2020/12/22ko prentsa-oharra
ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN DIREKTORIOA. 2020/01/01
Euskal AEko Administrazio Publikoek 139.885 langile zituzten 2020ko urtarrilaren 1ean, lau urte lehenago baino ia 9.000 gehiago
Landunen % 58 funtzionarioak eta lan-kontratudun finkoak ziren, eta % 41, berriz, bitartekoak eta behin-behineko langileak
Euskal AEko Administrazio Publikoek (Estatuko Administrazioaren eta Gizarte Segurantzaren Sistemaren menpeko langileak kontuan hartu gabe) 139.885 langile zituzten 2020ko urtarrilaren 1ean, Eustatek landutako datuen arabera. Euskal AEko Administrazioan lan egiten duten pertsonen kopuruak gora egin du urtez urte 2016tik, eta aldi horretan 8.969 langile gehiago metatu dira, % 6,9 gehiago.
Enplegatuen % 63,1 emakumeak ziren, eta % 36,9 gizonak, aurreko urteko banaketa berari eutsiz. Euskal AEko Administrazioan emakumeen nagusitasuna nabaria izan da urteetan zehar, eta handituz joan da oraindik ere.
Lan-harremanen esparru arautzailearen arabera, 2020ko urtarrilaren 1ean, funtzionarioak Euskal AEko Administrazio Publikoetan enplegatutako langile guztien % 61,6 ziren, % 37,5 lan-kontratudun langileak ziren (bi kasuetan Osakidetzako estatutupeko langileak barne), eta % 1 goi-kargudunei zegokien; ehuneko horiek guztiak aurreko urtekoen oso antzekoak ziren.
Euskal AEko Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langile finkoak, funtzionarioak, lan-kontratudunak eta estatutupekoak, langile guztien % 57,7 ziren, aurreko urtearen aldean ia aldaketarik gabe; bitarteko funtzionarioak, berriz, % 16,8 ziren (5 hamarren gehiago), eta aldi baterako lan-kontratudun langileak % 24,6 (ehuneko 0,5 puntu gutxiago).
2020ko urtarrilaren 1ean Euskal AEko Administrazioan enplegatuta zeuden 139.885 pertsonetatik, % 64,6 Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziokoak ziren, % 19,4 Toki Erakundeetakoak, % 8,4 Foru Aldundietakoak eta gainerako % 7,6a Unibertsitatekoak, Fundazioetakoak eta beste Erakunde Publiko batzuetakoak. Azken urtean, ia aldaketarik gabe mantendu da enpleguaren banaketa Euskal AEko erakundeen artean.
2016. urtearekin alderatuta, Euskal AEko Administrazioetan lan egiten duten pertsonen kopurua 8.969tan handitu zen, eta batez besteko tasa metatua % 1,7 izan zen. Gainerako Erakunde Publikoak izeneko multzoak, besteak beste Euskal Herriko Unibertsitatea, Fundazioak, Elkarte publikoak eta abar biltzen dituenak, pisu erlatibo txikiena izan arren, batez besteko aldakuntza metagarri handiena izan du, % 3,4ko hazkundearekin. Bigarrenik, ehunekotan, Foru Aldundien hazkundea erregistratu da, % 2,5 batez besteko tasa metatuan (1.085 pertsona gehiago), eta, ondoren, Toki Erakundeena, % 1,5eko hazkundearekin (+1.577 pertsona). Eusko Jaurlaritzan lan egiten duten pertsonen kopuruak ere gora egin du aldi horretan; batez besteko tasa metatua % 1,4 izan da, eta 4.985 pertsona gehiago.
Lurraldeka, Bizkaiak enplegatutako pertsona guztien % 48,8 hartzen ditu, Gipuzkoak % 29,7 eta, azkenik, Arabak gainerako % 21,5a, 2018koaren aldean aldaketa gutxiko banaketa.
Ohar metodologikoa: Direktorioaren esparruan Administrazio Publikoak dira: Euskal AEko Administrazio Orokorra, Foru Aldundiak eta Udalak, eta baita ere Erakunde Autonomiadun Administratiboak, Erakunde Publikoak, Sozietate Publikoak, Fundazioak eta haien menpeko Irabazi Asmorik Gabeko Erakundeak. Barne daude % 50eko edo gehiagoko parte-hartze publikoa duten erakunde guztiak, hala administrazio bakar batenak nola zenbaitenak.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62