2020/12/29ko prentsa-oharra
GIZA GARAPENAREN INDIZEA. 2020
Euskal AE 2020 GGIko herrialdeen munduko sailkapenean hamabigarren postuaren mailan dago
Norvegia, Islandia eta Suitza dira herrialde garatuen zerrendako buru, eta Espainia 25. postuan dago
Euskal AE, Giza Garapenaren Indizea (GGI) 0,937 izanik, herrialdeen sailkapeneko 12. postuaren mailan dago, Eustatek landutako datuen arabera eta Nazio Batuen Garapen Programaren metodologia aplikatuz (NBGP), 2020. urteko azken txostenean islatuta, 2019ko datuekin.
NBGPk 2020an argitaratutako txostenak munduko 189 herrialdeko sailkapena ezartzen du, bizi-baldintzen arabera ordenatuta. Azterlanak horietako bakoitzari GGI bat esleitzen dio (0tik 1erako eskalan) jaiotzako bizi-itxaropenaren, eskola-adineko haurren esperotako eskolatze-urteen, 25 urte edo gehiagoko helduen batez besteko eskolatze-urteen eta per capita errenta nazional gordinaren arabera.
GGIk planetako garatuenen artean kokatzen du Euskal AEko gizartea, Norvegiaren, Irlandaren, Suitzaren, Hong Kongen, Islandiaren, Alemaniaren, Suediaren, Australiaren, Herbehereen, Danimarkaren, Finlandiaren eta Singapurren atzetik. Espainia 25. dago NBGPren txostenean, 0,904ko GGIrekin. Azkena Niger da, 0,394rekin.
2010-2019 aldian GGIren osagai guztiek egin dute hobera Euskal AEn. Bizi-itxaropena 82,4 urtetik 83,9 urtera igaro da, eta, gainera, hirugarren postuan dago; Hong Kong (84,9) eta Japonia (84,6) baino ez daude aurretik.
Gauza bera gertatzen da esperotako eskolatze-urteen adierazleari dagokionez, 18,1 urtetik 18,6 urtera igaro baita eta Autonomia Erkidegoa ere lehen postuetan kokatzen baitu, bederatzigarren postuan zehazki, Australiaren (22,0), Belgikaren (19,8), Suediaren (19,5), Finlandiaren (19,4), Islandiaren (19,1), Danimarkaren (18,9), Zeelanda Berriaren (18,8) eta Irlandaren (18,7) atzetik.
Eskolatzearen batez besteko urteei dagokienez, aldi horretan ere gora egin badute ere (10,2 urtetik 11,2 urtera), Euskal AE 51 herrialdek gainditu dute; herrialde horien buru Alemania (14,2 urte batez beste) eta Estatu Batuak, Suitza eta Kanada (hirurak 13,4) izan dira.
Euskal AEko per capita errenta nazional gordina 50.877 dolarretatik 57.438 dolar estatubatuarretara (2017koak) igo da 2010 eta 2019 artean, erosteko ahalmenaren parekotasunaren arabera neurtuta, Norvegiako 66.494 dolarretatik eta Liechtensteinen 131.032 dolarretatik urrun (munduko pertsona bakoitzeko diru-sarrera handienak dituen herrialdea), baina Alemania (55.314) edo Islandia (54.682) bezalako herrialdeen aurretik.
Aurreko urtearekin, 2018arekin, alderatuz gero, GGIren lau osagaietatik hiruk hobera egin dute: bizi-itxaropenak (hiru hamarren, 83,6tik 83,9ra), eskolatze-urteen batezbestekoak (hamarren bat, 11,1etik 11,2ra) eta errenta nazional gordinak (56.659tik 57.438ra). Aitzitik, esperotako eskolatze-urteak 18,7tik 18,6ra igaro dira, baina aldea 5 ehunenekoa baino ez da.
Giza garapenaren indizea. Egiturako adierazleak
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62