2021/01/22ko prentsa-oharra
BIZTANLERIA JARDUERAREN ARABERA. IV/2020
Langabezia-tasa % 11,2tan da, eta biztanleria landuna % 1,5 igo da 2020ko laugarren hiruhilekoan Euskal AEn
Biztanleria landunak gora egin du zerbitzuetan, industrian eta lehen sektorean, baina behera egin du eraikuntzaren sektorean
Euskal AEko lan-merkatuaren 2020ko laugarren hiruhilekoko datuen arabera, 930.500 landun daude, aurreko hiruhilekoan baino 14.200 gehiago (+% 1,5), Eustaten datuen arabera. Urteko laugarren hiruhilekoan, Euskal AEn 116.900 langabetu daude, aurreko hiruhilekoan baino 15.100 gehiago.
Bestalde, Euskal AEko langabezia-tasa % 11,2koa da, 2020ko hirugarren hiruhilekoan baino ehuneko 1,2 puntu handiagoa. Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56,1 izan da 2020ko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta 1,6 puntu igo delarik.
Lurraldeka, eta aurreko hiruhilekoaren aldean, Araban hazi da gehien okupazioa, 6.700 landun gehiagorekin; Bizkaian 4.100 gehiago dira; Gipuzkoan, 3.500 gehiago. Hiriburuei dagokienez, Gasteizen 5.500 pertsonatan gehitu da okupazioa, Donostian 1.400 pertsonatan eta Bilbon 200 pertsonatan.
Generoari dagokionez, emakumeen artean izan da okupazioaren igoerarik handiena, aurreko hiruhilekoan baino 12.500 landun gehiago izan baitira; gizon landunak, berriz, 1.700 gehiago izan dira.
Nazionalitateari dagokionez, Espainiako nazionalitatea duten pertsona landunak 10.500 gehiago dira, eta atzerriko nazionalitatea dutenak 3.700 gehiago.
Okupazioa batez ere zerbitzuetan hazi da
Euskal AEko zerbitzuen sektorean 13.800 landun gehiago daude, industrian 1.200 gehiago eta lehen sektorean 100 gehiago; eraikuntzan, aldiz, 800 landun gutxiago daude.
Okupazio-tasa, 16-64 urteko landunen ehunekoa adin horien guztizkoarekiko, ehuneko 1,2 puntu igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 66,9tan kokatu da. Tasa hori % 69,3koa da gizonen artean, eta % 64,5ekoa emakumeen artean.
Amaitutako ikasketa-mailari dagokionez, okupazio-tasa ehuneko 2,7 puntu igo da lehen mailako ikasketak eta ikasketa gutxiago dituztenen artean; goi-mailako ikasketak dituztenen artean ere okupazio-tasa igo da –ehuneko 1,3 puntu–, % 83,1era iritsiz; aldiz, bigarren mailako eta erdi-mailako ikasketak dituztenen artean ehuneko 0,2 puntu jaitsi da, eta % 57,4tan dago.
Nazionalitateari dagokionez, okupazio-tasarik altuena Espainiako nazionalitatea duten pertsonena da (% 68,5), eta atzerriko nazionalitatea dutenena, berriz, % 52,6 da.
Lurraldeetan, okupazio-tasarik altuena Gipuzkoak du, % 68,8rekin, aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko 0,9 puntu gehiago; Araba da bigarren tokian, % 68,5ekin, ehuneko 3,2 puntu gehiago; Bizkaian ehuneko 0,9 puntu igo da okupazio-tasa, eta % 65,3koa da.
4.700 gehiago dira pertsona aktibo guztiak langabezian dauzkaten familia-etxeak
2020ko laugarren hiruhilekoan gutxi gorabehera 899.900 familia-etxe daude Euskal AEn, zeinetarik herenek ez duten pertsona aktiborik; hamarretik ia seitan pertsona aktibo guztiak okupatuta daude, aurreko hiruhilekoan baino 3.600 familia gutxiago; gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familia-etxeak 36.400 dira, aurreko hiruhilekoan baino 4.700 gehiago.
2020ko laugarren hiruhilekoan % 11,2ko langabezia-tasa izan da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 1,2 puntu handiagoa
Urteko laugarren hiruhilekoan Euskal AEn 116.900 langabetu daudela zenbatetsi da, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 15.100 gehiago. Lan bila ari diren, bilatzeko kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta lanerako prest dauden pertsonak dira. Gizonezko langabeen zenbatekoak 62.600 lagun hartzen ditu, 11.500 gehiago. Emakumezkoen artean, 3.700 gehiago daude langabezian, hiruhileko honetan 54.300 guztira.
2020ko laugarren hiruhilekoko datuek % 11,2ko langabezia-tasa erakusten dute, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 1,2 puntu handiagoa. Gizonen langabezia-tasa % 11,5 da (ehuneko 1,9 puntu gehiago), eta emakumeena ehuneko 0,4 puntu igo da, % 10,8raino.
Ikasketei dagokienez, langabezia-tasaren igoerarik handiena bigarren eta erdi-mailako ikasketak amaituak dituztenen artean gertatu da, ehuneko 1,9 puntuko igoerarekin, eta langabezia-tasa % 14,1etan kokatuz; lehen mailako ikasketak eta gutxiago amaitu dituztenen artean, berriz, 1,2 igo da, eta % 14tan kokatu da; azkenik, goi-mailako ikasketak amaitu dituztenen artean, langabezia-tasa ehuneko 0,7 puntu igo da, % 7,2raino.
Nazionalitateari dagokionez, 11.700 langabe gehiago daude espainiar nazionalitateko pertsonen artean, 87.900 orotara. Atzerriko nazionalitatea dutenen artean, 3.500 langabetu gehiago daude, 29.000 langabe orotara.
Lurraldeen arabera, Gipuzkoan igo da gehien langabezia, 9.400 langabetu gehiagorekin, eta langabezia-tasa ehuneko 2,5 puntu igo da, % 9,4ra iritsiz. Bizkaian 68.300 langabetu daude, 7.600 gehiago, eta langabezia-tasa 1,2 puntu igo da, % 12,6raino. Araban 1.900 langabetu gutxiago dago, eta langabezia-tasa % 10,1etan dago, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 1,6 puntu gutxiago.
Hiriburuei dagokienez, Donostian eta Bilbon 2.700 eta 2.500 langabetu gehiago daude, hurrenez hurren, eta Gasteizen, aldiz, 1.700 gutxiago.
EUROSTATen arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2020ko azaroan, urtaro-eraginik gabeko langabezia-tasa % 7,5ekoa izan da Europar Batasunean, eta % 16,4koa Espainian.
Azken urtean, landunen kopurua % 2 jaitsi da, eta langabezia-tasa % 9,5etik % 11,2ra igo da
Euskal AEko biztanleria landuna % 2 jaitsi da 2019ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta langabezia-tasa ehuneko 1,7 puntu igo da (% 9,5etik % 11,2ra); beraz, 17.400 pertsona sartu dira langabezia-egoeran Euskal AEn, 2019ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta.
Hiruhilekoko batez besteko afiliatuen % 98,6 lanean ari dira, LANEren irizpidearen arabera
Kalkuluen arabera, Euskal AEn 866.000 hiruhilekoko batez besteko afiliatu daude, hau da, inkesta egin den unean Euskal AEn bizi diren eta Gizarte Segurantzan afiliaturik dauden pertsonak. Horietarik % 98,6 landunak dira Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) irizpideen arabera, BJAk erabiltzen dituenak, hau da, 853.700 pertsona.
BJAren LANE landunen % 7,1 (65.900 pertsona) ez daude Gizarte Segurantzan afiliatuak, ez daudelako Euskal AEn kokatutako enpresetan, funtzionarioen mutualitate publikoetakoak direlako edo bestelako egoera batzuetan daudelako.
Langabeen % 31,7 ez daude langabe gisa erregistratuak Lanbiden
Euskal AEn, hiruhilekoko batezbestekoan eta Lanbiden erregistraturik, 110.300 langabe daudela zenbatesten da; alegia, Euskal AEn bizi eta inkestaren garaian Lanbiden erregistratuta langabe kategoriaren batean. Haietarik % 66,6 langabeak dira LANEren definizioaren arabera (73.500 pertsona). BJAren LANE langabeen artean, % 31,7 ez daude langabe gisa erregistratuta Lanbiden (37.000 pertsona), baina enplegu-eskatzaileen beste kategoria batzuetan egon daitezke.
COVID-19aren eragina Euskal AEko lan-merkatuan
2020ko laugarren hiruhilekoko biztanleriaren datuak jarduerari dagokionez COVID-19ak eta Administrazio Publikoek jarduera murrizteko ezarritako neurriek baldintzatu dituzte.
Biztanleria landunari edo okupazio-tasari dagokionez lortutako zifrak zenbait baliabideren erabilera masiboaren baldintzapean daude, hala nola enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak (EABEE), jarduera aldatzen dutenak, baina ez nahitaez biztanleriaren izaera jarduerari dagokionez. Izan ere, EABEE egoeran dauden eta erreferentziako astean lan egiten ez duten pertsona gehienek (% 98,5) lanean jarraitzen dute, 3 hilabete baino lehen lanean hasteko asmoa dutelako edo soldataren % 50 baino gehiago kobratzen jarraitzen dutelako. Beste tresna aringarri batzuek autonomoei eragiten diete, baina ez dute jarduerarekin duten harremana aldatzen, nahitaez.
BJAk, inkesta jarraitua denez, hilabeteen araberako azterketa egiteko aukera ematen du, baita ere laugarren hiruhilekoan lagina modu homogeneoan banatzen den 13 asteen araberakoa. Horrek, biltzen duen informazio kopuruarekin batera, informazio gehigarria lortzea ahalbidetzen digu, Euskal AEko lan-merkatuaren egoeraren diagnostiko hobea egiteko. Inkestaturiko pertsona bakoitzaren lan-egoerari buruz bildutako informazioa lagin-diseinuaren arabera dagokion astekoa da.
Laugarren hiruhilekoan erreferentziako astean lan egiten ez duen biztanleria landunaren ehunekoa 4,6 puntu handiagoa da 2019ko laugarren hiruhilekoan baino
2020ko laugarren hiruhilekoan, zenbatesten da Euskal AEn 34.400 landun daudela EABEE egoeran: 5.900 Araban, 16.900 Bizkaian eta 11.600 Gipuzkoan.
Erreferentziako astean lanik egin ez duten pertsona landunen ehunekoaren bilakaeraren azterketak emaitza esanguratsuak erakusten ditu. Urteko laugarren hiruhilekoan, ehuneko hori aurreko urteetako hiruhileko beretan baino handiagoa da: azken urteetan % 8,1 eta % 10,9 artekoa zen, eta 2020ko laugarren hiruhilekoan, berriz, % 15,5ekoa.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62