2021/02/18ko prentsa-oharra
OSASUNAREN PANORAMA. 2021
Euskal AEn emakumeek gizonek baino bizimodu osasungarriagoak dituzte, ariketa fisikoa izan ezik
Tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa eta osasunerako arriskutsuak diren beste jokabide batzuk murriztu egin dira
Euskal AEn bizi diren emakumeek gizonek baino bizimodu osasungarriagoak dituzte, ariketa fisikoaren praktika izan ezik, eta jaiotzean duten bizi-itxaropena gizonena baino 6 urte luzeagoa da.
Datu horiek, besteak beste, 2021eko "Osasunaren Panoraman" jasotzen dira, Eustatek argitaratzen duen hirugarrena dena, osasunari buruzko informazio estatistiko garrantzitsuena laburbiltzeko helburuarekin. Sei gai-arlotan egituratzen da: osasun-egoera, bizi-ohitura osasungarriak, prebentzio-praktikak, osasun-arazoei eman beharreko arreta, laguntza-baliabideak eta osasunean egindako gastua.
Desgaitasunik gabe bizi izandako urteetan bizi-itxaropena ere handiagoa da Euskal AEko emakumeen artean, baina aldea 2 urtera murriztu da
Jaiotzako bizi-itxaropena 80,8 urtekoa da gizonen artean eta 86,4koa emakumeen artean, Euskal AEn, 2019an. Balio horiek EB-28ko batezbestekoaren gainetik daude. Bizi-itxaropenaren aldea etengabea izan da denboran emakumeen mesederako, baina murriztu egin da azken urteetan, 2019an 5,8 urtera iritsi arte.
Desgaitasunik gabe bizi izan diren urteetan, generoen arteko aldea txikiagoa da: 72,8 urte emakumeek eta 70,5 gizonek.
Bizi-kalitatea neurtzerakoan, osasunari dagokionez, mina eta/edo ondoeza da dimentsioa zeinetan hala emakumeek (% 33) nola gizonek (% 24) arazoren bat sarrien adierazten duten. Atzetik datoz antsietatea eta depresioa, mugikortasun-arazoak eta eguneroko jarduerak egiteko zailtasuna. Depresioaren edo antsietatearen sintomak, aurreko aldiekin alderatuta jaitsi egin direnak, ohikoagoak dira emakumeen artean (% 17) gizonen artean baino (% 9), eta zahartzaroarekin areagotu egiten dira.
Gaixotasun kronikoek ere gehiago eragiten diete emakumeei (% 46) gizonei baino (% 42). Adinekoek edukitzeko arrisku handiagoa dute; izan ere, 75 urte eta gehiagokoen % 93k pairatzen dute horietako bat. Hipertentsioa eta kolesterol altua dira arrisku kardiobaskularreko faktore nagusiak, eta horiek dira arazo kroniko ohikoenak.
Osasun ona duten pertsonen artean normalak diren jarduerak egiteko muga kronikoa ohikoagoa da emakumeen artean (% 11) gizonen artean baino (% 9), eta nabarmen handitzen da adinarekin batera, 75 urte eta gehiagoko 3 pertsonatik ia 1i eragiten baitio.
Murriztu egin dira tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa eta osasunerako arriskutsuak diren beste jokabide batzuk; emakumeek gizonek baino bizimodu osasungarriagoak dituzte, jarduera fisikoa egitean izan ezik
2013 eta 2018 artean, tabakismoa % 22 murriztu da, gehiago emakumeen artean (% 25) gizonen artean baino (% 19). Gizonen % 20 eta emakumeen % 14 ohiko erretzaileak dira. Gizonen tabakismoaren prebalentziak emakumeena gainditzen du adin-talde guztietan.
Arrisku handiko alkoholaren kontsumoa, epe luzera, % 29 murriztu da 2013tik 2018ra, eta gehiago murriztu da gizonen artean (% 32) emakumeen artean baino (% 25). Alkoholaren kontsumoa ohikoagoa da gizonen artean (% 17) emakumeen artean baino (% 11).
Gero eta pertsona gehiagok egiten dute jarduera fisiko osasungarria: gizonen % 80k eta emakumeen % 74k, eta jarduera fisikoa egiten duten emakumeen proportzioak gora egin duen arren, oraindik ere gizonena baino txikiagoa da adin-talde guztietan.
Euskal AEko biztanleriak gero eta denbora gehiago ematen du lotan, duela 5 urte baino 14 minutu gehiago (2013. urtea), hau da, batez beste 9 ordu eta 6 minutu, osasun onaz gozatzeko gomendagarriak diren eguneko 7-8 orduen gainetik.
Gaixotasun kardiobaskularren arriskua murriztera bideratutako prebentzio-praktikak 75 urte eta gehiagoko pertsonen % 90era hedatu dira, zeina den gaixotasun horiek izateko arrisku handiena duen taldea
Gripearen ondorioz hiltzen diren pertsonen % 92k 60 urte dituzte gutxienez; hala ere, gripearen aurkako txertoaren estaldurak behera egin du azken urteotan 65 urte eta gehiagokoen artean. 2018an, 65-74 urteko pertsonen erdiek baino zertxobait gehiagok jarri zuten gripearen aurkako txertoa (% 58 gizonak eta % 55 emakumeak), baina proportzio hori % 79ra igotzen da 75 urte eta gehiagoko biztanleen artean, taldea zeinetan alderik handiena baitago gizonen eta emakumeen artean txertaketari doakionez (% 82 eta % 77, hurrenez hurren).
Aitzitik, areagotu egin dira hipertentsio arteriala, kolesterol altua eta diabetesa (arrisku kardiobaskularreko faktoreak) kontrolatzeko prebentzio-praktikak. Besteak beste, tentsio arterialaren kontrola, kolesterol-mailaren neurketa eta odoleko azukre-maila. Estaldura nabarmen handitzen da adinarekin; hala, 15 urte eta gehiagokoen artean 10 pertsonatik ia 7 da batezbestekoa, baina 75 urte eta gehiagokoen artean 10etik 9ra iristen da.
Minbizia goiz detektatzeko programei dagokienez, umetoki-lepoko minbizia detektatzeko proban parte hartzen dutenen kopuruak gora egin du, eta bularreko minbizia detektatzeko proban, berriz, behera egin du zertxobait: 50 eta 69 urte bitarteko emakumeen % 82k mamografia bat egin zuten azken bi urteetan, eta % 85ek, berriz, 2013an. Era berean, estaldura handitu egin da koloneko minbizia goiz detektatzeko programan: hartan parte hartzeko gutuna jaso zuten 50-69 urte bitarteko pertsonen % 89k lagina entregatu zuten gorozkietan ezkutatutako odola analizatzeko (% 82k 2013an).
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62