2021/01/08ko prentsa-oharra
INDUSTRIA-PRODUKZIOAREN INDIZEA. 2020KO AZAROA
Euskal AEko industria-jarduerak % 7,4 egin zuen behera 2020ko azaroan
Aurreko hilarekin alderatuta –2020ko urria–, industria-produkzioaren indizeak hileon ez du aldakuntza esanguratsurik izan (% 0,0)
Euskal AEko industria-produkzioak % 7,4 egin zuen behera 2020ko azaroan, aurreko urteko hil beraren aldean, lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, Eustatek emandako datuen arabera. Ondoz ondoko urte arteko bederatzigarren tasa negatiboa da (2020ko martxotik).
Azaroa 2020ko urriarekin alderatuta, Euskal AEko industria-produkzioak, urtaroen eraginik gabe, ez du aldakuntza esanguratsurik izan (% 0,0).
2020ko lehen hamaika hilen balantzearen itxieran industria-jardueraren uzkurdura metatua % 13,9koa izan da.
2020ko azaroko indizearen bilakaera 2019ko azaroaren aldean negatiboa izan da industria-sektore handi guztietan. Energiak % 9,6 egin du behera, eta bertan sartzen dira, besteak beste, energia elektrikoaren hornidura eta petrolio-fintzea. Urte arteko % 6,3ko beherakada izan dute Tarteko ondasunek; haien artean daude metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa. Ekipo-ondasunek % 6,2ko beherakada izan dute. Haien artean honako hauek nabarmendu behar dira: motordun ibilgailuen fabrikazioa; lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza, eta eraikuntza aeronautikoa eta ontzigintza. Azkenik, Kontsumo-ondasunek, oro har, % 5,2 egin dute atzera.
Azken horien artean, % 5,9 egin dute behera Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek, eta % 2,6 Kontsumo-ondasun iraunkorrek. Honako hauek dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruan sartzen diren jarduerak: elikagaien fabrikazioa, prozesatua eta kontserbazioa; garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa, eta janzteko arropen jantzigintza. Kontsumo-ondasun iraunkorren epigrafean, bestalde, altzarien eta etxeko aparatuen fabrikazioaren jarduerak daude.
Hil arteko aldakuntzak, urtaroen ondorioak zuzendu ondoren, ez du zeinu negatiborik erakusten industria-sektore handietako batean ere. Hala, Energiak % 10,2 egin du gora, eta Ondasun-ekipoek, % 0,3. Kontsumo-ondasunetan, oro har, % 0,1 handitu da ekoizpena, Kontsumo-ondasun iraunkorrek % 3,1 egin baitute gora, eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek % 0,6 egin baitute behera. Tarteko ondasunek, bestalde, ez dute aldakuntzarik izan (% 0,0) azaroan, 2020ko urriaren aldean.
Maila bereiziagoan, Euskadiko industrian pisurik gehien duten sektoreen artean, 2020ko azaroan urte arteko aldaketetan portaera positiboa izan duen bakarra Kautxua eta plastikoa izan da, % 1,2 egin baitu gora ekoizpenean. Beherakada handienak izan dituzten sektore pisutsuenak, berriz, egutegiaren ondorioak zuzendu ondoren, honako hauek izan dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 14,4 egin du behera); Metalurgia eta produktu metalikoak (% 10,6 egin du behera) eta Elikagai, edari eta tabakoaren industriak (% 9,6 egin du behera).
Lurralde historikoen arabera, azaroan industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiru lurraldeetan. Hala, Bizkaian % 10,1 egin du atzera ; Gipuzkoan, % 5,9, eta, azkenik, Araban, % 5,3.
Hilen arteko terminoetan, 2020ko azaroa 2020ko urriaren aldean, eta urtaroengatiko ondorioak atera ondoren, honako hau ikusi da: Bizkaian ekoizpenak % 1,1 egin du gora. Araban, berriz, % 1,3 egin du behera eta Gipuzkoan, % 0,3.
INFORMAZIO-OHARRA
Egutegiaren eta serieen desestazionalizazioaren eraginak zuzentzeko erabilitako ereduek COVID-19ak aztertutako aldagaien gainean izandako eragina jaso dute, Europar Batasuneko Bulego Estatistikoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis ohar metodologikoan emandako gomendioei jarraikiz.
Eustat-ek eskerrak eman nahi dizkie elkarlanean jardun duten establezimendu guztiei, egin duten ahaleginagatik, egoerak ezohikoak izan badira ere. Haiei esker, azaroko indizea laginaren % 90,87ko estaldurarekin kalkulatu da –haren informazioa abenduan jaso da–.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62