2020/12/14ko prentsa-oharra
BIZTANLEEN UDAL-ESTATISTIKA. 2020/01/01
Euskal AEn bizi den biztanleria osoaren %8,4 atzerriko biztanleria da, 185.000 bizilagun, alegia
Euskadiko AE bizilagun atzerritarren proportzio txikiena duen autonomia-erkidegoetako bat da
Euskadiko AEn 184.916 pertsonak dute atzerriko nazionalitatea, biztanleria osoaren % 8,4k, 2020ko urtarrilaren 1ean, Eustatek emandako datuen arabera. Ehuneko hori 2019ko urtarrilaren 1ekoa baino ehuneko 8 hamarren handiagoa da. Ehunekoa pixka bat aldatzen da lurralde batetik bestera: Arabak du proportzio handiena, % 9,9 (2019an baino 6 hamarren gehiago); ondoren, Gipuzkoak, % 8,5 (7 hamarren gehiago), eta, azkenik, Bizkaiak, % 7,9 (9 hamarren gehiago).
Nazionalitatearen kontinentea kontuan hartzen badugu, Amerikako herrialdeetako pertsonak atzerriko nazionalitatea dutenen % 40,5 dira, eta Espainian, % 27 baino pixka bat gehiago. Pertsona gehien dakarten talde horretako herrialdeak Nikaragua, Kolonbia, Honduras, Paraguai eta Bolivia dira; atzerriko nazionalitatea duten pertsona guztien % 25,5 dira eta Amerikako nazionalitatea duten pertsonen % 63. Emakumeak Amerikako nazionalitateko bizilagunen % 61,3 dira.
Europako nazionalitatea izan eta Euskadiko AEn bizi direnak % 23,7 dira, eta Espainian bizi direnak, % 44,2. Talde honetan, Errumania nabarmentzen da, zeina atzerritar guztien % 10,5 baita eta Europako pertsona guztien % 44,2, Espainian baino ehuneko 15 puntu gehiago. Bigarrenik, baina nahiko distantziarekin, Portugal dago; Euskadiko AEn Europako nazionalitatea duten pertsonen % 14,7rekin. Kolektibo horretan, bi sexuek dute antzeko pisua, baina gizonen ehunekoa pixka bat handiagoa da.
Afrikako herrialdeei dagokie Euskadiko AEko atzerritarren % 27,3 eta Espainiako % 19,8; haietako erdia baino gehiago Marokokoa da (% 52,6), gero Aljeria, Senegal eta Nigeriakoa (% 13 lehenak eta % 10 beste biek). Lau nazionalitate horiek Afrikako nazionalitatea duten pertsonen % 85 dira. Sexuaren araberako banaketa aintzat hartzen badugu, gizonak nagusitzen direla ikusten da, kopuru osoaren % 61,5.
Azken lekuan, Asiako eta Ozeaniako nazionalitateren bat duten pertsonak daude, bertan bizi diren atzerritarren % 8,4; eta nabarmentzekoa da presente dauden ia herrialde bakarrak Txina eta Pakistan direla, taldearen % 75,1 baitira.
Araban, Afrikako nazionalitatea duten pertsonak dira gehiengoa, eta, Bizkaian eta Gipuzkoan, Amerikako nazionalitatea dutenak
Araban, Afrikako nazionalitatea dutenak bertan bizi diren atzerritarren arteko kolektibo nagusia dira (% 40,7), eta bigarren kolektibo garrantzitsuena Amerikako nazionalitatea duten bizilagunena da (guztizkoaren % 30,5).
Bizkaian, Amerikako nazionalitatea dutenak dira talde nagusikoak (% 44,8), ondoren, antzeko ehunekoarekin, Afrikako nazionalitatea dutenak (% 24,8) eta Europakoa dutenak (% 22,1).
Gipuzkoan, nazionalitateen banaketa Bizkaikoaren antz handiagoa du Arabakoarena baino; bertan, ehunekoa handiagoa da Amerikako nazionalitatea dutenen artean (% 39,5), gero Europakoa dutenetan (% 28,2) eta Afrikakoa dutenetan (% 23,8).
Atzerrian jaio diren 77.000 bizilagunek Espainiako nazionalitatea dute
2020ko urtarrilaren 1ean, Euskadiko AEko 77.035 bizilagunek Espainiako nazionalitatea eskuratu dute edo jatorriz zeukaten, familia-kontuak edo bestelakoak direla eta. Kopuru horretatik, % 66,7 Amerikako kontinentetik dator, eta, haietatik, hiru herrialdetatik % 50: Kolonbia (% 25), Ekuador (% 13) eta Bolivia (% 12).
Jarraian, Europako beste herrialde batzuetan jaio direnak daude (% 16,4); haietatik, heren bat Frantzian jaio da, % 15 Portugalen eta % 11,5 Erresuma Batuan.
Espainiako nazionalitatea eskuratu dutenen % 13 Afrikako herrialdeetatik datoz eta, haietatik, erdia baino gehiago Marokon jaio dira (% 54), eta, ondoren, Aljerian (% 15,6).
Espainiako Estatuan 2.317.000 pertsona inguru dira atzerrian jaio eta Espainiako nazionalitatea dutenak, Espainiatik kanpora jaiotako guztien % 32. Ehuneko hori eta jaiotzako kontinenteen araberako banaketa Euskadiko AEkoaren antzekoak dira. Desberdintasuna Amerikako herrialdeen pisuan dago; izan ere, Ekuadorren jaio direnen ehunekoa da handiena (% 19), ondoren Kolonbian jaiotakoena (% 15,5) eta, gero, Venezuelan jaiotakoena (% 11,2).
Euskadiko AEn bizi den biztanleria atzerritarra gazteagoa da Espainiako nazionalitatea duen biztanleria baino
Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen batez besteko adina 33 urte da Euskadiko AEn. Zifra hori Espainiako nazionalitatea duten bizilagunen 46 urteak baino nabarmen txikiagoa da; euskal herritarren batez besteko adina 45 urte da.
Bestalde, nazionalitateari begiratu beharrean, kontuan hartzen duguna jaioterria bada, adinaren batez bestekoan ere alde esanguratsuak daude, leku hori Euskal Autonomia Erkidegoa izan, beste autonomia-erkidego bat izan edo atzerria izan aintzat hartuta. Biztanleria zaharkituena, alde handiarekin, erkidegoan bizi eta Estatuaren gainerakoan jaio dena da; hark, batez beste, 64 urte ditu. Ondoren, Euskadiko AEn jaiotako biztanleria dago, 41,5 urterekin batez beste, eta, azkenik, atzerrian jaiotako pertsonak, 37,2 urteko batez bestekoarekin.
240.000 pertsona baino gehiago dira atzerrian jaio direnak
2020ko urtarrilaren 1ean, 242.840 ziren atzerrian jaiotako biztanleak; alegia, biztanleria osoaren % 11. Espainian % 14,8ko proportzioa zegoen; beraz, puntu honetan, Euskadiko AE Gaztela-Mantxaren eta Andaluziaren artean dago, % 11 eta % 10 direla atzerriko jatorrikoak, hurrenez hurren.
Hiru hiriburuek atzerrian jaiotako biztanleetan Euskadiko AEk baino ehuneko handiagoak dituzte; Vitoria-Gasteizek du proportzio handiena (% 14,2), gero Bilbok (% 13,5) eta, azkenik, Donostiak (% 11).
62 udalerrik atzerrian jaiotako pertsonetan Euskadiko AEren aldean proportzio handiagoa dute, eta haietako 17k baino ez dituzte 10.000 biztanle baino gehiago. Ordiziak du ehunekorik handiena (% 18,6). Ondoren, Arabako Errioxako hiru herrialdek: Lanciego/Lantziego (% 17,4), Navaridas (% 18) eta Baños de Ebro/Mañueta (% 18,4), eta Berriatua (% 17,8). Hiru udalerrik, berriz, ia ez dute bizilagun atzerritarrik, guztiak Gipuzkoan: Orexa, Aduna eta Mutiloa. Udalerri horietan biztanle-kopurua txikia da; izan ere, Adunan, handienean, 483 biztanle baino ez daude, eta atzerrian jaiotako biztanleriaren proportzioa % 2tik beherakoa da.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62