2020/12/18ko prentsa-oharra
EUSKAL ENPRESEN EGITURA ETA DEMOGRAFIA 2020/01/01
2020an Euskal AEn jarduera duten enpresetako enpleguak gora egin du, baina kopuruak behera egin du
Administrazio publikoa, hezkuntza eta osasuna, Informazioa eta komunikazioa eta Eraikuntza dira enplegu garbi gehien sortzen duten jarduera-sektoreak
Euskal AEn jarduera-sektoreetako 153.971 enpresak ziharduten 2020ko urtarrilaren 1ean, aurreko urtean baino 3.387 enpresa gutxiagok (–% 2,1), Eustatek emandako datuen arabera. Enpresa horiek beren jarduerak 171.371 establezimendutan betetzen zituzten (fabrikak, saltokiak, bulegoak…), eta 3.400 gutxiago (–% 1,9) erregistratu ziren. Establezimendu horiek honela banatzen dira: % 14,4 Araban; % 52,0 Bizkaian, eta % 33,6 Gipuzkoan.
Establezimendu horietan enplegatutako langile-kopuruak gora egin zuen bosgarren urtez jarraian; % 1,1 azken urtean. Jarduera-sektoreen arabera, langileen kopuruak honako sektore hauetan egin zuen gora, besteak beste: Administrazio publikoa, hezkuntza eta osasuna (% 3,0), Informazioa eta komunikazioak (% 2,1) eta Eraikuntza (% 1,9). Berriz, enplegatutako pertsonen kopuruak honako sektore hauetan bakarrik egin zuen behera: Finantzen eta aseguruen jarduerak (–% 4,4), Higiezinen jarduerak (–% 2,5) eta Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza (–% 1,7).
Kopuruari dagokionez, establezimendurik gehien izan duen sektorea Merkataritza, garraioa eta ostalaritza izan zen,% 36,1; ondoren, Jarduera profesional eta lagungarriak (% 16,4) eta Eraikuntza (% 11,7).
Establezimenduen tamainaren araberako banaketa aurreko urtean bezalatsu izan zen. 2.555 establezimenduk –guztien% 1,5– baino ez dituzte batez beste 50 langile edo gehiago enplegatzen; baina, oro har, enplegatutako pertsona guztien % 41,5i ematen zioten lana. 124.463 establezimendu –guztien ia hiru laurdenak–, berriz, tamaina txikikoak dira (3 enplegatu baino gutxiago), eta bertan, enplegatu guztien % 16,5 zeuden.
Establezimenduen jarduera-adar nagusien araberako batez besteko tamaina dela eta, enplegatuen kontzentraziorik handiena Industria, energia eta saneamenduaren sektorean erregistratu zen, eta Euskal AEn, oro har, establezimenduko batez besteko tamaina 16,4 langilekoa da. Araba nabarmentzen da (20,3 langile), eta batez besteko tamaina Bizkaian 14,5 da eta Gipuzkoan, 16,6 langile establezimendu bakoitzeko.
Sexuaren arabera, 2019an Euskal AEn pertsona enplegatuen % 43,8 emakumeak ziren, aurreko urteko antzeko proportzioan. Sektore feminizatuenak honako hauek izan ziren: Administrazio publikoa, hezkuntza eta osasuna (% 66,2 emakumeak), Jarduera finantzarioak eta aseguruetakoak (% 55,0), Arte-jarduerak eta beste zerbitzu batzuk (% 54,9) eta Higiezinen jarduerak (% 49,7). Honako sektore hauetan, berriz, gizonak dira nagusi: Eraikuntza (% 89,9 gizonak), Industria (% 79,2) eta Lehen sektorea (% 77,9).
ENPRESAK
Enpresa guztien (establezimenduen jardueren euskarri diren unitate juridikoak) % 97,2k Euskal AEn zuen egoitza eta 4.251k, Estatuko beste leku batean. Erdiak baino pixka bat gehiagok, 77.770 enpresak, Bizkaian zuten egoitza; 50.671k (% 32,9), Gipuzkoan, eta 21.279k (% 13,8), Araban.
Enpresen batez besteko tamainak lehengoan dirau: 6,0 enplegatu enpresako eta 5,4, establezimendu bakoitzeko. Nortasun juridikoaren araberako analisian, berriz, alde nabarmenak daude. Forma juridikoa pertsona fisikoa duten titularrak 1,4 enplegutara baino ez ziren heldu, bai enpresako bai establezimenduko; gainerako forma juridikoetarako, ordea, batez besteko horiek 12,6 eta 10,1 pertsonakoak dira, enpresa eta establezimendu bakoitzeko, hurrenez hurren.
ENPRESA-DEMOGRAFIA
Enpresek dituzten urteak direla eta, Euskal AEko enpresen panoraman enpresa berri samarrak daudela azpimarratu behar dugu. Euskal AEn ari ziren enpresen % 32,5ek bost urte edo gutxiago zituzten, eta bi urte edo gutxiagokoak % 2,3 ziren.
Txandakatzea dela eta, establezimenduen altak eta bajak kontuan hartuta, 2019an 13.374 establezimenduk hasi eta 16.774k eten zuten jarduera; alegia, saldoa negatiboa izan zen (3.400 establezimendu). Ireki zuten establezimenduen tasa (sortutako establezimenduen eta stock-ean daudenen arteko zatidura) % 7,8koa izan zen eta itxitakoen tasa, % 9,7koa. Ondorioz, hazkunde garbiko tasa negatiboa izan zen (–% 1,9).
Txandakatze handiena honako arlo hauetan gertatu da: Merkataritza, garraioa eta ostalaritza (alta guztien % 28,9 eta baja guztien % 33,6); Jarduera profesional eta osagarriak (alten % 19,0 eta bajen % 18,1), eta Eraikuntza (alten % 18,3 eta bajen % 18,0).
Nortasun juridikoaren araberako demografia aztertzean, pertsona fisikoaren formularen bidez sortutako establezimenduak nabarmendu behar dira; alten % 66,2 eta bajen % 60,4 eragin zuten.
Pertsona enplegatuei dagokienez, pertsona fisikoaren forma juridikoa duten establezimenduek establezimendu berrietan enplegatutako pertsonen % 39,7 hartu zuten eta desagertutako establezimenduetan enplegatutako pertsonen % 39,9. Sozietate mugatuak ere nabarmentzen dira: alta emandako establezimenduetan enplegatutako pertsonen % 38,4 eta baja emandako establezimenduen % 34,1.
Establezimenduen tamainaren arabera, estraturik dinamikoena 2 enplegatu edo gutxiagokoa da, ohikoa den bezala. Berak bakarrik alta guztien % 90,1 eta baja guztien % 91,7 erregistratzen ditu.
Beste aldean, establezimendu handien (50 enplegatu edo gehiago dituztenak) estratua dela-eta, alten % 0,2 eta bajen % 0,1 baino ez dira. Aldiz, establezimenduetako pertsona enplegatuen alta guztien % 9,5 eta baja guztien % 8,8 dira.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62