2020/12/28ko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENTU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. APARTAMENTU TURISTIKOAK ETA OROTARAKOAK. 2020KO AZAROA
Euskal AEko turismo-establezimendu itxien kopurua guztirakoaren % 34 izan da azaroan, urrian baino ehuneko 15,2 puntu gehiago
Erregistratutako sarrerak eta gaualdiak % 80 inguru jaitsi dira inkestan sartutako turismo-establezimenduen guztizkoan
2020ko azaroan, establezimendu turistiko hartzaileen (hotel-establezimenduak, landetxeak eta apartamentu turistikoak) % 34 itxita egon dira hileko egun guztietan, Eustatek landutako datuen arabera. Lurraldekako bilakaera antzekoa izan da: Gipuzkoan % 35,4, Bizkaian % 34,2 eta Araban % 29,4.
Erregistraturiko sarrera eta gaualdiei doakienez, azken azaroan % 82,1 eta % 77,6 egin dute atzera, hurrenez hurren, aurreko urteko aldi beraren aldean.
Lurraldeka, Gipuzkoan izan da urte arteko jaitsierarik handiena azaroan, % 84,4 sarrera eta % 82,8 gaualdi gutxiagorekin 2019ko azaroaren aldean. Bizkaian % 82,2 jaitsi dira sarrerak eta % 76,8 gaualdiak. Araba izan da urte arteko konparazioan atzerapen txikienak izan dituen lurraldea, sarrerak % 75,5 jaitsi baitira, eta gaualdiak % 66,3.
Eskainitako plazen araberako betetze-maila 2019ko azaroko % 43,2tik azken azaroko % 12,7ra jaitsi da, hau da, ehuneko 30,5 puntu gutxiago. Batez besteko egonaldia, aldiz, igo egin da aurreko urteko azaroaren aldean: 1,96 egunetik 2,46ra.
2020ko azaroan, Euskal AEko turismo-apartamentuetako sarrerak % 73,1 jaitsi dira, eta gaualdiak % 36,4
Apartamentu turistikoei dagokienez, 2020ko azaroan 1.601 sarrera eta 13.618 gaualdi izan dituzte. Zifra horien arabera, 2019ko azaroaren aldean % 73,1 jaitsi dira sarrerak eta % 36,4 gaualdiak. Estatutik etorritako sarrerak % 69,6 jaitsi dira, eta atzerritik etorritakoak % 85,6. Gaualdien kasuan, % 36,2 jaitsi dira Estatukoak, eta % 37 atzerrikoak.
Lurraldekako bilakaera ez da uniformea izan. Araban sarrerak % 49,5 jaitsi dira, eta gaualdiak % 19,9, 2019ko azaroaren aldean. Bizkaian urte arteko jaitsiera % 74,7koa izan da sarreretan eta % 41,3koa gaualdietan; azkenik, Gipuzkoan % 80,2 jaitsi dira sarrerak eta % 46,4 gaualdiak.
Euskal AEko apartamentu turistikoetako batez besteko egonaldia 8,51 egunekoa izan da 2020ko azaroan, 2019ko azaroko 3,59 eguneko batez besteko egonaldia gaindituz.
Lurraldeka, Araba nabarmentzen da batez besteko egonaldi luzeenarekin, 2020ko azaroan 12,38 egunera iritsita (2019ko azaroan 7,81 egunekoa izan zen). Haren atzetik Gipuzkoa dago, 8,64 eguneko batez besteko egonaldiarekin (3,19 egunekoa aurreko urteko hilabete berean), eta, azkenik, Bizkaia, non batez besteko egonaldia 6,16 egunekoa izan den azaroan, 2019ko azaroko 2,66 eguneko egonaldia gaindituta.
Euskal AEko apartamentu bakoitzeko betetze-maila % 32,9koa izan da 2020ko azaroan, urte arteko ehuneko 24,1 puntuko atzerakadaren ondoren. Lurraldeka, Araban % 59,4koa izan da (2019ko azaroan baino 5 puntu gutxiago), Bizkaian % 37,2koa (ehuneko 14,6 puntuko beherakadaren ondoren) eta, azkenik, Gipuzkoan, apartamentu bakoitzeko betetze-maila % 19,5eraino jaitsi da (aurreko urteko hilabete berean baino ehuneko 35 puntu gutxiago).
Oharra. Eustatek eskerrak eman nahi dizkie inkesta honetan parte hartu duten establezimendu guztiei, aparteko zirkunstantziak gorabehera egindako ahaleginagatik. Haiei esker, COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek sektorean izan dituzten ondorioak kuantifikatzeko aukera ematen duen informazio hau zabaldu ahal izan da.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: Tlf.: 945 01 75 62