2020/12/30eko prentsa-oharra
BERRIKUNTZAREN INKESTA. 2019
Euskal AEko enpresen % 18,2 berritzaileak izan ziren 2019an, eta kopurua % 30,8ra iritsi zen 10 enplegatu eta gehiagokoetan
Jarduera berritzaileetako guztizko gastua % 2,4 hazi da, 2.895 milioi eurora iritsita
2019an 10 enplegatu edo gehiagoko enpresa berritzaileen ehunekoa % 30,8ra iritsi da Euskal AEn, aurreko urtean baino 0,7 puntu gehiago, Eustaten datuen arabera. Aztertutako bi berrikuntza-motei so eginez gero, Produktuko berrikuntza % 21,3k egiten dute, eta Prozesuko berrikuntza % 27,3k. Espainian, 10 enplegatu edo gehiagoko enpresa berritzaileen ehunekoa % 20,8koa da, Euskal AEn baino ehuneko 10 puntu txikiagoa.
Enpresa guztiak kontuan hartuta, Euskal AEn enpresa berritzaileak % 18,2 izan ziren 2019an, 2018an baino 0,9 puntu gehiago. % 10,3 Produktuko berrikuntzan eta % 15,8 Prozesuko berrikuntzan.
Euskal AEko enpresek berrikuntza-jardueretan egindako gastuak 2.895 milioi euro izan ziren 2019an, % 2,4ko hazkundearekin. Jarduera horietan, barneko I+Gko gastua % 51,2 da, I+Gko Erosketa (kanpoko I+G) % 15,3 eta Bestelako berrikuntza-jarduerak (*) gainerako % 33,5a.
Enpresa berritzaileen % 25,9k finantzaketa publikoa jasotzen dute berrikuntza-jardueretarako
Enpresa berritzaileek finantzaketa publikoko laguntzak jaso ditzakete berrikuntza-jardueretarako erakunde publiko baten edo gehiagoren aldetik. Hala, enpresa horien % 25,9k mota horretako finantzaketa publikoa jaso zuten. Jatorria aztertuz gero, Eusko Jaurlaritzatik datozenak nabarmentzen dira, enpresa berritzaile guztien % 17,3ra baitoaz. Foru-aldundiek eta toki-administrazioek enpresa horien % 9,3 eta % 6,1 finantzatzen dituzte, hurrenez hurren. Estatuko Administrazioak Euskal AEko enpresa berritzaileen % 6,1 laguntzen ditu; aldiz, enpresen % 4,2k Europar Batasunaren finantzaketa jasotzen dute Horizon 2020 programaren bidez, eta % 2,7k EBren beste finantzaketa baten bidez.
10 enplegatu edo gehiagokoen kasuan, % 53,5ek laguntza publikoak jasotzen dituzte, eta berrikuntza-jardueretan gastuak dituzten tamaina horretako enpresen kopuru handiena, zehazki % 41,8, Eusko Jaurlaritzak ere finantzatzen du. Foru-aldundiek eta toki-administrazioek % 23,0 eta % 9,5 finantzatzen dituzte, hurrenez hurren, eta Estatuko Administrazioak 10 enplegatu eta gehiagoko enpresen % 19,8 finantzatzen ditu. Bestalde, Europar Batasunak Horizon 2020 programaren bidez % 10,2 finantzatzen ditu, eta, beste finantzaketa-mota baten bidez, % 7,7.
Enpresen erdiek baino gehixeagok, % 55,8k, uste dute badirela jarduera berritzaileak egitea eragozten duten faktoreak
Enpresen % 55,8k uste dute berrikuntza zailtzen duten faktore jakin batzuk daudela. Faktore horien artean honako hauek daude: "Enpresaren barruan beste lehentasun batzuk daude", % 42,4k; "Kostu handiegiak", % 34,8k; "Lehia gehiegi dago merkatuan", % 28,2k; "Ziurgabetasuna ideia horien merkatuko eskariari dagokionez", % 27,1ek; "Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko zailtasunak", % 26,1ek; eta "Enpresaren barruko finantzaketarik eza" edo "Kanpoko iturri pribatuen finantzaketarik eza", % 24,1ek.
10 enplegatu edo gehiagoko enpresetan, jarduera berritzaileak egitea zailtzen duten faktoreak daudela uste dutenen ehunekoa % 64,1era igotzen da, eta aurreko eragozpen berak nabarmentzen dira.
Produktu berritzaileek beren enpresetako negozio-zifraren % 38,9 sortzen dute
Produktuko berrikuntza duten enpresetan, negozio-zifra osoaren % 38,9 produktu berritzaileetatik dator; aldatu gabeko produktuak edo pixka bat aldatutakoak, berriz, gainerako % 61,1a dira.
10 enplegatu edo gehiagoko enpresetan ehuneko horiek zertxobait aldatzen dira, eta kasu horretan % 38,0koa da produktu berriek edo nabariki hobetuek negozio-zifraren gainean duten batez besteko eragina.
Ohar metodologikoa
2018tik aurrerako Berrikuntzaren Inkesta 2018ko Osloko Eskuliburuaren bertsio berriarekin egiten da. Horrek dakar ezen urte horretatik aurrera seriea hautsi egin dela metodologia-aldaketaren ondorioz. Horregatik, 2018an eta 2019an argitaratutako datuak ezin dira alderatu aurreko urteetan argitaratutakoekin.
(*) Bestelako berrikuntza-jarduerak: berritzeko asmoz egin daitezkeen enpresaren jarduerak jasotzen ditu, sei kategoria hauetan:
1. Ingeniaritza, diseinua eta sormenezko beste jarduera batzuk.
2. Marketina eta marka sortzea.
3. Jabetza intelektualaren eskubideekin lotutako jarduerak.
4. Langileen prestakuntzarekin lotutako jarduerak.
5. Softwarea garatzea eta datu-baseen lanarekin lotutako jarduerak.
6. Ondasun ukigarriak eskuratzearekin edo alokatzearekin lotutako jarduerak.
Oharra: Eustatek eskerrak eman nahi dizkie estatistika hau egiten lagundu duten enpresa eta erakunde guztiei, zirkunstantziak gorabehera egindako ahaleginagatik. Haien laguntzarik gabe, ez litzateke posible izan.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62