Enpleguaren kasuan, aldakuntza-tasen hobekuntza ehuneko hiru hamarren igo da, bai hiruhilekoen arteko terminoetan, bai urte artekoetan.
Euskal AEko BPGd-aren urte arteko uzkurdura Espainiako ekonomiarako kalkulatutakoa baino baxuagoa da; bertan, urte arteko atzerakada hirugarren hiruhilekoan % 8,7koa da. Euroguneak (–% 4,4), Europar Batasunak (–% 4,3) eta Estatu Batuek (–% 2,9), berriz, jardueraren beherakada moderatuagoak izan dituzte.
Eskaintzaren ikuspuntutik, urte arteko terminoetan balio erantsiaren atzerakada orokortua izan da, administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean izan ezik. Aurreko hiruhilekoa dela eta, berriz, balio erantsiaren aurrerapena handia izan da adar gehienetan, lehen sektorean izan ezik; izan ere, bertan, jarduerak behera egiten jarraitu du.
Lehen sektorean balio erantsiaren uzkurdura % 7,2koa izan da, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta % 4,4koa, 2020ko bigarren hiruhilekoaren aldean.
Industriaren sektoreak atzerakada izan du urte arteko terminoetan, % 9,5ekoa, manufaktura-industriaren (% 9,4) kasu berezian baino hamarren bat handiagoa. Beherakada horiek bigarren hiruhilekoan ikusitakoak baino txikiagoak dira; orduan, % 26,7koa eta % 27,8koa izan ziren, hurrenez hurren. 2020ko hirugarren hiruhileko honetan, balio erantsiaren berraktibazioa urteko bigarren hiruhilekoaren aldean industria osorako % 23,3koa izan dela kalkulatzen da, eta % 25,4koa, manufaktura-industriaren kasuan.
Eraikuntzaren sektoreak ere atzerakada txikiagoa izan du aurreko hiruhilekoan baino; balio erantsia hirugarren hiruhilekoan % 9,3 jaitsi da urte arteko terminoetan, eta, hala, % 11,8 igo da urteko bigarren hiruhilekoaren aldean.
Zerbitzuen sektorearen jarduera globala 2020ko hirugarren hiruhilekoan 2019ko hirugarren hilekoan baino % 5,9 baxuagoa izan da, baina bigarren hiruhilekoan baino % 12,4 altuagoa. Aldakuntza horiek, beraz, arindu egiten dute, zati batean, urte arteko terminoetan % 17ko urte arteko beherakada, eta % 15,1ekoa hiruhilekoen arteko terminoetan aurreko hiruhilekoan sektorean ikusitakoak.
Zerbitzuen portaera ez da homogeneoa izan adarren arabera. Merkataritza, ostalaritza eta garraioaren adarrak balio erantsian % 10,2ko beherakada izan du aurreko urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean; alegia, aurreko hiruhilekoaren aldean, % 15,6 hazi da. Beherakada ez da hain nabarmena izan Gainerako zerbitzuen adarrean –bertan sartzen dira, besteak beste, lanbide- eta finantza-jarduerak eta aseguruak–; urte arteko aldakuntza-tasa –% 8,1ekoa izan da eta hiruhilekoen arteko tasa positiboa izan da, % 22,1ekoa.
Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean, berriz, aurreko hiruhilekoetan izan den balioaren antzekoari eusten zaio, eta % 1,1 hazi dela kalkulatzen da, bai urte arteko terminoetan, bai hiruhilekoen artekoetan.
Sektoreko ia agregatu guztien urte arteko portaera negatiboa dela eta, balio erantsi gordinak Euskal AEn % 7,4 egin du atzera, aurreko urteko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 15,8ko berreskurapena izan du, 2020ko bigarren hiruhilekoaren aldean.
Eskariaren aldetik, portaera antzekoa izan da; urte arteko atzerakadak aurreko hiruhilekoan baino arinagoak izan dira eta hiruhilekoen arteko gorakadak esanguratsuak izan dira, Administrazio publikoen azken kontsumoko gastuaren kasuan izan ezik.
Etxeetako azken kontsumoko gastuak (Kontsumo pribatua) % 8,5 egin du behera 2019ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, baina aurreko hiruhilekoaren aldean % 15,4 egin du gora.
Kontsumo publikoa (Administrazio publikoen azken kontsumoko gastua) da aurreko urteko hiruhileko berean izan zen balioa baino handiagoa izan duen agregatu bakarra (urte arteko % 3,6ko aldakuntza), eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta igoera moderatuagoa izan da, % 0,7koa.
Kapitalaren eraketa gordinean (Inbertsioa) urte arteko atzerakada % 11,4koa izan da, eta aurreko hiruhilekoan % 23,0koa. Urteko bigarren hiruhilekoa dela eta, igoera % 15,6koa izan da. Ekipo-ondasunen inbertsioak % 12,2ko beherakada izan du, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean; alegia, hiruhilekoen artean % 23,7ko berreskurapena egon da.
Kapitalaren gainerako eraketa gordinean –lotuago dago eraikuntzaren sektorearen bilakaerarekin–, urte arteko beherakada % 10,9koa izan da, eta igoera egon da, % 11,6koa, urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta.
Barneko eskaria Azken kontsumoko gastuak eta Kapitalaren eraketa gordinak eratzen dute, eta urteko hirugarren hiruhilekoan urte arteko % 7,2ko atzerakada izan du. Beherakada hori BPGd-rako estimatutakoaren azpitik dago (% 7,5); beraz, Kanpo-sektorearen ekarpena negatiboa izan da ere urteko hirugarren hiruhilekoan. Hala, ondasun eta zerbitzuen Esportazioek % 15,5 egin dute behera aurreko urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean, eta Inportazioek beherakada txikiagoa izan dute, % 14,8koa. Kanpo-saldoak, beraz, ekarpen negatiboa egin dio BPGd-aren urte arteko bilakaerari.
Enplegu-mailak direla eta (Dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta), enpleguak, oro har, % 6,2 egin du atzera, aurreko urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean, nahiz eta % 13,6 egin duen gora urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta.
Hori horrela, gogorarazi behar da lanpostuaren definizioak, Kontuen Sistema Europarraren (KSE) arabera, bere zenbaketan aldi baterako lan egiten ez duten baina beren lanpostuarekin –bermearekin edo berriro lanean hasteko datari buruzko akordioarekin, esaterako ABEEEen kasuak– lotura formala duten pertsonak uzten dituela kanpoan.
Lehen sektoreak enpleguaren % 0,9ko beherakada izan du, 2019ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, eta % 2,2ko igoera, aurreko hiruhilekoaren aldean. Urte arteko atzerakada % 8,9koa izan da Industriaren sektorean, eta hiruhilekoen arteko igoera % 13,9koa izan da. Eraikuntzan, enpleguaren bilakaera ere negatiboa izan da, 2019ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta (% 3,6ko beherakada) eta positiboa, 2020ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta (% 13,8ko igoera). Azkenik, eta antzeko profilarekin, Zerbitzuen sektorean dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuen kopuruak % 5,7 egin du behera urte arteko terminoetan, nahiz eta % 13,7 egin duen gora aurreko hiruhilekoaren aldean.
Lurralde Historikoetako BPGd-aren bilakaera dela eta, Arabak urte arteko –% 7,2ko aldakuntza-tasa izan du, Gipuzkoak –% 7,4koa eta, azkenik, Bizkaiak –% 7,7koa.
INFORMAZIO-OHARRA
Egutegiaren eta serieen desestazionalizazioaren eraginak zuzentzeko erabilitako ereduek COVID-19ak aztertutako aldagaien gainean izandako eragina jaso dute, Europar Batasuneko Bulego Estatistikoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis ohar metodologikoan emandako gomendioei jarraikiz.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf.: 945 01 75 62