2020/12/03ko prentsa-oharra
INDUSTRIA-PRODUKZIOAREN INDIZEA. 2020KO URRIA
Euskal AEko industria-jarduerak % 7,9 egin du behera 2020ko urrian
Aurreko hilarekin –2020ko iraila– alderatuta, industria-produkzioaren indizeak % 0,6 egin du gora
Euskal AEko industria-produkzioak % 7,9 egin zuen behera 2020ko urrian, aurreko urteko hil beraren aldean, lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, Eustatek prestatutako datuen arabera; zortzigarren hilez erregistratu ditu tasa negatiboak.
2020ko urria urte bereko irailarekin alderatuta, Euskal AEko industria-produkzioak % 0,6 egin du gora, urtaroetako ondorioak zuzendu ondoren.
2020ko lehen hamar hilen balantzearen itxieran industria-jardueraren uzkurdura metatua % 14,6koa izan da.
2020ko urriko indizearen bilakaera 2019ko urrikoaren aldean negatiboa izan da industria-sektore handi guztietan. Energiak % 26,8 egin du behera, eta bertan sartzen dira, besteak beste, energia elektrikoaren hornidura eta petrolio-fintzea.
Urte arteko % 6,8ko beherakada izan dute bai Tarteko ondasunek –haien artean daude metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa– bai Kontsumo-ondasunek oro har. Azken horien artean, % 7,5 egin dute behera Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrek, % 3,7. Honako hauek dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruan sartzen diren jarduerak: elikagaien fabrikazioa, prozesatua eta kontserbazioa; garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa, eta janzteko arropen jantzigintza. Kontsumo-ondasun iraunkorren epigrafean, bestalde, altzarien eta etxeko aparatuen fabrikazioaren jarduerak daude.
Azkenik, Ekipo-ondasunek % 5,0 egin dute behera. Haien artean honako hauek nabarmendu behar dira: motordun ibilgailuen fabrikazioa; lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza, eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzigintza.
Hilen arteko aldaketen artean –2020ko urria 2020ko irailaren aldean–, hainbat motatako aldaketak daude industria-sektore handietan, urtaroetako ondorioak zuzendu ondoren. Tasa positiboak ikusi dira Ekipo-ondasunetan (% 2,3) eta Tarteko ondasunetan (% 0,4). Ordea, Kontsumo-ondasunetan, oro har, % 1,1 gutxitu da ekoizpena, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek % 2,5 egin baitute behera, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrek % 5,9 egin baitute gora. Energiak, azkenik, % 0,5 egin du behera.
Maila bereiziagoan, euskal industrian pisurik gehien duten sektoreen artean, 2020ko urrian urte arteko aldaketetan portaera positiboa izan duen bakarra Kautxua eta plastikoa izan da, % 0,5 egin baitu gora ekoizpenean. Ordea, beherakada handiena erregistratu duten pisu gehieneko sektoreak honako hauek izan dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 26,3 behera); Metalurgia eta produktu metalikoak (% 11,6 behera) eta Makinak eta ekipoa (% 5,6 behera), egutegi-ondorioak zuzendu ondoren.
Lurralde historikoen arabera, urrian industria-ekoizpenaren indizearen urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiru lurraldeetan. Hala, Bizkaian % 13,5 egin du atzera (batik bat sektore energetikoaren portaerak izan du eragina horretan); Gipuzkoan, % 5,3, eta, azkenik, Araban, % 2,6.
Hilen arteko terminoetan, 2020ko urria 2020ko irailaren aldean, eta urtaroengatiko ondorioak atera ondoren, honako hau ikusi da: Bizkaian ekoizpenak % 1,7 egin du gora; Araban, % 0,9, eta, Gipuzkoan, % 0,6 behera.
INFORMAZIO-OHARRA
Egutegiaren eta serieen desestazionalizazioaren eraginak zuzentzeko erabilitako ereduek COVID-19ak aztertutako aldagaien gainean izandako eragina jaso dute, Europar Batasuneko Bulego Estatistikoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis ohar metodologikoan emandako gomendioei jarraikiz.
Eustat-ek eskerrak eman nahi dizkie elkarlanean jardun duten establezimendu guztiei, egin duten ahaleginagatik, egoerak ezohikoak izan badira ere. Haiei esker, urriko indizea laginaren % 93,96ko estaldurarekin kalkulatu da –haren informazioa azaroan jaso da–.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62