2021/02/08ko prentsa-oharra
JAIOTZEN ESTATISTIKA. III/2020
Jaiotzek beheranzko joerarekin jarraitzen dute, % 5,9 jaitsi baitira 2020ko hirugarren hiruhilekoan
Ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztien % 47 izan ziren
2020ko hirugarren hiruhilekoan, Euskal AEn 3.874 haur jaio ziren, aurreko urteko aldi berean baino % 5,9 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Araban izan da jaitsierarik handiena, 638 haur jaio baitziren, aurreko urteko hiruhileko berean baino % 8,9 gutxiago; Bizkaian 1.891, % 6,2 gutxiago; Gipuzkoan 1.345, % 4,1 gutxiago.
Ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztizkoaren % 47 izan ziren, 2019ko hiruhileko berean erregistratutako % 45,1 baino gehiago dena.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 1.963 haur (% 50,7) lehenengo seme-alabak izan ziren, 2020ko udako hilabeteetan; 1.402 (% 36,2) beste seme edo alaba bat zegoen familietara iritsi ziren, eta % 13,1 hirugarren edo ondorengo ordenakoak izan ziren.
10 ametatik 8k 30 urte baino gehiago zituzten
Jaiotzak amaren adinaren arabera banatuz gero, 30-34 urte artekoak dira nagusi oraindik ere, multzo horretan erditzeen % 34,8 izan baitziren. Ondoren, hurrengo goragoko multzoa dago, hau da, 35-39 urte artekoa (% 33,8rekin). 25-29 urtekoen multzoan erditzeen % 13,4 daude, eta 25 urtetik beherakoenean % 6,6. Azpimarratu behar da ezen 40 urte edo gehiagoko emakumeen multzoan erditzeen % 11,4 direla.
Amen batez besteko adina 33,4 urtekoa da, aurreko urteko hiruhileko berekoaren antzekoa, eta aldeak daude ezkondutako amen (33,8 urte), ezkongabeen (32,8 urte) eta dibortziatuen (37 urte) artean.
Apur bat gora egin du atzerriko amen ehunekoak
2020ko uztailean, abuztuan eta irailean Euskal AEn ama izan ziren emakumeak atzerritarrak izan ziren jaiotzen % 27,6tan, aurreko urteko aldi bereko % 27,4 eta aurreko hiruhilekoko % 27,5 baino zertxobait gehiago. Ehuneko hori Araban gainditu zen (% 35,3); Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, atzerriko nazionalitatea zuten amen proportzioak % 25,6 eta % 26,8 izan zen, hurrenez hurren.
Amatzeko adina aldatu egiten da nazionalitatearen arabera ere. Izan ere, ama atzerritarren batez besteko adina 31,2 urtekoa izan zen, eta espainiar nazionalitateko amen batez besteko adina, ordea, 34,3 urtekoa.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62